Zaraitzuko memoria pizten

Albaitaria bazen ere, zaraitzueraz idatzitako testuak argitaratu zituen Federiko Garraldak XX. mende hasieran. Haren memoria aldarrikatu dute liburu baten bidez.

Federiko Garralda Argontz Otsagabiko albaitari, idazle eta euskaltzalearen erretratua. BERRIA.
Iker Tubia.
Iruñea
2019ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Etxean ez zuen haren berririk izan. Ez zuen haren hizkuntza ikasi. Duela gutxi arte, Federiko Garralda Argontz (Otsagabia, Nafarroa, 1881-1929) pertsona ezezaguna zen haren birbilobarentzat. Ez zekien zaraitzueraz idatzi zuenik, ezta Zaraitzuko (Nafarroa) euskal pizkundean ekarpena egin zuenik ere. Interneten aurkitu zuen birraitatxiren erreferentzia, blog batean, eta haren testuak biltzeari ekin zion. Hasieran, opari bat egin nahi zion aitari; azkenean, hiru eskutara idatzitako liburu bat atera da: Euskal pizkundea Zaraitzuko ibarrean. Federiko Garralda Argontz eta haren ingurua (Lamiñarra, 2019).

Eduardo Garraldaren ama hizkuntza ez da euskara. Zaraitzun hainbeste familiatan gertatu bezala, hizkuntzaren transmisioa eten egin zen harenean ere. Aita alzheimerrak jota zegoela eta, birraitatxiren testuak «agudo» bildu nahi izan zituen harentzat, eta gaztelerara itzuli, aita ere ez baita euskalduna. Alejandro Pulido historialariaren laguntza izan zuen horretarako. Liburua haiek idatzia da, Iñigo Auzmendi zaraitzueraz mintzo den itzaltzuarrarekin batera.

Federiko Garralda Otsagabiko albaitaria zen. Zaragozan (Espainia) ikasi zuen, eta, bere jardunean, abereen garatxoen kontrako produktu bat asmatu zuen: Garitxailzalea. Liburuan diotenez, jakintza horrengatik miresten zuten haren lankideek. Hark zuenlanari lotutako kontakizunak behin eta berriro ageri dira zaraitzueraz egin zituen testuetan. Are, abelgorriaren ezaugarriei eta historiari buruzko tratatu sakon bat itzuli zuen frantsesetik euskarara. Euskal Esnalea aldizkarian argitaratu zizkioten testuak.

Kanpion eta Garralda

Federiko Garraldak etxean jaso zuen euskara. Familia euskalduna zuen, eta euskaraz idazteko gogoa etxean jasoko zuela uste dute historialariek. Haren aita Ziriako Garraldak Arturo Kanpion ezagutu zuen. «Lourdeserako erromeria baten bidean, tren berean zeuden biak. Kasualitatez, hizketan hasi ziren, eta Kanpionek eman zion euskara defendatzeko gogoa. Gure ustez, hor dago euskal mugimenduarekiko lotura», azaldu du Pulidok. Are, 1911n Euskal Esnalea-n Nola den Zaraitzuko euskara egungo egunean artikuluan zaraitzuera galtzear zela ohartarazi zuen Ziriako Garraldak, eta haurrei euskara irakasteko eta zaharrei euskaraz egiteko deia egin. Hala bukatzen zen testua: «Zer erranen dute gure atzekoek hala agitzen bada gure hobenez? Gutxienez, ez genuela izan ahalkea!».

Euskal pizkundea Zaraitzura zabaldua zela azaldu du Pulidok, beraz, ibarrean bazen giro euskaltzalea Federiko Garralda idazten hasterako. Apaizek ere euskara bultzatu zuten inguru haietan, Garralda historialariak esan duenez: «Giro euskaltzalea zabaldu zen horrela». Pulidok susmoa du aitak bultzatuko zuela idaztera; gainera, aita-semeak Euskal Esnalea aldizkariko harpidedunak ziren.

Federiko Garraldak zaraitzueraz idazten zuen, hitz egiten zuen bezala. «Saiatu zen euskara modu dotorean idazten, eta garai hartako neologismoak erabili zituen. Baina, konturatu zen ez zela erraza, eta, azkenik, erregistro arruntean idatzi zuen», esan du Pulidok. Pipitakiak, jokoak, txisteak... idazten zituen batez ere, eta Zaraitzuko bizitza biltzen zuten idazkiak. «Zaraitzuko bizitza nolakoa zen kontatzen zuen, idazle kostunbrista zen».

Pulidoren aburuz, testuak baliagarriak dira historia, antropologia eta filologiaren ikuspegitik. Garai hartako bizitza nolakoa zen kontatzen duenez gero, historia;haur jolasen bilduma argitaratu zuen, eta jolasak eta ohiturak nolakoak ziren jakiteko baliagarriak direnez gero, etnografia. Eta Federiko Garralda ikasi nahi duten filologoek, hark argitaratutako testu guziak elkarrekin dituzte liburuan, baita egileari buruzko informazioa ere. Gainera, jatorrizko argitalpenetan akats batzuk baziren, tartean esanahia aldatzen zuenik ere bai, eta horiek ere zuzendu dituzte liburuan.

Garraldarentzat proiektua «oso berezia» da, bere arbasoez eta haien hizkuntzaz ari baita. Baina ez horregatik bakarrik: «Kontakizuna aldatzeko ekarpena egin dugu». Izan ere, Zaraitzun «oinarri» bat zegoela berretsi dutela uste du: «Ez soilik literaturari dagokionez; bazen borondatea, bazen nahi kolektibo bat haien kultura eta identitatearen alde. Uste dut hori ez dela hainbeste ezagutzen». Pulidok «memoria ariketa» deitu du. Azaldu duenez, zaharrek uste zuten toponimia eta etxeen izenak zirela euskararen arrasto bakarrak, edo gazteleran dauden euskal hitzak. «Baina euskara oso bizirik zegoen, asko erabiltzen zen, eta berreskuratu ere egin liteke».

Garralda Whatsappen

Dagoeneko 90 urte igaro dira Federiko Garralda hil zela, baina, euskaltzale hark oraindik ere badu eragiteko gaitasunik. «Liburua idatzi dugu, jendea ezagutu dugu, eta proiektu hau bizirik dago», esan du Pulidok. «Liburutik ikas dezakegu. Proiektuak jarraitutasuna izatea, hori da benetako omenaldia», gehitu du Garraldak. Izan ere, Whatsapp talde bat sortu dute zaraitzueraz mintzatzeko. Garralda ere ikasten ari da, «emeki-emeki». «Zaraitzueraz hitz egin eta euskalkia ezagutzen dugu. Duela gutxi esamoldeei buruz aritu ginen taldean», azaldu du Pulidok. Oraingoz bost lagun daude garraldatarren euskaltzaletasunari segitzen, eta taldea zabaldu nahi dute: «Kontua da zaraitzuera pixka bat mantentzea, bosten artean bada ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.