Zientziaren bizipenak

DBH eta Batxilergoko ikasleen 90 talde urte osoan garatzen aritu diren zientzia proiektuak erakutsiko dituzte gaur Bilbon, Zientzia Azokan

Iazko Zientzia Azokaren artxiboko irudi bat, Bilboko Plaza Barrian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
itziar ugarte irizar
2018ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
«Bizipen zientifikoak eragin nahi ditugu». Hori da gaur Bilboko Plaza Barria hartuko duen Zientzia Azokaren asmoa, Aitziber Lasa Elhuyar Zientzia eta Hezkuntza arloko arduradunaren hitzetan. DBH eta Batxilergoko ikasleentzako azoka da, Elhuyar Fundazioak urtero antolatzen duena. Zientzia kalera ateratzeko modu bat ere bihurtzen da azoka, baina ez da hori xede nagusia. «Batez ere, gazteei zientziaren eta teknologien mundua ezagutzea da ideia; nola lan egiten den, eta horko balioak transmititzea; kritikotasuna, ezagutza...», zehaztu du Lasak.

Gaurkoa azoka eguna izango da, egun oso bat, baina egun bakar bat. Gazteak, ordea, ikasturte guztian aritu dira gaur erakutsiko dituzten proiektuak garatzen. Horretarako, unibertsitateko 150 ikertzailerekin baino gehiagorekin aritu dira lanean. «Ikertzaileak ikasleen eskura jartzen dira; euren jarduna zein den ezagutzeko, eta euren eskutik aholku lana izateko», Lasak azaldu duenez.

33 ikastetxetako 250 talde baino gehiago aritu dira ikasturte honetan proiektuak garatzen; orotara, ia mila gazte. Gaurko azokara ez dira denak joango; orotara, 90 talde inguruk erakutsiko dituzte egindako lanak. «Azokaren eguna festa handi bat da, non gazteek urte osoan egindako zientzia-teknologia lan guztiak erakutsiko dituzten kalean. Gazteek kultura zientifikoa dakarte kalera, eta Elhuyarren aldetik, euskara sustatuta, gainera».

«Erdibideko mugarria»

Azokako eguna «erdibideko mugarri bat» izango da, Lasaren esanetan; beste azoka eta egitasmoetara iritsi aurreko mugarria.

Horretarako, ebaluatze talde batek lan batzuk nabarmenduko ditu, eta aipamena jasotzen dutenek hiru motatako sariak eskuratu ahalko dituzte. Lasak azpimarratu duenez, sariak berriz «zientzia bizipenak» izango dira: «Batetik, eta indartsuena, bidaiak eta beste azoketan parte hartzeko aukera; bigarrenik, egonaldiak inguruko ikerketa zentroetan eta zentro teknologikoetan, udan bi egun eurekin ikertzeko aukera eskaintzen dute; eta hirugarren sari mota ikastaroak izango dira, Bizkaia Talentekin edo UEUn, adibidez».

Hain zuzen, modu horretan Euskal Herriko zientzia eta teknologien «sare osoa» inplikatzea ere bilatzen du egitasmoak. «Ikertzaileek proiektuetan hartu dute parte, eta ikerketa zentroek gero hartuko dute parte, gazteak euren etxean hartuta». Ikuspegi bati erantzuten dio planteamendu horrek: ikerketa arduratsuaren fokuari. «Horrek jasotzen du ikerketa sistemak inplikatu behar duela gazteen zientzia hezkuntzan, genero berdintasunaren alde egin, irekitasuna sustatu... Azkenean, leloa hori da: bizipenak eta komunitatea».

Zientzia Azoka

Gaur, 11:00etatik aurrera,Bilboko Plaza Barrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.