Euskarabenturak eta BERRIAk, konpromiso bera: euskara

Hainbat toki bisitatu ostean, BERRIAren egoitza izan da espedizioaren geralekua. Gazteek kazetarien lana ezagutzeko aukera izan dute, Martxelo Otamendik lagunduta

BERRIAren Andoaingo erredakzioa bisitatu zuten Euskarabentura espedizioko gazteek, atzo; kazetarien lana gertutik ezagutu zuten. JON URBE / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Andoain
2018ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
«Hamabost urtez euskalgintzaren eta kulturgintzaren elkargune». Andoaingo (Gipuzkoa) Martin Ugalde Kultur Parkeko leloarekin hasi zuen Ane Fernandez parkeko arduradunak aurkezpena. Tolosatik Hernanirako bidean, Andoainen egin zuten geldialditxoa atzo Euskarabentura espedizioko kideek, Martin Ugalde kultur parkea eta BERRIAren egoitza ezagutzeko.

Martin Ugalde parkea 23 elkarte, enpresa eta erakundek osatzen dute. Guztiek bi baldintza betetzen dituzte: kultura eta euskara alorrean lan egitea eta euskaraz lan egiteko konpromisoa izatea. Fernandezek hori azaldu zuenean, gazteek gogora ekarri zuten euren konpromisoa: izan ere, Maulera joan aurretik, hilabete osoan euskaraz biziko zirela sinatu zuten.

Gazte askok kultur parkea ezagutzen ez zutenez, era laburrean azaldu zien Fernandezek zer den: «lantokia lan soil bat izan ez dadin» hainbat ekintza egiten dituztela esan zuen, euren arteko harremanak sendotzeko. Horren adibide dira Martin Ugalde Eguna eta formakuntza ikastaroak.

Azalpen horien ondoren, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariaren txanda etorri zen. «Ofizio polita da kazetaritza. Jende asko ezagutzeko aukera ematen dizu, jende desberdina. Horrela, asko ikas daiteke, eta formatzeko aukera ematen du», hasi zen Otamendi. Kazetari lanean jarri zituen gazteak, haiei galderak eskatuz. Hainbat egin zizkioten, egunkariari buruzkoak eta berari buruzkoak.



Otamendik, berriz, Euskarabenturan kazetari izan nahi duen norbait ba ote dagoen galdetu zuen. Bik altxatu zuten eskua. Sara Lanz Legazpikoa da (Gipuzkoa), eta 18 urte ditu; begirale praktikak egiten ari da espedizioan. Hurrengo urtean kazetaritza gradua ikasten hasiko da EHUn, eta gogotsu dago: «Betidanik gustatu zait ofizio hau». Txikitan telebistan lan egin nahi zuen arren, orain dio irratian jardun nahiko lukeela, edo prentsa idatzian. Kontrakoa esan zuen Asier Bolaños gazteak. Berangokoa (Bizkaia) da, eta 15 urte ditu. Telebistan lan egitea gustatuko litzaioke hari. Betidanik gustatu izan zaio egunkariak eta aldizkariak irakurtzea. Bere lehenengo aldia zen erredakzio batean, eta «harritu» egin zuela azaldu zuen: «Lan pertsonalagoa izango zela espero nuen. Giro ona ikusi dut kazetarien artean».

Irribarre artean amaitu zuen Otamendik: «Espero dut gaurko saioaren ondoren zuetako gehiagok kazetaritza ikasi nahi izatea». Aurkezpenaren ostean, espedizioko kideek erredakzioa bisitatzeko aukera izan zuten. Bertan ikusi zituzten lanean kazetariak, baita egunkarian lan egiten duten beste langileak ere. Bolaños ez zen erredakzio bat lehenengo aldiz ikusten zuen bakarra.

Amonarrizen hitzaldia

BERRIAra bisita egin aurretik, ostegunean, Kike Amonarrizen hitzaldia entzun zuten gazteek, Gipuzkoako egoera soziolinguistikoari buruz.

«Nik 14 urte nituenean, inork inoiz ez zuen akatsik egiten euskaraz Tolosan, %100ek erdaraz hitz egiten baitzuten». Kike Amonarrizek gaztaroan erdaraz bizi izan zela azaldu zien gazteei, Abaigarreko udalekuek «bizitza aldatu»zioten arte. Tolosan eman zuen hitzaldian, azaldu zuen emozionatu egin zela Euskarabenturari buruz hitz egin ziotenean. Proiektua begi oso onez ikusi zuen, eta ez zuen galdu nahi izan parte hartzeko aukera.

Hitzaldian, euskararen egoerari buruz hitz egin zuen. Azpimarratu zuen euskaldunek buruan sartua dutela galera hitza. «Euskara galtzen ari da, gero eta gutxiago hitz egiten da... eta biziraupena zer? Ezin da ahaztu hizkuntza ia 40 urtez debekatuta egon zela, eta, hala ere, bizirik dirau. 1991tik ia 300.000 euskaldun gehiago gara, eta Gipuzkoan %50,6 euskaldunak dira, eta %17,3 ia euskaldunak», azaldu zuen.

«Euskaraz hitz egiten badakigu, zergatik ez dugu erabiltzen?». Bakoitzak bere arrazoiak dituela esan zuen: «Horien artean daude akatsak egiteko lotsa, ohitura ez izatea, eta ulertua ez izateko beldurra. Guztiok besteen arrazoiak onartzen ez baditugu, euskararen erabilera ez da handituko».

Amonarrizen hitzaldia ez zen umorerik gabekoa izan. Txisteak eta euskaraz txarto idatzitako kartelak ere egon ziren. «Nola esaten da txineraz emakumea hondartzan? Kontxi Kontxan», hori izan zen gazteak barrez lehertu zituen txistea, eta espedizioan zehar ahaztuko ez dutena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.