San Joan gaua

Sua eta ura, iritsi baita uda

San Joan eguneko ospakizunak bihar egingo dira, udako solstizioa atzo izan arren: suak piztuko dituzte Euskal Herriko hainbat txokotan, beste erritu batzuekin batera.

Bilboko konpartsek San Joan bezperan antolatzen duten ikuskizuna, Etxebarria parkean, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Iker Tubia.
2019ko ekainaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Sarna fuera, sarna fuera». Hala oihukatu eta kantatzen dute San Joan bezperako gauean, suaren inguruan. Uda ailegatu dela ospatuko dute, bihar, Euskal Herriko herri eta hiri gehienetan. Solstizioa atzo izan zen, 17:54an, eta urtaro berriak 93 egun eta 15 ordu iraunen ditu, gero udazkenari bide emateko. Ospakizunak egutegi katolikoaren arabera egiten dira: bihar ospatuko dute San Joan bezpera.

Alor zientifikoari heldu nahi dionak Leioako (Bizkaia) Helioskiametrora jo dezake, Arboretum basora. Atzo aurkeztu zuten EHUko Martin Rivas irakasleak sortutako eguzki egutegia. Eguzkiaren mugimendua lurrean irudikatzen du, lente bati esker. Lurraren eta Eguzkiaren arteko lotura aintzat hartuz, gailu horrek agerian uzten du urtean bi egun berdin ez daudela.

Denbora eta bizitzeko modu bati loturik daude biharko ospakizunak, eta haiekin lotzeko bidea dira errituak, Aitzpea Leizaola antropologo eta EHUko irakasleak azaldu duenez. Bi elementu nagusi nabarmendu ditu: sua eta ura. «Ikusgarriena sua denez, horri erreparatzen zaio nagusiki, baina ura ere oso presente dago, eta hori lotzen zaio lurraren irudikapen telurikoari: lau elementuak. Lurra eta ura antagonista dira, eta bizitza mantentzeko funtsezko osagaiak».

Urtaro aldaketa iragartzen du solstizioak: garai baten bukaera eta beste baten hasiera. Tradizioa mantendu da, baina aldaketak ere izan ditu. «Gaur egun, ikasturte amaierarekin ere lotzen da. Denbora antolatzeko beste modu batzuk gailentzen ari dira». Bada beste aldaketa nabarmen bat: araudiak. Suak ezin dira edozein tokitan piztu; suhiltzaileek suak itzaltzen dituzte toki askotan.

SUA

San Joan bezperako gaua ez litzateke bera izanen surik gabe. Hori da zabalduen dagoen erritua. Gaitzak uxatu eta uztari ongi etorria emateko pizten dira suak, iluntzean. Sarri, sua dantzari loturik egoten da. Hala, sokadantzak plazaratuko dituzte bihar, Donostian, Andoainen, Hernanin, Abaltzisketan, Aretxabaletan, Antzuolan, Pasaian, Errenterian, Beasainen, Lasarte-Orian, Astigarragan (Gipuzkoa), Iruñean, Arbizun, Auritzen (Nafarroa), Leioan eta Sestaon (Bizkaia), besteak beste. Zuberoan suzko mendilerroa osatzen dute, mendi tontorretan suak piztuta: Maidalenan, Barazean, Gaztelainen, San Antonin, Zalhagainen, Ahargonen eta Betzülan. Nafarroa Behereko Orgamendin eta Behorlegin piztutakoak ere ikusiko dira iluntzean.

Suaren inguruan errituak egin ohi dira San Joan bezperako gauean. Uztaritzen (Lapurdi) «Xarnafera» oihukatzen dute; Iruñean, «Sarna fuera». Gaitzak uxatzeko antzeko esamoldeak eta kantak daude Euskal Herri osoan. Suaren gainetik salto egitea edo elikagaiak igarotzea ere ohikoa izaten da, suak purifikatzeko ahalmena duela sinetsita. Erritu berezienetako bat Urdiainen egiten dute (Nafarroa). Bihar, herriko neska gazteak San Juan baselizara joanen dira, jantzi tradizionala soinean. Mezaren ondotik, eskutik heldu, eta San Joango Kantaita abestuko dute. Indar handiko erritua da, aldarri ozenarekin bukatzen dena: «Orain arte, belar; hemendik aurrera, gari».

Suak balio dezake gaitzak uxatzeko, baina balio dezake gaitzak bertan erretzeko ere. Cintruenigon (Nafarroa) San Joan sua Txapalangarra erretzeko baliatzen dute. Bihar arratsaldean, panpina eskegiko dute plazan, eta, bueltaka ibili ondoren, panpina hartu, eta herrian barna eramanen dute arrastaka, tarteka sardeekin lurretik altxatuz, eta zinbili-zanbala eramanda. Sutan bukatuko du.

URA

Herri batzuetan, ura ere elementu garrantzitsua da udako solstizioko ospakizunetan. San Joan bezperako gauez erreketan murgiltzen dira zenbait tokitan, edo balio mistiko edo berezia aitortzen dioten iturrietatik edan. Igantzi eta Arantza artean (Nafarroa) dago iturri horietako bat: San Juan Xar leizean. Etzi, meza eginen dute han, eta hiru iturrietatik ura edanen dute. Izanen da etxera eramanen duenik ere.

Ean (Bizkaia), nahiago izaten dute uretan murgildu. San Joan egunetik pixka bat urruti bada ere, Errekaren Eguna ospatuko dute asteazkenean, eta, arratsaldean, denak sartuko dira uretan, ate gainekoa dantzatu ondotik. Beste herri batzuetan ere uretan murgilduko dira, baina bihar gauean edo etzi eginen dute. Izan ere, denbora horretan urak ahalmen bereziak dituela uste da: gaixotasunak sendatzeko eta pertsonak eta abereak babesteko. Ez soilik ibai eta iturrietako urak: San Joan goizean larre bustietan biluzik iraulka ibiltzea ohitura izan da zenbait tokitan.

LANDAREAK

Udako solstizioaren ospakizunetan, landareak ikus daitezke han eta hemen. Arrasaten, Azpeitiko Urrestilla auzoan (Gipuzkoa) eta Agurainen (Araba), makala landatzen dute herriko plazan, uda ailegatzearekin batera. Gaur, zuhaitza paratu, eta hura igotzen saiatuko dira gazteak, eta haren inguruan dantza eginen dute. Baserrietako atarietan ere landareak jartzen dira San Joan bezperan. Hala egiten dute Donibane Garazin, baita Gipuzkoako eta Bizkaiko zenbait herritan ere.

Bereziagoa da Torralba del Rioko usadioa (Nafarroa). Estellerriko herri hartan, Joan Lobo ateratzen da San Joan egunez karriketara, etzi. Landareekin egindako jantzi bat darama soinean, eta aurpegia, belztuta. Hura harrapatzen saiatuko dira, eta, lortzen dutenean, heriotzara kondenatuko dute, gaitz guzien erruduntzat hartuta. Txapalangarraren hezur-haragizko bertsioa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.