Bestak Maulen

Euskarari lekua ezarri nahian

Lau zuzeneko programatuz, Mauleko bestetan musikari leku handia egina zaio Zinkan. Igande iluntzean, Kukai konpainiaren 'Topa' ikuskizuna izanen da

Iazko bestetako bertso bazkaria: Amets Arzallus, Ramuntxo Christy eta Xumai Murua bertsolariekin. BOB EDME.
2018ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Zuberoako hiriburuak lau eguneko bestei hasiera emateko, gazteen borondatea behar izan du urte osoan. Urtero bezala, besta batzordeak egitarau ofiziala antolatu baldin badu ere, Zinka Bizirik elkarteko hamar bat gaztek beren egitarau aberatsa prest utzi dute astebururako. Zinakan besta Zinkan gaur hasiko bada ere, bestei irekiera emateko herriko etxeak egiten duen ekitaldia ostiralean izango da; herriko etxeko balkoitik giltzak botako dituzte.

Hiru egunez, Mauleko karriketan, goiz eta arrats txarangen soinuak entzungo dira. Aurten, gainera, igande berezia izango dute bestek, hain zuzen ere futboleko Munduko Kopak arreta bereganatuko duelako.

Besta batzordeak prestatutako egitarauak bi kontzertu nagusi eramango ditu espartinen herrira. Bihar, Cel3 taldeak irlandar rock doinu tradizionalak joko ditu herriko plazaren erdian dagoen kioskoan. Larunbatean, berriz, Kimbala talde frantses-galiziar-kolonbiarrak du plaza mugiaraziko reggae, ska, rock eta cumbia erritmo koloretsuei esker.

Aurtengo egitarau ofizialaren berrikuntza, berriz, poteo kantuz ekitaldia izango da. Larunbat eguerditik arratsera, mauletarrak gonbidatuak dira ostatuz ostatu euskal kantuen haria segitzea.

Paraleloki, ordea, bestelako poteoa izanen da, larunbatean bertan, bertsoetan. Beste urtetan Koblaka Zuberoako bertsozaleen elkarteak antolatzen duen poteoa eguerdian izango baita.

Bertso poteoak betidanik bertsozale eta euskaltzaleak biltzen ditu, presoen aldeko ekitaldiaren inguruan. Urtean zehar hilabeteko azken ostiraletan preso eta iheslarien alde egiten den elkarretaratzearen segida izan nahi du. Besten kari, aldarriari lekua emateko aukera izaten da. Aldarria bai, baina Euskal Herriko goi mailako bertsolarien bertsoen entzuteko ordua ere bada. Larunbatean, beraz, Amets Arzallus, Ortzi Idoate, Elixabet Etxandi eta Julen Etxeberrik poteoan eta gero bazkarian bertso saioa proposatuko dute. Aurtengo iparraldeko gazteen txapeldunak «ohorea» sentitu du gonbidapena egin zaionean, bera bezalako gazte bertsolarientzat Iparraldean plaza gutti badela uste duelako. Etxandik azaldu duenez, «txikitan egunkari azaletan ikusten nituenen ondoan aritzeak lehen urratsak egiteko aukera ematen dit».

Besta tradizionaletatik at

«Mauleko bestak betiko lagunekin elkartzeko aitzakia dira, eta kanpoan bizi diren zuberotarrak biltzen dira», adierazi du Iulen Guiresse Zinkako arduradunak. Programa ofizialari alternatiba ematen dio Zinka ostatuak Maulen. Guiressek uste du Mauleko bestek garai batean zuten fama galdu dutela eta jendetza ere bai. Besten giroa «borroka eta borroka» izaten dela dio gazteak. Elkarte tabernak horren alderantzizkoa proposatzen du, giro euskalduna eta musika programazio askotarikoa proposatuz. Anekdota batekin ilustratu nahi du Guiressek bere errana: egun batez, errugbilari bat hurbildu zitzaion, eta erran zion Zinkan sartzean burmuinez aldatzen zuela. Pozten da bestetan Zinkak duen arrakastaz, bete-betea egoten dela dio. Gainera, urte osoan tabernara joaten ez den jendea bestetan joaten dela ikusten du urtez urte.

Zinkaren harrera arrakastatsua musikari emana zaion lekuagatik azal daiteke. Kontzertuak kitorik izaten dira, eta, gainera, kalitateari eta euskal taldeei arreta berezia egin nahi zaie. Aurten programatuak diren lau taldeetatik hiru Euskal Herrikoak dira. Ostegunean, etxean jo bezala, Xiberoots taldeak bestari ongi etorria emango dio. Reggae-punk talde zuberotarrak Zinkan zituen bere lehen kantak sortu, eta bertan zen trebatu.

Ostiralez, Tolosako (Okzitania) Krav Boca talde greziar-espartarrak joko du. Duela lau hilabete Zinkako agertokian jo zuten, eta berriz itzuli dira bestetarako. Ondoren, Little Martin Selektah rap talde gipuzkoarrak joko du. Azkenik, larunbateko zikiroaren ostean, Dr Mephisto baxenabartarrak igoko dira agertokira, etaDJ Flop zuberotarrak Zinkaren bestei amaiera emango die.

Besten azken egunean, Kukai dantza konpainiak Topa ikuskizuna emango du frontoian. Plaza batean elkartzen diren lau dantzarik osatzen dute emankizuna, eta dantza garaikidea euskal dantzarekin nahasten dute.

Euskal giroko bestak euskaraz ahal bezainbat egiteaz gain, Zinkak, azken urteotan bezala, eraso sexisten aurkako jarrera berriz ere erakutsiko du aurten, baita berdintasuna bermatzen duten besten aldekoa ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.