Irabazlerik gabeko lasterketa

Zale soil edo lasterkari trebe, 2.000 lagunek hartu dute parte Aste Nagusiko hiri krosean. Sargoria dela eta, batzuei gehiago kostatu zaie ibilbidea osatzea.

Nagusi zein ume, denek egin dute lasterka, bakoitzak bere mailan. M. R. / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2019ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Bero sapa honekin eta bazkariko digestioa amaitu gabe, ez dute meritu makala!». Jokin Aurrekoetxeak gurago du lasterketa urrunetik begiratu. Beste lagun birekin dago Pinpilinpauxaren txosnaren eta parean dagoen Aste Nagusiko hiri kroseko helmugaren artean. Lagunek garagardo katxi bana dute; Aurrekoetxeak, bi. «Egarri naiz eta!». Sargori egin die korrikalariei.

Umeetatik hasi eta helduetara arte, 11 lasterketa egin dira, tartean gurpil aulkian doazenena ere badela. «Eta ni zeinetan sartuko naiz?», galdetu du Portugaleteko (Bizkaia) Antonio Jimenezek. Oina bihurrituta dago, makulu birekin. «Umeenen lasterketako 300 metroak osatzeko arratsalde osoa beharko nuke. Oraindik moldatu ezinik nabil».

Parte hartzaileek, ordea, arazorik gabe lortu dute helmugara iristea. Korrika egiten lehenengoetakoa Miribillako (Bilbo) Haize Berlanga izan da. 5 urte egin berri, estreinakoz jantzi ditu zapatilak hiri krosean parte hartzeko. Nekatuta eta lotsatuta, harro azaldu du berak bakarrik osatu duela ibilbidea, amak bazterretik animatu duen bitartean. «Asko entrenatu dut aurreko egunetan». Aitortu du apur bat kostatu zaiola ibilbidea osatzea. Hala ere, gustatu zaio esperientzia, eta datozen urteetan ere parte hartzeko asmoa agertu du. Hurrengo Aste Nagusira arte entrenatzen jarraitzeko konpromisoa hartu du.

Guztira, 2.000 parte hartzaile izan ditu aurtengo lehiak. Ekainean ireki zuten izena emateko epea, eta Bilboko Konpartsek jakinarazi dutenez, astebetera dortsal guztiak banatuta zeuden. Urtero antzeko zerbait gertatzen da. Arin ibili behar izaten dute parte hartu nahi dutenek; bestela, zenbakirik gabe geratzen dira ohartu orduko. Hori gertatu zitzaien iaz Dario Velascori eta haren seme Davidi. Burgoskoak (Espainia) dira biak. «Etxea erosi dugu Bilbon, eta hona etortzen gara Aste Nagusirako. Iaz ezagutu genuen hiri krosa, baina dagoeneko berandu zen izena emateko. Aurten, adi ibili gara epea noiz irekiko». Semea lasterka ibili zalea da; aita ez hainbeste. «Ni ez naiz batere entrenatu. Uda lasai egoteko da, atseden hartzeko. Hona ez da irabaztera etorri behar, parte hartzera baizik. Txaloak lehenengoarentzat eta azkenarentzat, biek osatu baitute ibilbidea».

Ajea pasatu gabe ere bai

Ibilbiderik laburrenak 300 bat metro izan ditu. Luzeenak, berriz, sei kilometro: Epaltza Alargunaren kaletik abiatu eta itsas museora arteko hainbat buelta egin behar izan dituzte. Tartean, lasterkari profesionalak ere izan dira. Andreen artean, besteak beste, Natalia Gomez barakaldarra, Maider Fernandez de la Peña leioaztarra eta Andrea Mediero portugaletetarra ibili dira zaletuen artean korrika. Gizonezkoen mailan, berriz, Diego Cuadradok iaz ezarritako marka hobetzea izan du helburu.

Baina Aste Nagusian lehiak ez du aparteko garrantzirik. Hala uste du Iryna Martynenko ukrainarrak. Bilbon bizi da azken zazpi urteetan, eta aurtengoa hirugarren hiri krosa izan du. «Lagunak etortzen gara. Irteeran eta helmugan elkartzen gara, bakoitzak bere erritmoa dugu eta. Batzuk denbora hobetzera etortzen dira; parte hartzearekin nahikoa dut nik». Dena den, ez da edonolako lasterkaria. Ia egunero irteten da korrika egitera. Aste Nagusiko hiri krosean ez ezik, Bilboko herri krosean eta Bilbao Night Maraton lasterketan ere parte hartzen du.

Iskander Zabalak, ostera, «engainatuta» hartu du parte. Ivan Dominguez lagunak eta biek egin dute lasterka helduen proban. Dominguezek «erraz» bukatu du. Baina Zabalak ez du kilometro erdia ere osatu. Lagunari bota dio errua: «Horrelako zerbaitetarako konbentzitzen nauzun azken aldia da». Gero aitortu du bezperako parranda asko luzatu eta 12:00etan etxeratu dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.