Albistea entzun

Gorputzak eskatuta, nomada

Orain arteko formatua aldatuta hasi da EHZ Nomada, urte hasieran abiatutako gogoeta prozesua tarteko. Gaur Baionan egingo dute jaialdia, eta bihar, Itsasun
Atzo Baigorrin emanda ekitaldien artean, Etxepare Lizeoko ikasleek <em>Ero?</em> antzezlana egin zuten.
Atzo Baigorrin emanda ekitaldien artean, Etxepare Lizeoko ikasleek Ero? antzezlana egin zuten. AURORE LUCAS Tamaina handiagoan ikusi

Maialen Unanue Irureta -

2018ko ekainak 30

Trantsizio aldian da EHZ jaialdia, eta horren erakusgarri da EHZ Nomada: aurten, Baigorrik (Nafarroa Beherea), Baionak eta Itsasuk (Lapurdi) hartu diote lekukoa Lekorneri (Lapurdi). Azpiegitura handiak leku bakarrean erabiltzetik txikiagoak leku gehiagotan erabiltzera pasatu dira. Eta ez da kasualitatea, noski, Loretxu Etxemendi EHZko laguntzaileetako batek azaldu duenez: «Nahi genion erakutsi publikoari EHZ trantsizio urte batean dela aurten, eta nahi genuen hori adierazi proiektuaren bidez». Atzo hasi zen jaialdia Baigorrin: gaur jarraituko du Baionan eta, bihar, Itsasun.

Antzerkia, dantza, zirkua, eztabaidak eta musika: guztiak batu dituzte EHZ Nomadan. «Nire ustez, edizio biziki polita izaten ahal da: azkenean, saiatu gara hiru egunetan giro desberdinak sortzen, eta uste dut horretan dela interesgarria». Gaur, esaterako, aldarte oso desberdineko bi aukera ditu goizetik Baionara joaten denak: poteoa kalez kale arratsaldera arte, edo hainbat gairi buruzko eztabaidak Patxokian. «Nire ustez, aurten hor da aberastasuna: pentsatzen dut publiko osoak atzematen ahal lukeela aurtengo formulan bere tokia egun batean, bitan edo asteburu osoan», nabarmendu du Etxemendik.

Jaialdia nomada bihurtuz, jendeak ezagutzen zuen betiko formatuarekin hautsi dute: «Pentsatu dugu interesgarria dela festibala lurralde osora mugitzea: usaian, beti eskatzen dugu jendea Lekorneko gure gaztelura etortzea, eta zergatik ez gu mugitu eta jendearengana joan?». Baigorri, Baiona eta Itsasu hautatuta, «lurralde osora» heltzen saiatu dira, Etxemendiren esanetan.

Buru-belarri aritu dira asteon lanean, hara eta hona. Nabaritu dute aldea aurreko eredutik EHZ Nomadara: «Ohartzen gara formatu honek gauzak batzuk erraztu ahal dituela, eta beste batzuk, batere ez [barreak]. Guretzat proiektu arrunt berri bat balitz bezala da: antolaketa osoa eraldatzen da».

Formatuaz gain, gauza gutxi aldatu da, oraingoz; hau da, jende kopuru aldetik, «berdintsu» segitzen dute. Hala ere, badute itxaropena formatu berriak jende berria erakarriko duela: «Ikusiko ditugu, beharbada, buru berri batzuk: tokiz aldatuz ere, menturaz publiko berri bat edukitzen ahalko dugu, edo hori espero dugu». Helburuek, baina, bere horretan jarraitzen dute: «Guk ber balioekin eta ber helburuekin segitzen dugu: hiru egunez gure gizarte eredu propioa sortzea eta proposamen kultural anitz aurkeztea publikoari».

