Laborantza

Lurrama ere pandemiak joa

Lurrama laborantza herrikoia sustatzen duen erakustazoka ezeztatu du osagarri krisiak. Egun, lau lekukotasun ikusgai izanen dira telematikoki, 11:00etan.

Iazko Lurrama, Miarritzen, «sekula baino arrakastasuagoa» izan zen. Aurten, 15. edizioa ospatzekoa zuten, baina pandemiak ezeztatu du. GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
2020ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Egia da: berantetsia zaigu aurtengo Lurrama pasatu dadin. Energia anitz erretzen du; dena ezeztatzeko etengabeko mehatxua genuen; ororen buru, bertsio guziak ezeztatuak izan dira azken manu horrekin. Ez da goxo», aitortu du Iñaki Berhokoirigoin Lurramako lehendakariak, burumakur.

Euskal Herrian laborantza herrikoia garatzeko sortu zen EHGL Euskal Herriko Laborantza Ganbera, Lurramaren antolatzailea: ganberaren eta laborarien lana erakusteko xedez.

Aurtengoak edizio berezia izan behar zuen; izan ere, hamabortzgarrena da. Alta, pandemiaren ondorioz, dena bertan behera utzi behar izan dute, non ez den egun, 11:00etan telematikoki ikusi ahal izanen diren lau lekukotasunak, frantsesez, Lurramaren webgunean: www.lurrama.org.

Eta, iaz bezala, diru laguntza biltzeko kanpaina ere abiatua dute jada: «EHLG kinka larrian da. Aurten nahi izan dugu oroitarazi zer lotura organiko dagoen Lurramaren eta EHLGren artean. EHLGk Lurrama sortu zuen auzitan baitzen. Bestela, EHLGren besta-edo deituko genukeen», xehatu du Bixente Eiherabide Lurramako langileak.

Hartara, azpimarratu du Lurramak ez duela arazo ekonomikorik: «Estelle Goñi lankidea eta biok debaldetan ari izan gara lanean hilabete hauetan, baina ez dugu gasturik gehitu; azken buruan, ez dugu galtzerik, neurtu baititugu galtze horiek», erran du Eiherabidek.

Hala, oroitu da nola buruila hastapenean oraino pentsatzen ari zirela iazko «urte historikoa» errepikatuko zutela aurten ere. Izan ere, joan den urteko edizioak hiru egun eta hiru gau ukan zituenez, urte «zinez arrakastatsua» izan zen. Jende gero eta haboro abian dela ohartu dira antolatzaileak, bereziki Euskal Herri osotik, gero eta gehiago.

Baina EHLGri «ondorio txarrak» dakarzkio erakustazoka ez egiteak. Izan ere, ez da gutiestekoa Lurramaren ekarpen ekonomikoa: EHLGren urteko aitzinkontuaren %10 ments izanen ditu aurten. Hots, 100.000 euro ekartzen dizkio Lurramak urte guziez. EHLGk hogei langile ditu oraingo egunean. «Maxina handi hori martxan ezartzea lanjerosa zen; beharrik ez garela sartu buru-belarri». Egoerari egokituz joan dira, proposamenak pentsatuz, araudi berriak kontuan hartuz. Afera zen: «Bai ala bai zerbaiten egitea».

Diruz ezin ordaindua

Galtzea ez da bakarrik ekonomikoa; soziala ere bada. Hori du azpimarratu Berhokoirigoinek: «Harreman soziala eta EHLGren goraipatze hori ditugu galtzen. Maluruski, aurten, frankoren errealitatea da: Herri Urrats, Seaska, kultura...».

Eiherabidek ere bat egin du irakurketa horrekin: «Zinezko giza abentura kolektibo eder hori oso azkarra izaten da urte guziez. Horregatik, jendeak maite du Lurrama barnetik bizitzea; denen artekoa baita, eta laguntzaileak zaintzen baititugu. Himalaiara igotzea bezala bizitzen dut Lurrama. Penatzen nau. Herri mugimenduak desmobilizatzen dizkigute: kultura...».

