EUSKARABENTURA

Hizkuntza ekologia jomugan

Euskarabenturako gazteek klima larrialdiaz hitz egin dute Bizi mugimendukoekin, Baionan; Iparraldeko egoera soziolinguistikoa ere ezagutu dute.

Biziko kideekin jolas bat egin dute, klima larrialdiari buruz. MIRIAN ALONSO / EUSKARABENTURA.
ane insausti barandiaran
Baiona
2019ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
L ezotik (Gipuzkoa) Donostiara, hamahiru kilometroko etapa egingo dute gaur Euskarabenturako gazteek. Geroz eta gutxiago falta da abentura bukatzeko; izan ere, hilaren 31n amaituko dute, Getxon (Bizkaia), uztailean Euskal Herria euskaraz zeharkatzera bultzatu dituen espedizioa.

Lapurdin igaro dute asteburua jzioquitarrek. Irundik (Gipuzkoa) Donibane Lohizunera (Lapurdi) joan ziren larunbatean, eta handik Baionara, igandean, hondartzan bainua hartu ostean. Baionan, klima larrialdiaren inguruko dinamika bat izan zuten, Bizi Ipar Euskal Herriko mugimendu altermundistako kideekin.

Gaua Baionako Beñat Etxepare institutuko instalazioetan pasatu, eta Lezora joan ziren trenez atzo. Han, euskarara gerturatu diren gazte atzerritar batzuekin solasaldia izan zuten, bakoitzak euskararekin duen harremana nolakoa den jakiteko.

Eguna bukatzeko, Laura Vela filologo eta hizkuntzalariak Hizkuntzaren zientzia eta hizkuntza aniztasuna izeneko saioa egin zien. Aste oso batez, Vela espedizioan izan dute boluntario gisa lanean, eta hizkuntzalaritzaz mintzatu zen afalosteko hitzaldian.

Aurretik, igandean, Bizi mugimenduko kideekin klima larrialdiaren garapenaz jardun zuten gazteek Baionan, eta aulki jokoaren antzeko jolas bat egin zuten: larrialdiak aurrera egin ahala, geroz eta jende gutxiago geratzen zen jolasean, klima aldaketaren ondorioz hiltzen ari diren pertsonak irudikatzeko.

Gazte askok gai horren inguruan egin zuten Euskarabenturan sartzeko lana, aztarna ekologikoaz, hain zuzen. Amaia Axpe jzioquitar bilbotarrak, esaterako, erakundeek gaiari «garrantzi gutxiegi» ematen diotela adierazi zuen: «Gure etorkizuna da, gure seme-alabena». Sistema osoa aldatzeko beharra ikusten du Axpek. Eneko Perez tuterarrak ere uste du askok bigarren mailako arazotzat daukatela, oso garrantzitsua den arren: «5-10 urte barru egin ditugun kalteak ezingo dira konpondu». Eneko Gallastegi donostiarrak aldaketa oso azkar doala nabarmendu du. Egunerokoan aldaketak txertatzea proposatu zuen Gallastegik, enpresei plastikoaren erabilera murrizteko presioa eginez, adibidez: «Batek ez du askorik lortuko, baina denok batera, bai».

Euskara Ipar Euskal Herrian

Asteburua Lapurdin igarota, bertako errealitate soziolinguistikoaz hausnartzeko parada izan zuten gazteek. Askok ez zuten egoeraren berri, eta Eneko Gorri Miarritzeko euskara teknikariak gidatutako saioan datu ugari jaso zituzten.

Gallastegik, esaterako, Lapurdiko kaleetan, lehen kolpean, euskara «galduta» dagoen sentsazioa izan zuen. Gorriren soziolinguistika saioak, ordea, itxaropena piztu zion: «Iparraldean ere aurrera doa euskara pixkanaka; jende asko dago martxan, ikastolak, mugimenduak, ekinaldiak...».

Perezek nabarmendu zuen leku turistikoetan hutsaren hurrengoa zela euskararen presentzia. Tuteran duten egoerarekin antzekotasunak ikusi zituen: «Euskaldunok bizirik dagoen kolektibo bat garela erakutsi behar dugu, eta hezkuntzan bultzada eman, denok euskaraz ikasi ahal izateko».

Axpek ere turismoak euskaran duen eragina sumatu zuen. Harritu egin zuen Euskal Herrian hainbeste frantses entzuteak eta irakurtzeak: «Turista asko dauden tokietan, euskararen presentzia ahulagoa da». Haren ustez, gazteak dira euskararen erabilera bermatzeko gakoa: «Gure esku dago hizkuntza ohitura berriak zabaltzea, gure atzetik datozenek euskaraz egin dezaten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.