Bada, ordea, lantaldean sumatzen duen aldaketa bat: diagnosi fasetik indarberrituta atera dira. «Prozesu hau beharrezkoa zen: uste dut laguntzaileek eta publikoak eskertu duela eztabaida horietan parte hartzeko aukera izatea; behar genuen hausnarketa kolektibo bat eraman».

Hurrengo jaialdia marrazten

2019. urtea jarri zuten helburu gisa, eta baikor dago Etxemendi. «Pentsatzen dut perspektiba berriak irekitzen ahalko ditugula elkarrekin, eta hori, bortxaz, puntu positiboa da». Horretan ari dira, 2019ko EHZ marrazten, baina oraingoz ez dute ezer aurreratu nahi: «Oraingoz ez dugu deus ateratzen prentsan, oraindik elkartu behar baitugu eta gauza batzuk zehaztu: ari gara finkatzen pixkanaka-pixkanaka».

Gauzak okertzen direnean, gelditu eta arnasa sakon hartzea bezalakorik ez dago. Halaxe sentitzen ziren EHZ antolatzen duten lagunek, eta horixe egin dute. «Pentsatzen genuen momentua zela pixka bat gure helburuak eta gure festibala berriz pentsatzeko: horregatik hasi genuen abenduan diagnostiko prozesu hori barne mailan; laguntzaileen artean zabaldu genuen gero, eta orain, bukatzen ari gara».

Etxemendik gogoratu duenez, kolpea izan zen iazko EHZ bertan behera utzi behar izatea: «Anulazioa momentu biziki zaila izan zen, bai laguntzaileentzat, bai publikoarentzat ere, seguruenik: momentu latzak pasatu ditugu». Momentu txarrek, ordea, beste aukera bat jarri die muturren aurrean: denbora. «Ikusi dugu aurten bazela aukera denbora hartzeko, eta horregatik abiatu genuen gogoeta fase hori. Beraz, momentu latza izan zen, baina, azkenean, menturaz, ondorio positiboak izango ditu». Burua hurrengo urtean jarrita lanean jarraitzea egokitzen zaie orain, gaur eta bihar arteko lanez gain. Jendea jaialdira heltzea besterik ez zaie falta: «Euskal Herriko nomada guztiak gomitatzen ditugu gurekin ospatzera».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Patxi Angulo. ©Gorka Rubio, Foku

«Badauzkat 5.000 urte dauzkaten jokoak»

Unai Zubeldia, Gipuzkoako Hitza

Irakaslea da ofizioz Patxi Angulo, baina munduko joko klasikoak biltzea du afizio. Londresera egindako bidaia batean hasi zen ideia gorpuzten, eta Jokoenea, munduko jokoen museoa sortu zuen 2018an. Bost urte bete ditu.

Iruñeko San Fermin Txikiko umeak, gozokien esperoan. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Bestak kalea berenganatuz

Itsaso Jauregi

Udalbatza txikiak txupinazoa botata hasi dira Iruñeko San Fermin Txiki bestak. Jendetza bildu da Alde Zaharreko kaleetan, eta gazteenak gozokien bila aritu dira.
Aitor Etxeandia Otalarreako teknikaria, sagastiko sagarrak eskuetan dituela. ©GORKA RUBIO / FOKU

Sagarrak badu garrantzia

Amaia Jimenez Larrea

Villabonako Otalarrea sagasti esperimentalean sagargileentzako baliagarriak izan daitezkeen tekniken eta elementuen inguruan ikertzen dute. Gainera, Euskal Herriko ia sagar mota guztien sagarrondoak dituzte, haien bilduma bat egiten ari baitira.

Salda da <em>ramen</em> zoparen lehengai garrantzitsuena, eta askotarikoa izan daiteke. ©CC0

Ramen: zapore eta tradizio zopa

Unai Etxenausia

Japoniako plater tradizionaletako bat da 'ramen' zopa, eta mundura zabaldu da. Txinako sukaldaritzatik heredatu, eta moldatu egin zuten, duela ehun urte inguru.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.