Elkarlana ospatzeko bi egun

Donostiako Tabakalerak kulturaren balioa aldarrikatu du bere bosgarren urteurrenean. Bertan egoitza duten erakundeek programazio berezia osatu dute hilaren 11 eta 12rako

Edurne Ormazabal Donostiako Tabakalerako zuzendaria hizketan, atzo, hainbat erakundetako ordezkarien laguntzaz eginiko agerraldian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2020ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Donostiako Tabakalerak ateak zabaldu zituenetik bost urte beteko dira ostiralean. Edurne Ormazabal zuzendariak atzo nabarmendu zuen urteotan kultura garaikidearen nazioarteko zentroak hartzen duen espazioa kultur eta sormen proiektuz betetzen joan dela, eta horretan zerikusi handia izan duela zentroan aterpe hartzen duten eragileen arteko elkarlanak: «Zentroa osatzen dugun erakundeak elkartzearen aldeko konpromisoak bereziki lagundu du, besteak beste, Tabakalera sorkuntzaren erreferente bilakatzeko». Osasun krisi betean iritsiko da urteurrena, eta, horrek baldintzatuta bada ere, ospatzeko aukera ez dute alferrik galdu. Horretarako, egitarau berezia prestatu dute elkarlaean: zentroaren ohiko eskaintzaren «luxuzko» lagin bat da, eta «kulturaren adierazpen guztiak, sortzaileak eta kultur eragileak aldarrikatu nahi ditu». Ormazabalek, Donostiako Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek eta Euskadiko Filmategiko zuzendari Joxean Fernandezek atzo aurkeztu zituzten ostiralean eta larunbatean izango diren jarduerak, beste hainbat erakundetako ordezkariekin batera egindako agerraldian.

Egitarauaren atariko gisa, eta urteurren egunaren bezperan, ostegunean, Julio Le Parc artista argentinarraren Kuboa obra aurkezteko ekitaldi instituzionala egingo dute, 19:00etan, sortzailea bertan dela. Iragan martxoan ziren aurkeztekoak, baina, osasun krisiaren ondorioz, bertan behera utzi zuten ekitaldia. Zentroa ekainaren 1ean atzera ireki zutenetik, 2.000 piezaz osatutako instalazio mugikor batek egiten die harrera bisitariei 0 solairuko plazan.

Baina arteari lotutako jarduera gehiago ere jaso dituzte programazio berezian. Egun Kutxa Kultur Artegunean ikusgai dagoen Nestor Basterretxearen obraren inguruko erakusketari Berlingo Quadrature bikoteak sortutako Supraspectives instalazioa batuko zaio patioan. Lurra, kosmosa, espazioko misioak eta horiek sortzen duten zaborra izan dituzte ikergai sortzaileek urteotan, eta, oraingoan, Donostia International Physics Centerreko astrofisikariekin elkarlanean sortu dute erakusketa, urriaren 11ra bitarte ikusgai izango dena.

Halaber, Jose Antonio Sistiaga sortzaileari omenaldia egiteko ere baliatuko dute urteurrena. Ostiral zein larunbat gauean, artistak 1968. eta 1970. urteen artean ondu zuen ere erera baleibu izik subua aruaren... pelikula proiektatuko dute Nestor Basterretxea plazako fatxadan. Zeluloidean eskuz margotutako 108.000 fotogramarekin osatu zuen lana artistak. Baina omenaldia ez da proiekziora mugatuko; izan ere, ostiralean bertan irekiko duten Zin Ex. Abstrakziotik algoritmora erakusketako parte hartzaileetako bat ere izango da Sistiaga. Florian Wust komisario dela, abangoardiako zinema, ordenagailuz sortutako artea, eta 1960-1970eko urteetan ekoitzitako bideo artea, filmak, instalazioak nahiz beste hainbat formatu bilduko ditu, eta sorta bateko lehena izango da. Izan ere, Donostiako Zinemaldiarekin elkarlanean, artearen eta zinemaren arteko harremana aztertuko duten erakusketak egingo dituzte irail oro.

Emanaldi bereziak

Donostia Kulturak, Donostiako Zinemaldiak, Elias Kerejeta Zine Eskolak, Euskadiko Filmategiak eta Tabakalerako zinema unitateak antolatutako proiekzioak hartzen ditu zentroko zinema aretoak ohikoan, eta urteurrenari begira ere prestatu dute emanaldi berezirik. Hiru izango dira orotara. Ostiralean, Bong Joon-ho zinemagile korearraren Gisaengchung (Parasite, 2019) filmaren zuri-beltzeko bertsioaren estreinaldia izango da, 22:00etan. Larunbatean, berriz, Handia (2017) filmaren emanaldi berezia egingo dute, 19:00etan; Jon Garaño eta Aitor Arregi zuzendariekin batera, Aranzadi Zientzia Elkarteko Lourdes Herrastik eta Paco Etxeberriak parte hartuko dute saioan —Aranzadiko kideek Migel Joakin Eleizegiren hezurrak topatu zituzten joan den abuztuaren 14an, Altzon (Gipuzkoa)—. 22:30ean, berriz, George Lucasen lehen film luzea, THX 1138 (1971) proiektatuko dute, Güiro Meets Russia taldearen zuzeneko musikarekin.

Bestalde, zentroa hobeto ezagutu nahi duten guztientzako bisita gidatuak egingo dituzte larunbatean. Besteak beste, Jon Montero arkitektoak eraikinaren birmoldaketa azalduko du horietako batean, eta ohikoan bisitatu ezin diren espazioak ezagutzeko aukera izango da beste hainbatetan, bertan egoitza duten erakundeetako arduradunek gidatuta.

Saretik ikusi ahal izango diren hainbat solasaldik, Kiribil konpainiaren Sableak ikuskizunak, Sortwo artistaren esku-hartze muralak eta Ghost Number taldearen kontzertuak osatuko dute egitaraua.

Ekitaldi guztiak doakoak izango dira, eta osasun neurri guztiak hartuta gauzatuko dituzte. Hori bai, lekua aurrez erreserbatu beharko dute joan nahi dutenek; Tabakaleraren webgunean edo eraikinean dagoen informazio puntuan egin ahal izango dute hori —atzotik dago horretarako aukera—. Programazioaren zati handi bat, gainera, streaming bidez ikusi ahal izango da, zentroaren webgunean.

Tabakalerako, Zinemaldiko eta Filmategiko arduradunez gain, Etxepare Euskal Institutuko, Zineuskadiko, Elias Kerejeta Zine Eskolako eta Kutxa Fundazioko ordezkariak ere bildu ziren atzoko agerraldian; Ormazabalen hitzetan, urtez urte sendotuz joan den elkarlanaren adierazle da hori. Bide beretik aurrera jarraitzeko asmoa berretsi zuen.

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara: www.tabakalera.eu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.