Ikusezina dena agerian jarriz

Bilboko Arte Ederren Museoko kontserbazio eta zaharberritze sailak azken urteotan berritutako 50 obra bildu ditu 'Agerikoaren eta ikusezinaren artea' erakusketan

Quintin de Torreren Fartsa eskultura da Bilboko Arte Ederren Museoko kontserbazio eta zaharberritze sailak zaharberritutako lanetako bat. OSKAR MATXIN / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2022ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Margolan bat aurrez aurre begiratuz gero, badira ikuslearentzat ikusezinak gerta daitezkeen ezaugarriak. Kasu batzuetan, artistak nahita egindako aldaketak izan daitezke, ideiaz aldatu eta zuzenketekin ezkutuan geratutakoak. Sorkuntza prozesu hori erakusten du Agerikoaren eta ikusezinaren artean. Azterketa, kontserbazioa eta zaharberritzea museoan erakusketak. Bilboko Arte Ederren Museoan dago ikusgai, eta 50 obra biltzen ditu. Guztiak zaharberritutako lanak dira. Hamaika koadro berregin eta konpondu dituzte museoko adituek 2013tik gaur egunera arte, eta haien artean egindako hautaketa bat jarri dute ikusgai. Iberdrola enpresaren laguntzarekin egin dute lan hori, eta hainbat garai eta estilotako artelanak ikusi ahalko dira gaurtik hasi, eta ekainaren 26ra arte

Museoan dagoeneko ikusgai zeuden zaharberritutako artelan horietako batzuk, eta eskuratu berri dituzten beste batzuk ere hautatu dituzte erakusketarako. Hala, museoak iaz bereganatu zituen obretako batzuk lehen aldiz erakutsiko dituzte zaharberrituta orain. Horietako batzuk dira, esate baterako, Angel Larroqueren Amatasuna, Agustin Ibarrolaren Gernika, Anonimo italiarraren Kristo gurutziltzatua eta Marta Cardenasen Lautada udaberrian obrak. Iaz heldutako lan horietako batek, gainera, «ezustekoa» eragin die kontserbazio eta zaharberritze saileko kideei: Sonia Delaunayren Costume pour Gaby lanak, zehazki. «Markoa kentzean, atzealdean, beste marrazki bat zegoela ohartu ginen: gouache, akuarela eta grafitoz egindako irudi bat», kontatu du Maria Jose Ruiz-Ozaita museoko kontserbazio eta zaharberritze saileko buruak.

Horiez gainera, bilduma iraunkorreko obra ezagunak ere zaharberritu dituzte. Hala nola ikusgai daude Pere Nicolau, Jan Mandijn, Pieter Fransz de Grebber, Ignacio Zuloaga, Rafael Ruiz Balerdi, Isabel Bakedano eta Vicente Ameztoiren margolanetako batzuk. «Beste prisma batetik erakusten dira orain margolan horiek, egin zaizkien kontserbazio eta zaharberritze esku-hartzeak agerian jarrita», azaldu du Javier Novo Kontserbazio eta Ikerketa saileko koordinatzaileak.

Urtero legez, paper gaineko lanek ere izango dute lekua erakusketan: besteak beste, Paul Gauguinen Stephane Mallarmeren erretratua —2019an berrekuratua—, Albrecht Durerren Santa Katalinaren martirioa —2021n dohaintzan jasoa—, eta Sonia Delaunayren 1918ko akuarela bat. Multzo hori Francisco Iturrinoren eta Dario de Regoyosen zenbait grabatuk, Jose Gonzalezen marrazki batzuek, eta Jose Ortiz Echagueren lau argazkik biribilduko dute.

Horiez gain, dekorazio arteak ere egongo dira. XVI. mende hasierako zeramikazko plater bat eta Ramiro eta Ricardo Arrue anaien esmalte multzo bat, kasurako.

Zaharberritze prozesua nolakoa den erakusteko, bestelako materiala ere jarri dute erakusketan. Hala, kontserbazio sailaren lana ulertzen laguntzen duten bideoak, argi kaxak eta kartelak ere topatuko ditu bistariak.

Hobetzeko prozesua

Azken helburura heltzeko, museoko zaharberritzaileek izaten dituzten gidalerroak aletu ditu Ruiz-Ozaitak. Haren hitzetan, dokumentuak aztertuz eta analisi zientifikoko teknikak aplikatuz, obra horietako bakoitzaren historia materialari buruzko informazioa lor daiteke. Esate baterako, argi ultramoreak gainazalari buruzko datuak ematen ditu; erreflektografia infragorria pintura geruzaren maila sakonetara iristen da; erradiografiak egitura eta eraikuntza bistaratzen ditu; eta, azterketa estratigrafikoak pintura materiaren ezagutzan sakontzen du.

Informazio horri guztiari esker, obren kontserbazio egoera ebaluatzeko eta tratamendu egokiak aplikatzeko aukera dute zaharberritzaileek, baita artistaren jarduteko modura hurbiltzeko ere. Teknika horiek guztiak erabiltzea «beharrezkoa» dela nabarmendu du Novok. Izan ere, Bilboko Arte Ederren Museoko bilduma «askotarikoa» da, eta Erdi Arotik gaur egunera bitarteko margolanak, eskulturak eta beste batzen ditu.

Besteak beste, artelanetako batzuetan gainazaleko geruza ezabatu behar izan dute, herdoildutako berniz batek jatorrizkokoloreak desitxuratzen zituelako; eta, horrez gainera, zenbait kasutan, kolpeak, deformazioak eta are urraketak ere konpondu dituzte.

Hala ere, erakusketa ez da obrak erakustera mugatuko. Maiatzeko astearte guztietan, kontserbazio eta zaharberritze saileko taldeak egindako zaharberritzeak azalduko dizkie museoko lagunei, doan. 12:00etan eta 18:00etan izango dira topaketa horiek, eta gaurtik bertatik hasita izango da haietan izena emateko aukera.

Erdi Aroa eta Ameztoi

Bestalde, hitzaldi bi ere eskainiko dituzte online, Bilboko Arte Ederren Museoko Youtubeko kanalean: Antzinako pintura kontserbatzeko ikerketa. Mandijn eta Van Dyck-en obra bana deiturikoa eta Vicente Ameztoiren margolanen kontserbazioa Bilboko Arte Ederren Museoan. Jose Luis Merino Antzinako Artearen kontserbatzaileak eskainiko du lehenengoa, eta, bigarrena, berriz, Ruiz-Ozaitak.

Bilboko Arte Ederren Museoko kontserbazio eta zaharberritze sailak 1975ean hasi zuen bere ibilbidea, eta 2001az geroztik da Iberdrola Bilboko Arte Ederren Museoa fundazioaren patronatuko kide. Eta, bide horretan, bi ardatz babestu izan ditu orain arte energia enpresak: artelanen kontserbazioa eta zaharberritzea batetik, eta bildumari buruzko ezagutzaren ikerketa eta zabalkundea bestetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.