Auzolana du oinarri Lurramak: Eiherabidek oroitarazi du milatik gora direla urte guziez laguntzerat doazenak; ingurumena, kontsumitzailea, ur baliabideak, gizakia eta abereak bihotzean jartzen dituen laborantza mota sustatzen duen erakustazokarat.

Aurten, Biharko mundua gaurko hautua du leloa. Gaurkotasunak manatu die gai hautaketa ere. Izan ere, itxialditik landa, ohartu dira mundu hori desberdina izanen zela. Lehendakariak azaldu du zerendako duten hautatu lelo hori: «Arazo nagusien arrazoiak nolakoak diren ikusi behar da, araberako modelo bat plantan ezartzeko. Bat-bateko izurritean mugatzeko ordez, arazoa zabalago ikusten duen bozak entzun dira. Gaur egun egiten ditugun hautuak eta plantan ezarri nahi direnak, bihar berantegi izanen da. Beraz, gaurtik hasi behar da galdera egokien pausatzen».

Leloari leial, aurtengo ugazaita Dominique Bourg filosofo frantses-suitzarra hautatu dute. Lausanneko unibertsitateko ohorezko irakaslea ingurumen arloko gaietan aditua da. Dolu du Lurramara ezin joanik; harentzat, zerbaiten ezagutzeko «bertatik bizi» behar baita. Dena den, argi du «iniziatiba ekologiko interesgarria» dela. COVID-19ari dagokionez, lehenetarikoa izan da osagarria eta ingurumenaren arteko lotura egiten. Pour un retour sur terre (Lurreratzearen aldeko) kolektiboko kide da, zeinak 35 proposamen plazaratu baititu.

Bere lekukotasunaren bidez ohartarazi nahi du egoeraren laztasunaz: «Pandemiaren egoera hau berezia da, baina jakin behar da segur ere guk dugula biziaren lehertze hau eragiten, laborantza konbentzionalaren ondorioz. Ez da deus okerragorik monolaborantza baino».

Europako mikrobio eta intsektuen egoerari arranguraturik so egiten dio: «Hondamendia da».

Kezkaz alde batera utzita, kexu da ere: «Ez dut entelegatzen. Oraingo egunean baitakigu bertze manera batez egiten; jakitatea badugu. Ez dut konprenitzen zerendako jarraitzen dugun eredu hiltzaile horrekin, badakigularik agroekologiak aterabidea ekar diezagukeela. Larritasunaz ohartu beharra da jendea. Alarma jotzea da hau».

Egoeraz jabetzeko, datu bat ere eman du: ekoitziriko elikadura kaloria bakoitzeko, hamar kaloria fosil xahutzen dira.

Eguzki ekoizpena bainoago, meatze ekoizpena dela azpimarratu du. Ez ditu hitzak leundu: «Izugarria da. Dena egin dezagun lehenbailehen ateratzeko laborantza mota honetatik». Hala, oraingoa bazterturik, zibilizazio berri bat nola marraztuko lukeen salatuko du lekukotasuna dela medio.

Preseski, Lurrama kari egitekoa zen mintzaldia, Hazitik azitara: nolako Ipar Euskal Herria 2050. urtean?, eginen dela abisatu du Eiherabidek. Ipar Euskal Herrian biztanle gehiago izanen direnez, ikerketa bat eskatu dute jakiteko nola baliatu beharko litzatekeen bertako lurra denen elikatzeko; elikadura burujabetzara ahal bezainbat hurbiltzeko: «Zinez interesgarria da, eta ahal izanen dugun bezain fite aurkeztu eta landuko dugu. Oraingo egunean ez baitira gehiago egiazko galderak pausatzen; dena larrialdiari begira baita. Urruntasun hori ez du gehiago nehork. Horretan datza gure ekarpen xumea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.