Artearen lekuak. Kur galeria

Dendaoste bat lurraren azpian

Juanma Arriagak denetarik erakusten du Kur galerian: pintura, eskultura, argazkia... Bizibidea, ordea, nazioarteko salerosketan ateratzen du batez ere, «'dealer'» lanean.

Aitor Sarasketaren pintura bat eta Aitor Etxeberriaren pieza bat, Kur galerian. GORKA RUBIO / FOKU.
Andoni Imaz.
Donostia
2021eko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Donostiako Zurriola pasealekuan, Kursaal arranditsuaren pare-parean, ate estu eta astun bat dago zabalik. Paseariek behera begiratzen dute ondotik igarotzean. Bi, hamar, 30 eskailera maila jaitsi zuzen, eta gela zabal bat dago hondoan. Neurrikoa da; dozena bat pausotan igaro liteke erakusketa alderik alde, eta neurrian dago artelanez beteta, bakoitzari bere lekua utzita. Izena ere horrelakoxea du, bere tamainara ekartzeko ebakia bezala: Kur. Arte galeria bat da, 400 metro koadroko areto zuri bat.

Bi begirada izeneko erakusketa bat dago jarrita, eta hor egongo da abuztuaren 28ra arte. Bi artista, bi Aitor: Etxeberria bata, Sarasketa bestea. Pintura lantzen hasi ziren biak, eta bakoitzak bere bidea egin du, jakin-minari jarraituz. Etxeberria eskulturan aritu da azken urteetan, eta Sarasketak margoekin segitu du. Eibarko Portalean (Gipuzkoa erakusketa bat) jarri zuten elkarrekin, eta haren zati bat eraman dute Kurrera.

Eskailerak jaitsi eta ezkerretara, eskultura bat dago lurrean ipinita, egurrezko pieza eta leiho zahar batzuekin egina. Aldamenean, altzairuzko hodi koloretsu batzuk, ikasmahaien hanken itxura dutenak, bloke batean zanpatuta. Inguruan dituzten koadro berdexkek giro egokia ematen diete. Nekez hitz egin daiteke Sarasketaren margolanez gutxi gorabeherakorik gabe, dena baita koloreen nahasketa formarik gabeko bat, fokuz kanpoko ez-irudi bat, oihalaren betetze sotil eta iradokitzaile bat.

Aretoaren erdian, bi kulata daude horman zintzilik, elkarri lotuta. Etxeberria mendaroarra da; Sarasketa, eibartarra. Horrek badu lotura hautatutako materialekin. Etxeberriak hondakinak erabiltzen ditu eskulturak egiteko: industriako materiala, itsasoak ekarritako objektuak, baztertutako zakarrak. Horiek moldatuta sortzen ditu lanak: hegal bat, aluminioz estalia; eskuila bat, zurezko eta porlanezko eranskinekin. Horrelakoak idulkien gainean paratu ditu, eta handiagoak direnak, lurrean. Sarasketaren koadroen azpian hartzen dute atseden bi esfera erdik, bata betea eta bestea hutsa, oreka dantza batean. Egoki nahasten dira pintura lausoak eta eskultura trinkoak.

Artisten bi begiradei hirugarren batek egiten die so Kurren. Juanma Arriaga da, galerista. Erakusketa gelaren atzealdean du bulegoa, artelanez, liburuz eta karpetaz beteta. Izan ere, erakusketa ez da guztia; koxka bat sakonago dago gakoa: «Dendaostea da galeria guztietako zatirik garrantzitsuena». Atzeko negozioa funtsezkoa da ageriko jardunari eusteko. Arte galerien oinarrizko egitekoa zera da, programatzea, erakustea, zabaltzea eta saltzea. Formula hori, ordea, zahartu egin da Arriagak 2002. urtean galeria ireki zuenetik: «Gehiago saltzen genuen orduan. Orain, batzuetan egiten ditugu bizpahiru hilabeteko erakusketak ezer saldu gabe. Hori lehen ezinezkoa zen».

Ohiko martxa horrelakoa bada, zer esan azken urteko etenaz. «Izugarria izan da». Nola egin aurrera, hortaz? Bada, kanpoko lanei esker; «bigarren mailako merkatuari» esker. Arriagak artelanen salmentak kudeatzen ditu, «operazio inportanteak», galeriako eta handik kanpoko obrenak. Haiek hartu eta «jarri» egiten ditu: «bata bezero bati, bestea espazio publiko batean...». Eta enkanteak baliatzen ditu horretarako. «Houstonen, Kalifornian erosten dut... Goizeko ordu biak edo hirurak arte geratzen naiz maiz», azaldu du, barrez. «Dealer lan hori egingo ez bagenu, aspaldi itxi genuen».

Arriagak pozez gogoratzen ditu lehengo garaiak ere, artearekiko «sentsibilitatea» garatu, «koadroei nola begiratu ikasi», eta aurreneko lantxoak egiten hasi zeneko horiek: «Aurkitzen nuen Miro edo Picasso txiki bat, deitzen nion New Yorkeko galerista garrantzitsu bati, eta argazki bat bidaltzen nion. Mezularien bidez, hiru egunetan han zegoen. Hori bera liluragarria zen. Interesatzen bazitzaion, koadroa hartu eta New Yorkera joaten nintzen. Saldu, kontuak egin, eta buelta. Gaur egun, hori pentsaezina da».

Sistema, gainbeheran

Aldaketa handiak gertatu dira galerien munduan, eta artearen munduan ere bai, orokorrean. Arriagak etxean ere ikusten du hori, honelakoak entzundakoa baita: «Aita, zertarako egingo dugu ilara hori Gioconda ikusteko? Hemen daukagu eta», eskuko telefonoa erakutsiz. Internetek eta bat-batekotasunak asko erraztu diote lana, nazioarteko salerosketa horiek ikusi besterik ez dago, baina uste du «gertakizunen» galtze horretan sentsibilitate bat ere geratzen dela bidean: «Galerien sistema zaharkituta dago, eta berritu egin behar da. Nola? Ez dakit, baina heziketa kontua da batez ere. Artelanei begiratzen ikasi egiten da». Haren ustez, gainbehera artea ulertzeko modu batena da, galeriena baino gehiago. Kritikoa da hezkuntzarekin, baita instituzioekin ere. Bi adibide aipatu ditu: %21eko BEZa, nazioarteko bezero asko uxatzen dituena; eta obrak zuzenean artistei erosteko joera, galerien eta sistema osoaren kontra doana, haren ustez.

Zurriola pasealekuan, negua eta uda ez dira berdin. Arriagak ez du uste turismo kultural askorik dagoenik: «Parte Zaharrean parke tematiko bat daukagu. Jendea datorren horretara dator, eta, bide batez, artea ikusten du. Hala ere, turista oso garrantzitsua da guretzat». Urteekin, bestelako bezero batzuk galdu ditu: «Erdiko klasea». Artelanak erosten dituzten aberats asko daude, baina lehen ugariagoa zen tarteka zerbait erosten zuen jendea, «mila euroko gauza bat ezkontza oparitarako, eta horrelakoak».

Arriagak hizketarako duen patxada eta zehaztasun berberarekin arakatzen du galeria ostea: elkarren ondoan daude Gonçalo Mabunda mozambiketarrak armekin eta munizioarekin sortutako tronu bat eta Jorge Oteizaren Hau Madrilentzat brontzezko pieza. Begirada zorrotz eta «eklektiko» horren bidez eratu du Kur, aurre eta atze.

KUR GALERIA
Irekiera urtea. 2002.
Lekua. Zurriola pasealekua, 6,Donostia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.