Heziketaren ezbaiez

Barakaldoko Expobaby & Kids ferian 12 urte arteko haurren zainketaren inguruko zalantzak argituko dituzte.80 mahai egongo dira asteburuan

Bigarren aldiz egingo dute asteburu honetan Expobaby azoka; iaz, 10.000 lagun bildu ziren. BERRIA.
Ihintza Elustondo
2016ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Gurasoak ohiko zalantzetan gidatzen saiatuko dira Expobaby & Kids egitasmoan. Erditu aurretik dituzten beharretatik hasita, umeak 12 urte bete arte izaten dituzten dudak argitzea da feriaren asmoa. BEC Bilbao Exhibition Centerren jarritako 80 mahaietan, umeen zainketarekin, elikadurarekin eta aisiarekin lotutako zerbitzuak eta produktuak egongo dira eskuragarri asteburuan.

Azoka antolatu duten bigarren aldia da. Iaz 10.000 bisitaritik gora bildu zituen, eta, horregatik, aurten eskaintza zabalagoa izango da. Berrikuntzen artean dago Capricare ahuntz-esne hautsa. Zeelanda Berriko DGC enpresak sortu du produktua, eta duela gutxi iritsi da Euskal Herrira. EFSA Elikadura Arloko Segurtasunaren Europako Agintarien Taldeak argitu du jaioberria garatzeko baldintza guztiak betetzen dituela.

Hitzaldi bat baino gehiago izango dira egunotan. Horien artean, Mercedes Agirre biologiako doktoreak emango duena nabarmendu dute antolatzaileek: Gure seme-alaben burmuina ezagutzea eta elikatzea. Elikadurak umeen eta nerabeen garapen kognitiboan eta emozionalean duen garrantzia landuko du. Era didaktikoan, burmuinaren heldutasun egokiaren oinarriak zein diren azalduko du, eta arazoren bat dagoen kasuetan, gainditzen lagundu. Gaur izango da hitzaldia, 19:00etan.

Horrez gain, hainbat gairen inguruko informazioa emango dute adituek: bularra ematea ezinezkoa denean dauden alternatibak, umeen segurtasuna, kotoi organikoaren onurak ume jaioberrietan, erditzea prestatzeko metodoak, zorriei eta katarroei aurre nola egin eta abar landuko dute.

Saioak haur eta helduentzat

Tailerrak izango dira azokan. Bizkaiko Maternaly etxeak Egin dantzan zure umearekin izeneko ikastaroa emango du. Hiru hilabetetik gorako umeentzat da, eta parte hartu nahi duten gurasoek jaioberriak eramateko gailuarekin, zapi batekin edo motxilarekin joatea gomendatu dute. Gaur eta bihar egingo dute, 18:15ean.

Gurasoentzat ez ezik, haurrentzat ere prestatu dituzte jarduerak. 2 eta 13 urte artekoentzat, sorkuntza tailer bat egingo dute gaur eta bihar egun osoan, hiru hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Gazteenentzat aisialdiarekin lotutako ekintzak izango dira, eta adinez nagusiagoak direnentzat, buru aritmetikako ariketak egiteko eta aurpegia margotzeko aukera egongo da, besteak beste.

Horrez gain, Emoi izeneko ikastaro bat antolatu dute haurrentzat. Norberaren emozioak eta inguruko jondearenak ezagutzen eta kudeatzen ikastea da saioen helburua, eta baita gizarterako trebeziak sustatzea ere. Horretarako, sormena, oroimen fotografikoa eta kontzentrazio ahalmena landuko dituzte. Aloha tailerraren xedea, berriz, memoria kalkulurako gaitasuna, trebezia matematikoak, psikomotrizitatea eta entzuteko gaitasuna bultzatzea dira.

Ume txikiak dituzten familiekin pentsatuta, bularra emateko eta fardelak aldatzeko gelak jarri dituzte, eta baita haurrak lau hankan ibiltzeko pista bat ere. Gurasoak lasai ibiltzeko, haurrentzat eskulanak egiteko gune bat eta parke bat ere egongo dira.

Expobaby & Kids feria

Gaur eta bihar, 10:00etatik 20:00etara, Barakaldoko BEC Bilbao Exhibition Centerren (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.