Euskal Encounter

Banaka, baina elkarrekin

Marka guztiak hautsi ditu Barakaldoko BECen egiten ari den Euskal Encounter informatikazaleen 27. topaketak: inoizko jendetsuena eta azkarrena izaten ari da.

Askotariko simulagailuak daude BECen. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Barakaldo
2019ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Nork bere pantaila, bere teklatua eta bere eserlekua. Dena prest dutela batzuk, eta muntaketa lanetan beste asko. «Badirudi batzuek beraien logela osoa ekarri dutela», esan du, irriz, Diego Charro bilbotarrak. 2003.urteaz geroztik, ia urtero izan da Euskal Encounterrean. Etxeko ordenagailua eskuetan duela, egokitu zaion txokoaren bila ari da Charro. Bitxia da Euskal Encounter topaketarena, nor bere ordenagailuarekin aritu arren, taldetasuna nabarmentzen baitute gehienek. «Elkargune erraldoia da hau», nabarmendu du. Baietz dio Asier Sanchezek, haren lagunak, aldamenetik. «30 laguneko taldean etorri gara. Badira hemen soilik ikusten ditugunak ere». Informatika eta teknologia berrien alorrean Euskal Herrian egiten den topaketarik handiena da Euskal Encounter, eta huts egin ezinezkoa da askorentzat. Ofizialki atzo hasi zen 27. edizioa, baina asteazkenean hasi zen jendea biltzen. Igandera bitarte, gauak eta egunak igaroko dituzte 5.000 lagunek baino gehiagok Barakaldoko BEC erakustazokan; denak ere, ordenagailuari lotuta.

Azkartasuna da topaketaren marka nagusia, segundoko 60 gigabyteko abiaduran, munduko jardunaldirik bizkorrenetakoa baita Barakaldokoa. Nolanahi ere, talde giroa aipatu du Santiago San Vicente Euskal Encounterreko arduradunak. «Taldean egotera dator jendea; bideo jokoetara jolastera baino gehiago, bere hizkuntza berean hitz egiten duenarekin elkartzera, alegia. Sare asko sortzen da areto honetan». Horixe da, hain zuzen, Ainhoa Ajuria eta Patricia Rodriguez bilbotarrek azpimarratu dutena. Laugarren urtea dute aurtengoa, eta kanpadenda eta guzti egin dute BECera. «Asteazkenean etorri ginen, eta bertan egin dugu lo. Aurreko topaketetan ezagututako jendearekin elkartuko gara», azaldu du Ajuriak.

Talde giroa oinarri

Euskal Herritik kanpoko herritarrak ere erakartzen ditu topaketak. San Vicentek azaldu duenez, parte hartzaileen %55 da Euskal Herrikoa, eta %45 Euskal Herritik kanpokoa. Valentziako (Herrialde Katalanak) Julian Verdejo da horietako bat. «Etxetik bota gaituztela dirudi, ezta?», burla egin du, etxetik ekarritako eserlekuak, janariz betetako poltsak, hozkailuak eta, nola ez, ordenagailuentzako hamaika tresnak erakutsiaz batera. Kafe kikara eskuan duela aitortu du, hiru ordu baino ez dituela lo egin. «Bart goizaldeko seietan erretiratu naiz, eta goizeko bederatzietarako hemen nengoen berriz».

Beste hamar lagunekin batera etorri da Valentziatik; tartean, Emi Llovell. Seigarren aldia dute denek. «Ni naiz taldearen ziber-amona», esan du Llovellek, irribarretsu. «Etxean geratzeko esaten didate, baina jota ere ez nuke hau galduko. Aitona-amonak, seme-alabak eta bilobak etortzen gara hona, urtero: familia plana da. Zaila da azaltzea zer aurkitzen dugun hemen, edo zer ematen digun topaketak. Jakiteko, barrutik ezagutu eta bizi behar da».

Giroa nabarmendu dute valentziarrek: «5.000 lagun elkartzen gara hemen, eta errespetuzko tratua erabatekoa da. Ordenagailuak eta tresna guztiak hemen uzten ditugu, ez da inoiz lapurreta kasurik izan. Hori gauza handia da». Azken sei urteetan jende asko ezagutu dutela azpimarratu dute biek ala biek. Gauza bera aipatu dute Jonathan Ganak eta Veronica Fernandezek ere. Informatikarekin zerikusia duten lanetan aritzen dira; esan dutenez, beraien jardunean baliagarriak zaizkien tresnak ezagutzeko aukera ere ematen die topaketak.

Iaz bezala, Opengune doako espazio irekia ere jarri dute aurtengoan, ordenagailu postu finkorik ez duten bisitariak biltzeko. Informatikari eta teknologiari buruzko tailerrak eta hitzaldiak egingo dituzte, egunero, bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.