Museoen etorkizuna jomugan

'Museoen etorkizuna: berreskuratzea eta berrimajinatzea' lelopean, doako bisitak eta jarduerak antolatu dituzte hainbat museok, Museoen Nazioarteko Egunaren harira

Bilboko Guggenheim Museoaren kanpoaldea. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
ane insausti barandiaran
2021eko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Museoen etorkizuna: berreskuratzea eta berrimajinatzea lelopean egingo dute, aurten, Museoen Nazioarteko Eguna, maiatzaren 18an. 1977tik ospatzen du eguna Museoen Nazioarteko Kontseiluak (ICOM). Aurtengo helburua pandemiaren ondorenmuseoek egin dezaketen ekarpena aldarrikatzea da, eta irtenbide berritzaileak sortzea.

Hego Euskal Herriko hainbat museok doako sarrera eta egitarau bereziak prestatu dituzte. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, itxita daude oraindik ere, eta maiatzaren 19tik aurrera irekiko dituzte, konfinamendua arintzearekin batera. Baionako Euskal Museoak, adibidez, hilaren 22an irekiko ditu ateak.

ARABA

Gasteizko Artium museoan bisita gidatu bereziak antolatu dituzte gaurko eta biharko, Juncal Ballestin artistak zaharberritze prozesuan egindako lanari buruz. Asteburuan hainbat lantegi ere egingo dituzte, lorategian loreak landatzekoa, besteak beste. Arte garaikideko zaharberritze prozesuen berezitasunei buruzko hitzaldi bat eta dantza garaikidearen saio bat ere prestatu dituzte.

Arte Ederren Museoan, Arma Museoan, Natur Zientzien Museoan eta Bibat museoan bisita tematikoak antolatu dituzte, Emakumearen aztarna Arabako Museoetan gaia ardatz. Asteartean hasi, eta uztaila amaitu arte egongo da museoen ohiko orduetan bisita tematikoa egiteko aukera.

Horrez gain, asteartean bertan, Arma Museoan, Do Maru motako samurai armadura aurkeztuko dute. Arte Ederren Museoan, berriz, Federico Coullaut-Valera eskultorearen Emakume Nagia lana aurkeztuko dute; museoko lorategiko horma irudi batean dagoen lana da.

BIZKAIA

Bilboko Arte Ederren Museorako sarrera doakoa izango da asteartean, eta jarduera bat ere antolatu dute ordurako, Museoa Agerian izenekoa. Javier Novo museoko Kontserbazio eta Ikerketa koordinatzailearekin topaketak egingo dituzte 12:00etan, 17:00etan eta 19:00etan, museoen orainaz eta etorkizunaz hausnartzeko.

Guggenheim museora ere doan sartu ahal izango da, museoko erakusketak ikusteko. Tartean, Wassili Kandinskiren bilduma, maiatzaren 23ra arte ikusgai baitago.

Euskal Museoak eta Berreginen Museoak ere bat egingo dute egunarekin, doako sarrera jarriz eta jarduera programa bat eginez. Batetik, Euskal Museoak Berreskuratzea eta berrimajinatzea: Hezkuntza Zerbitzua agerian hitzaldia antolatu du astearterako. Bestetik, Berreginen Museoak Artelana bere testuinguruan hitzaldi sortaren barruan, hilaren 20rako hitzaldi berezi bat antolatu du. Horrez gain, maiatzaren 22an performance bat ikusteko aukera izango da, Itziar Martija teknikariari esker.

Euskal Abertzaletasunaren Museoan, berriz, Gazte ekintzaileak. Nola hurbildu artea gure ingurunera? hitzaldia antolatu du Sabino Arana Fundazioak, maiatzaren 18rako, 18:00etarako. Streaming bidez ikusi eta entzun ahal izango da solasaldia.

GIPUZKOA

Donostiako San Telmo museoakhilaren 18an, 22 aneta 23an museoa doan bisitatzeko aukera emango du. Hainbat musika ekitaldi antolatu dituzte hiru egun horietarako, eta, besteak beste, Kearen eta lanbroaren artean. Sigfrido Koch Bengoechea erakusketa ikusteko azken aukera izango da. Gainera, museoak egun hori baliatuko du erakusketa iraunkorra bisitariek euren kabuz egiteko sakelako aplikazioa argitaratzeko.

Eureka zientziaren museoak, berriz, hurrengo igandean ospatuko du eguna. Sarrera erdi prezioan jarriko dute (doan, 18 urtetik beherakoentzat), eta bisita gidatuak, planetario saioak eta ikuskizunak prestatu dituzte, jarduera zientifikoz beteriko programa osatuz.

Irungo (Gipuzkoa) Oiasso Erromatar Museoak, Txillida Lekuk eta Tolosako (Gipuzkoa) Topic museoek bat eginda ospatuko dute eguna, Aniztasunaren Gala egingo dute musika eta dantza emanaldiekin nork bere museoan, eta Pieza Bihurriak ekimena jarriko dute abian: irailera arte familiek museo bakoitzetik hiru pieza aurkitu eta sare sozialetara igoz gero, sariak eskuratzeko.

Donostiako Euskal Itsas Museoan, ostera, hilaren 22an erakusketara doako bisita gidatuak antolatu dituzte, eta hilaren 29an, aldiz, bertso saioa, Amets Arzallus eta Jon Maia bertsolariekin.

NAFARROA

Nafarroako Unibertsitateko Museoan ere doan sartzeko aukera izango dute herritarrek gaur eta bihar, zein asteartean. Ohi baino bisita gidatu gehiago egingo dituzte egun horietan, eta Luis Gordillo margolariaren Memorandum lanean oinarrituta, Todas mis caras after Gordillo izeneko tailerra antolatu dute.

Oteiza Museoak ere bat egingo du ekimenarekin. Asteartean eta hurrengo asteburuan sarrera doakoa izango da. Hilaren 22an Figuraziotik espazio hutsera. Oteiza Museoko bilduma ezagutu ibilaldi gidatua egingo dute, eta 23an, berriz, Etorkizuneko museoa. Etorkizuna museo batean familia jolasa egingo dute.

Nafarroako Museoak, asteartetik aurrera, bi areto berri izango ditu erakusketa iraunkorrean. Hitzaldi ziklo bat ere antolatu dute museoko areto nagusian. Streaming-ez ikusi ahalko dira saioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.