Proiekzioaren mugak gaindituz

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Parisko Champs Elysees antzokian joko du larunbatean. Martxoaren 9an, berriz, Istanbulen emango du kontzertua, Cemal Resit Rey aretoan

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Parisen eta Istanbulen emango dituen kontzertuen aurkezpena, atzo, Donostiako Kursaalean. JON URBE / FOKU.
Nagore Arin.
Donostia
2020ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Inoiz aurretiaz bisitatu ez dituen bi hiritan joko du EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak: Parisen eta Istanbulen, hain zuzen ere. Duela bi urte Austrian eta Alemanian barrena egindako biraren ostean iritsi da nazioarteko ibilbidearen segida. Atzo aurkeztu zituzten bi kontzertu horiek, Donostiako Kursaalean: han izan ziren Oriol Roch EOSen zuzendaria, Robert Treviño EOSen zuzendari titularra, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzaren Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea, Jennifer Johnston mezzosopranoa eta Corby Welch tenorra. Larunbat honetan izango dira nazioarteko proiekzioaren lehen geltokian: Parisen. Hiriko Champs Elysees antzokian joko dute. Martxoaren 9an, berriz, Istanbulen izango dira, Cemal Resit Rey aretoan.

Gustav Mahler musikagilearen Lurraren kanta obra eramango du EOSek Parisera. Egun hauetan interpretatu dute lehen aldiz Mahlerren obra hori, orkestraren abonu denboraldiaren kontzertu saioetan. Emanaldi horiek eman berritan joango dira Parisera, eta Robert Treviño arduratuko da kontzertua zuzentzeaz. Mahler zalea da zuzendari titularra, eta, prentsaurrekoan esan zuenez, «berezia» izango da haren obra interpretatzea. Zuzentzen hasi zenean, Mahlerren obrak hautatu zituen lehen aldiz agertokira igo eta debutatzeko, eta hautu bera egin zuen 2018. urtean EOSekin Austriara eta Alemaniara joatean ere. Treviñorekin batera izango dira Jennifer Johnston eta Corby Welch abeslariak ere, interprete gisa.

Marlher bakarrik ez, Maurice Ravel konpositorearen lana ere interpretatuko dute, eta haren bi obrarekin hasiko dute emanaldia: Espainiar rapsodia eta Balsa, hain justu. Orkestra Gonbidatuak zikloaren barnean igoko dira Champs Elysees antzokiko agertokira, nazioarteko beste hainbat talde sinfonikorekin batera. Antzoki hori agertoki eszeniko ezaguna da musikazaleentzat; Parisko Orkestra Nazionalaren egoitza izan da, eta 100 urte baino gehiagoz musikaren, operaren eta dantzaren historiaren figura izan da. Larunbatean, lehen aldiz joko du han EOSek, eta, Rochen hitzetan, «anbizio handiko proiektu ahaltsu» bat izango da, Istanbuleko saioarekin batera.

Bide baten lehen pausoak

Hori izango da bigarren geltokia: Istanbul. Kasu horretan, Anton Brucknerren maisulantzat jotzen den bederatzigarren sinfonia joko dute. Ez da izango Cemal Resit Rey aretoan interpretatuko duten obra bakarra; izan ere, Max Bruch musikariaren biolinerako lehen kontzertua ere joko dute: lehen zatian, Alena Baeva bakarlaria izango dute gonbidatu. Agenda kontuak direla eta, Treviño ez da kontzertu horretan izango; haren ordez, Hans Graf zuzendari titularra arduratuko da musika saioa gidatzeaz. Bruckner zalea da azken hori ere, eta behin baino gehiagotan lan egin du EOSekin, zuzendari gonbidatu gisa.

Treviñoren iritziz, «berezia» izango da Istanbuleko kontzertu hori ere. Tristura azaldu du joan ezin duelako, baina konfiantza osoa jarri du Grafen jardunean: «Zuzendari perfektua da lan hori egiteko». Kontzertu horri begira, Istanbulera egingo duten bidaia esploratu gabeko horizonteak ezagutzeko baliatu nahi dutela azaldu du, «mugetatik harago». Haren aburuz, orkestrarentzat aberasgarria da horrelako bidaiak egitea, nazioartean proiekzio lana egiteaz gain, beste kultura ugari ezagutzeko eta elkarri eragiteko parada izan daitekeelako: «Ez nuke nahi saio hauek bidaia gisa bakarrik hartzea, elkarrekin egingo dugun bidaia baten gisan baizik, geure eskuak eta bihotzak elkartuz».

Joxean Muñoz sailburuordeak ere EOSek dituen asmoak eta orain artean emandako pausoak goratu ditu: «Hasierako xedeetan dago nazioartekotasuna; hasieratik pentsatu zen orkestrak herri musikal honen enbaxadore izan behar zuela munduan, eta Euskal Herriaren irudia zabaldu behar zuela». Nazioartekotze hori pausatuta egon dela azaldu du, eta, urte askotan posible izan ez den arren, berriro ere bide hori egiten hasiak direla. Azpimarratu duenez, nazioartera egiten diren bidaia horiek ez dira proiekzio moduan bakarrik ulertu behar, harago doan jardun bat bezala baizik: «Ez da kanpora joan eta Euskal Herriaren irudia kanpoan ematea; hori bezain inportantea da mundu mailako elkarrizketa batean egotea, mundu mailako sareetan, mundu mailako musika testuinguruan sartzea eta bizirik egotea».

Hori egitea «zaila» dela onartu du Muñozek, eta EOS hori lortzen ari dela. Etorkizuneko ildoak ere aipatu ditu: «Ez da jarduera solte bat; ez da behin gertatuko den gauza bat. Bide bat da, eta luzea eta oparoa izatea espero dugu. Joan den urtean hasi zen Austrian eta Alemanian bira bat egiten; aurten Paris da, eta gero Istanbul. Hurrengo urterako ere oso asmo interesgarriak ditu, Italian batez ere. Hau bide bat da, eta bide hori orkestrari berari eta musikariei zor zaie».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.