Euskara

Kulturalki aberasteko grina

Nazioarteko 25 ikasle euskara ikasten hasi dira Deustuko Unibertsitatean, Donostian. Hilabete daramate ikasten, eta, diotenez, «esperientzia aberasgarria» izaten ari da.

Euskara ikasten hasi diren nazioarteko ikasleak. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Nagore Arin.
Donostia
2019ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Mexiko, Brasil, Uruguai, Txina eta Alemania; bost herrialde, bost errealitate eta bost gazte. 20 eta 22 urte artean dituzte, lehen aldiz etorri dira Euskal Herrira, eta Deustuko Unibertsitatean ikasten ari dira, Donostian. Gradu bat ikasten aritzeak batzen ditu, baina ez horrek bakarrik; euskara ikasten hasi dira duela hilabete; haiekin batera, beste hogei ikasle.

Guilherme Lima, esaterako, brasildarra da, eta komunikazioa ikasten ari da unibertsitatean: «Brasilen portugesa hitz egiten da, eta orain gutxi arte ez nekien gaztelaniaz hitz egiten, baina ikasi egin dut; beraz, euskara ere ikasiko dut», adierazi du. Haren hitzetan, «aukera aparta» da, ez bakarrik euskara ikasteko, baita euskal kulturaren inguruan gehiago jakiteko ere. Limarekin batera, Yan Wang txinatarra, Lily Kruse alemaniarra, Francisco Iraola uruguaitarra eta Mariana Gonzalez mexikarra ere euskara ikasten hasi dira. Euskararekin duten lehen kontaktua da; ez, ordea, euskal kulturarekin eta Euskal Herriarekin. Iraolak, esaterako, arbaso euskaldunak ditu: «Sustrai euskaldunak izanik, interesgarria iruditu zitzaidan hona etortzea. Ez nuen erreferentziarik euskarari buruz; Euskal Herriaren historiari eta euskal kulturari buruz, ordea, bai».

Gonzalezen arabera, «euskara ikastea kulturalki aberastea da». Mexikarra da, eta Euskal Herrian euskararen alde egiten den lana goraipatu du, han errealitatea bestelakoa baita: «Kolonizazioaren ondoren, jatorrizko hizkuntza ugari galdu egin ziren, eta, egun, gaztelera da nagusi. Hala ere, komunitate indigenetan hitz egiten dute oraindik».

Aurreiritziei aurre

Wangek esan zera dio:«Lagunei esan nienean euskara ikasten hasiko nintzela, esan zidaten zaila dela». Gainerakoek ere aurreiritzi horri egin behar izan diote aurre, baina, Kruseren ingurukoen kasuan, babestu egin zuten hasieratik: «Ikasteko esan zidaten guztiek, ikasten banuen jendea ulertzeko gai izango nintzela, eta aukera ederra izan zitekeela». Aurkakoa gertatu zitzaien Lima, Iraola eta Gonzalezi. Limak hau dio: «Zaila dela esan didate sarritan, beste hizkuntzekin zerikusirik ez duen hizkuntza bat dela, hizkuntza estralurtar bat dela...».

Iraolari esan zioten hobe zela frantsesa ikastea: «Esan zidaten ez zitzaidala komeni, Euskal Herrian soilik hitz egiten dela, eta hobe litzatekeela frantsesa-edo ikastea, baina ez diet jaramonik egin».

Aurreiritziak gainditu, eta ikasketa prozesuan murgildu dira bost ikasleak, gainerako hogei ikasleekin batera. Nabarmendu dutenez, «zaila da ikastea, baina ez da esaten duten bezain zaila». Limak esan duenez, «logikaren dinamikan sartzean dibertigarria suerta liteke euskara ikastea». Hilabete eskas igaro da lehenengo saiotik, baina jada praktikan jarri dituzte ikasitakoak. «Zaila da, batez ere hitz egitea; irakurtzea, berriz, ez zait hain zaila egiten, ulertzen hasten zarelako. Orain, Donostiako taberna batean egiten dut lan, eta euskarazko hitzak barneratzen ari naiz: zenbakiak, ardoaren koloreak...», azaldu du Iraolak. Gonzalezek ere nabaritu du ulertzeko gaitasuna garatzen hasi dela, baina, haren arabera, oraindik goiz da elkarrizketa «duin» bat izateko. Zailtasunak zailtasun, urrats txikiak egitea da garrantzitsuena, eta urratsek, hain justu, poztasuna eta aurrera egiteko indarra ematen diete, Kruseren arabera: «Zoragarria da ikustea denboraren poderioz hobetzen ari zarela».

Mikel Atxa da haien irakaslea, eta, aitortu dutenez, «saioak oso dibertigarriak dira»; Iraolaren arabera, «saioak erakargarriak dira: teoria eta praktika lantzen ditugu, eta euskal kulturi buruzko ikus-entzunezkoak eta jolasak ere egiten ditugu, euskara beste edukien bitartez ere ikasteko». Irakasleak euskaraz hitz egiten du saioetan, gaztelera eta ingelesa ere tartekatuz. Hala, ikasleak adi egongo direla bermatzen du, eta saioa eramangarriagoa egiten.

Ikasgela da euskara ikasteko erabiltzen duten eremua, baina hortik kanpo ere izaten dute kontaktua euskararekin. «Kalean irudiak edo iragarkiak ikusten ditudanean, euskarazko atala irakurtzen dut, eta hitzaren edo esaldiaren logika aurkitzen ahalegintzen naiz», adierazi du Limak. Gainerakoek ere aitortu dute, gauza berbera egiten dutela, eta etorkizunean euskaraz hitz egiten jarraitzea da guztien asmoa. Ez dute baztertzen etorkizunean Euskal Herrira itzuli eta bertan gelditzea, baina, bitartean, ikasten segituko dute: askotariko herri eta errealitateetako ikasleak, euskara ikasteko grinak bat eginik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.