Sanferminak Iruñean

Euskal sanferminen babesleku

Iruñeko Alde Zaharrean bertan, Herri Sanferminek musika eta jai eskaintza handia egiten dute, egun eta gau. Udal gobernu berriak kolokan jarri du guneak jarraitzea

Laugarren urtez, Herri Sanferminak hainbat kolektiboen plataformak bi txosnagune ireki ditu, Errekoleten plazan eta O plazan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iruñea
2019ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Uztailaren 6an ez zen txupinazo bakarra egon. «Gaztetxeen defentsan, gogor eta tinko!» eta«Gora Herri Sanferminak!» oihuen laguntzaz, Iruñeko jai alternatiboen gunean suziria bota zuten, txosnetan. Hiriko gizarte eragileen babeslekuak dira, sanfermin euskaldunen ikurra.

Errekoleten plazan eta O plazan bi giro ezberdin daude: gaueko kontzerturik handienen erakusleihoa lehenean, eta bazkari, arratsaldeko bermut eta musika eskaintza lasaiagoa bigarrenean.

Sanferminak bizitzeko hainbat modu daude. Batzuek nahiago dituzte eguzkiaren izpiek lagundutako orduak. Besteek, aldiz, arratsaldeko peñen kalejirekin batera irekitzen dituzte logelako pertsianak. Eta denek dute lekua jaietan, baita Herri Sanferminetan ere.

Goizean goiz, Euskalerria Irratiak eta Xaloa Telebistak eguneroko emisioak abiatzeko agertoki aukeratu dituzte Herri Sanferminetako guneak. «Egunon Iruñea», euskal sanferminen erdigunetik.

Baina bazkaltzeko orduan, giroa berotzen hasten da. Iruñeko hainbat eragilek bazkari propioa antolatzen dute. Pasatuak dira talde feministak, ikasleak, gazteak... Denak O plazatik.

Arratsaldeko musika eskaintzaren agertokia ere bada plaza hori. Afu, Liher eta beste hainbat taldek han jo dute, taberna askotan udan gehien entzuten diren abesti moldeetatik at.

O plazak ere baditu berezko gauzak. Aurten ireki dute, adibidez, Gune ekologikoa. Edariak kontsumitzeko barra berezia dute, etxeko markak probatu nahi dituenarentzako leiho aproposa. Alboan, sukaldea: pizzak, taloak, pintxoak... Bermuterako prestatua dago, gauean ohea dastatzen duten horientzako.

Iruindar askok, baina, zail izaten dute goiz esnatu eta eguerdian Alde Zaharrera hurbiltzeko erabakia hartzea. Peñak zezen plazatik ateratzen direnean aztoratzen da giroa, arratsaldean. Txarangak, mozorro deigarriak, dantza inprobisatuak... Errekoleten plaza piztu egiten da gaueko musika eskaintzarekin. Orduan zailtzen da Herri Sanferminetako boluntarioen lana. Errekoleten plazan kontzertu handiagoak egiten dira, gau batzuetan plaza punta batetik bestera betetzen dutenak.

Barran jendea biltzen hasten da; edalontziak iritsi ahala pilatzen, edariaren esperoan; eta diru kutxak betetzen, sanferminen lan amaigabearen seinale. Hala ere, aurreikuspenen barnean doaz salmentak. Iker Leon arduraduna izan da uztailaren 9an, eta normaltasuna nabarmentzen du. Uztailaren 6an izan zuten gorakada bakarra. «Larunbata zen, eta, agian, horrek jende gehiago erakarri zuen», dio Leonek. Bestalde, txandak ere ia beteak dituztela esan du, naiz eta uztailaren 14an oraindik hutsune batzuk gelditu.

Udalaren enbataren zain

Enrique Maia Iruñeko alkateak ekainean jendaurrean esan zuen ez dituela Herri Sanferminak gustuko. Alde Zaharrean berriak dira gune hauek. 2016ra arte, Arga ibai ondoko Runa parkean kokatzen zen Gora Iruñea gunea. Iruñeko erdigunetik urrun zeuden, zentrora mugitzeko aukera izan zuten arte.

Herri Sanferminen antolakuntzaren barnean oraindik ez dute hurrengo urterako erabaki garbirik hartu. Iker Leonen esanetan, «berri gehiagoren zain» daude. Ikusteko dago 2020an sanfermin alternatibo euskaldunak Alde Zaharrera itzuliko diren edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.