Goyak egindako hiru erretratu ezezagun atera dituzte argitara

Francisco de Goya artistaren plazaratu bako hiru artelan zaharberritu, eta erakusketa osatu du Bilboko Arte Ederren Museoak. Erretratuak irailera arte egongo dira ikusgai

Ezker-eskuin, Unai Rementeria, Bibiñe Belaustegigoitia eta Miguel Zugaza, atzo, Bilboko Arte Ederren Museoan egindako agerraldian. MARISOL RAMIREZ/FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2019ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Ehunka aldiz erretratatu zituen Francisco de Goya (Fuendetodos, Espainia 1746-Bordele, Frantzia 1828) pintoreak aristokraziako kideak, errege-erreginak eta haien familiako kideak. Bere burua ere sarritan irudikatu zuen zenbait margolanetan, eta erregearen ganberako margolari ere izendatu zuten. Asko izan dira museoetan eskegi diren artistaren obrak, eta ugariak eregordailu anonimoetan hautsa hartzen dirautenak. Halaxe zeuden, hain zuzen, 1937az geroztik Adan de Iarza sendiari Goyak eginiko hiru erretratuak. Orain, Bilboko Arte Ederren Museoak jabeekin egindako akordio bidez, hiru margolanak aztertu, zaharberritu eta ikusgai jarri dituzte, museokoW war aretoan. Maria Ramona de Barbachano, Antonio Adan de Iarza eta Bernarda Tavira ageri dira irudietan, eta bisitariek irailera bitarte izango dute plazaratu gabeko margolanak bertatik bertara ikusteko aukera. Zubietako Goyak. Adan de Yarza familiaren erretratuak izenpean antolatu dute erakusketa.

Miguel Zugaza Arte Ederren Museoko zuzendariak azaldu du margolanak ikusteko aukera «historikoa» izango dela, eta margolanak aztertu eta zaharberritzeko lanak informazio asko jasotzea ahalbidetu diela. «Istorio asko biltzen ditu erakusketa honek. Erretratuei esker familia honen, historia garaikidearen eta margolanen istorioak ezagutu ditugu».

Bada, irudien aurreneko aipamena 1916. urtean egin zuten Aureliano de Beruete eta Moret historialariek, Goyaren obrari eskainitako bi liburutan; eta, 1930. urtean, berriz, erretratuen lehenbiziko argazkiak argitaratu ziren ABCren Blanco y Negro aldizkarian. Ia mende bateko esperoaren ondoren heldu da artelanak aurrez aurre ikusteko parada.

Erakusketa soila dela eta, gertakariaren garrantzia azpimarratu nahi izan du zuzendariak. «Sendiaren keinu eskuzabal honi esker, artelan hauek berreskuratu ahal izan ditugu, berriz aberrira ekarri ditugu». Bide luzea egin dute margolanek denboran eta espazioan, publikoan plazaratu arte.

Erbestetik aberrira

Goyak 1788-1789 urte bitartean erretratuak margotu ondoren, 1794. urtetik aurrera, Adan de Iarza familiarena den Zubietako Jauregian (Ispaster, Bizkaia) zintzilikatu zituzten koadroak, 1937. urtera arte. Urte hartan piztu zen 36ko gerra zela medio, Eusko Jaurlaritzak erretratuak jauregitik ateratzea erabaki zuen, margoak babesteko. Uribitarteko kaiko (Bilbo) gordailura lekualdatu zituzten, eta handik urtebetera Frantziara erbesteratu zituen lanak Jaurlaritzak. Gaur arte mantendu dira ezkutuan lanak, familiaren jabetzapean. Bibiñe Belaustegigoitiak —Jose Maria Solano Gil Delgadoren alargunak— izan du familia bizkaitarraren izenean museoari artelanak ematearen ardura.

Gordeta egon dira lanak, beraz, orain arte, baina ez dira inolaz ere hondatu. Izan ere, Jose Luis Merino Gorospe museoko zaharberritze arduradunak azpimarratu du erretratuak kontserbazio egoera «bikainean» aurkitu dituztela. Harrituta, zehaztapena eman du ondoren: «Aurretiaz ukitu gabeko margolanak dira. Oso ezohikoa da inoiz zaharberritu bako Goyaren margolanak aurkitzea». Araztasunari zor dio Merinok koadroen egoera ona.«Zikinkeria geruza mardula salbu, koadroak egoera ezin hobean zeuden».

Publikoki inoiz aurkeztu ez badira ere, 1990eko hamarkadan izan zuen Juliet Wilson-Bareau arte aditu britainiarrak margolanak bertatik bertara ikusteko aukera. Wilson-Bareau izan zen artelanak sorterrira bueltatzen tematu zen lehenengoa. Orain bete du asmoa. Artelanak publikoan agertzeaz gain, ikerketa lan sakona egin ahal izan baitu. Zenbait ondoriotara iritsi da: «Goyak ikaragarrizko errespetuz margotzen zituen pertsonaiak, norbanako bakoitzaren izaera azaleratu zuen». Izan ere, Adan de Iarza familiaren koadroen kasuan uste du «itxuraren atzeko naturaltasuna» ikusarazi duela artistak. Wilson-Bareauk dio gizarteko goi klaseko kide izanda ere Goyak uniforme gabe agertu zituela, naturaltasunaren izenean.

Diziplina askotako taldea aritu da margolanak ikertzen, eta Xabier Bray arte espezialista izan du kide Wilson-Bareauk. 2017ko abenduan abiatu zuten ikerketa, eta Brayk dio koadroengandik jaso duten informazioa oso ugaria dela. «Margolanak aztertuz, Goyaren ibilbidean kokatu ahal izan ditugu erretratuak, eta beste batzuekin konparatzeko aukera ere izan dugu». Liluratuta agertu dira adituak Goyaren gainerako lanekin topatu dituzten antzekotasunekin. Brayk azaldu du, elementu zehatzei erreparatuz, artistaren obraren testuingurua hobeto ezagutu ahal izan dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.