Kontrabandoa, diru bandoa

Mugari abantaila ekonomikoak atera izan dizkiote mendeetan. Sarako bisita gidatuak kontatu ditu nondik norakoak. Mixel Gerendiainek bereak kontatu dizkio BERRIAri.

Saran, Ezkertegia etxearen parean, erromatar galtzada gainean, gidak kontatu ditu kontrabandoaren nondik norakoak; gibelean Nafarroa ageri da. GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Sara
2022ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Sarako (Lapurdi) plazak isildurik dauzka bide zidorretako istorioak, harri kantoi gotorrek badute zernahi behaturik, deus sekula salatu gabe. Haietako batzuk kontatzekoak ditu egun herriko turismo bulegoko gidak: Kontrabandisten urratsean itzulia kari. Taldea mehea da aski, turistak oraino bidean baitira. Euskal talde bat bilduz gero, bisita euskaraz egin lezakeela abisatu du; oraingoan, alta, ez: frantses hutsean.

Ekialderat buruz eraman du taldeñoa, Ezkertegia parerat, erromatarren galtzadatik hurran. Arrotzari azaldu dio non dagoen, garaileen mapetatik kanpo. Ikus ezinezko sareetan barrena milaka urratsek, kilok eta pintek joan-jinak egin dituzte mendeetan, kontrabandisten belaun eta bizkarren kalterako. Bereziki «hemen», mendi apala baita, eta oihantsua, jendeak eta puskak ongi kukutzeko parada emanez, zergarik ordaindu gabe, legeari muzin eginez, komisioa ukanez.

Gidak oroitarazi du: «Muga dagoenez geroztik, 1659an, bada kontrabandoa. Normala zitzaigun normala ez zen gauza bat. Etxean betitik ikusi izan dut, eta nihaurek ere egin: zigarreta paketeak erosten bainizkien Dantxarinean [Urdazubi, Nafarroa] Bordeleko [Okzitania] ene ikaskideendako. Naturala zen». Etxeen arteko kontrabandoaz mintzatu da, hau da, eskatu die bisitariei etxe bat irudikatzea, eta horrek dituen beharrak.

Funtsean, mugaren alde batean deus merkeagorik bazen, hori zen bertzalderat pasatzen. Oroitu da, adibidez, Bigarren Mundu gerlaren garaian, penizilina eskasia zegoela. Esneontzietan sartu eta muga zeharkatzen zuten: Frantziatik Espainiarat, Lapurdi eta Nafarroan gaindi, beraz. Dentela ere berdin: «Penizilina garraiatzen ari zela, bat kasik ito zen Lapitxuri zeharkatzean. Bertze behin, batzuk alemanek atzeman zituzten, eta tirokatu! Denek uste zuten hilak zirela, baina ez: egun batzuen buruko, etxeratu ziren». Urrea eta larrua, konparazione, prezio erdian zeuden Lapurdin. Azpimarratu du hizkuntza bakarra zela orduan, kontrabandoaren buru batetik bertzerat, ez zutela «beharrik» ez frantsesik ez ere espainolik ikasteko: «Euskara zen gure lengoaia». Denak bat eta denendako gune bakarra, negoziorako eta «esposatzeko». Gehitu du salerosketa haien izenpedura bakarra ahozkoz emanikoa zela: hitza hitz.

Galtzerdien urrats isilak

Gogoan du oraino, behin, haurra zela, goizeko 02:00etan ikusi zituela etxe ondo-ondoan 50 zaldi, galtzerdiak patetan, gizonik batere gabe. Biharamunean, aitari galdetu zion zergatik kabala horiek galtzerdiak beztituak zituzten: «Herexarik ez uzteko, eta harrabotsik ez egiteko», erantzun bide zion aitak. Larhun kaskoan lanean ari ziren langileena ere kontatu du, handik ekartzen baitzuten alkohola, eskualdeko ostalari guziak hornituz.

Irudiz gizonezkoena baizik ez zen esparruan, emazteek ere franko parte hartu zuten: «Flasko ttipiak garraiatzen zituzten alkoholaren egiteko, gerlako argi ttipiak, sandaliak, eta bizikleta asko: lotzen zioten gurdi zahar bat tresna zaharrez betea, bizikleta berriaz nehor ohar ez zedin».

Mugitu da taldea, eta hor dago ostatuan geldi-geldia Mixel Gerendiain saratarra, plazari so, garagarno freskoaz gozatzen ari.

Lehengusua kontrabandista handia izana du berak: «Behi bat hartzen zuten, Nafarroarat igortzeko, frankotan haurrek sokatik tiraka eramaten zuten mugatik hurbil zegoen etxalde batetarat, erranez estaltzeko zela, zezenarengana, hots. Baina, han, hirugarren baserriko behi batekin trukatzen zuten. Hirugarren baserri horretakoek funtsa egiten zuten behia mugaz bertze alderat pasatzeko. Polita da istorioa, ez dea hala?». Aitzinerat ezarri du «peoiak» zirela horiek, gainean «egiazko nagusiak» baitziren. Hala, behorrak ere anitz pasatzen ikusi du, baserri batzuk «topalekuak» ziren. Gerendiainen lehengusuak «lorietan» egiten omen zuen lan hori gaztetan, hilabete saria ateratzen zutela hola. Behorrez gain, Andaluzia zolatik mandoak sartzen omen ziren Nafarroarat lehenik, eta hortik, Lapurdirat. Kabala horiek segur ere haragitarako ekartzen zituztela, baina baita lanerako edota igaiteko.

Auzoen arteko auzia

Sarako kontrabandoa auzoka antolatzen zen, Gerendiain bera oroitzen da bere auzoan, Olhabiden, bazutela zentro bat; haiei muga Galtzagorri edota Apexamenttatik zanpatzea zegokien. Auzoen nagusien artean ez zen beti giro amultsurik: «Kasu! Elkarren artean ez zuten barkatzen. Batzuk arrastatuak izaten ziren, bertze auzoetako batzuek salaturik». Gizonek «Izpitua» (Izpiritua) garraiatzen zuten bizkarreko metalezko «Birunetan» (bidoietan): sulfatoa lainoztatzeko ontzi horien gisakoa, zehaztu du. 35 pinta aguardient eramaten zuen lagun bakoitzak: «Binaka ibiltzen ziren gau ilunean, eta bikoteen artean tartea uzten zuten, batzuk atzematen bazituzten, ez batean denak hartuak izateko». Alkohola Donibane Lohizunerat (Lapurdi) eramaten zuten oinez.

Gerendiainen aita zena ere hala aritu zen, laguntzen: bere kargua «espi» zen (espioi); bideak guardez garbi ote zirenetz egiaztatu beharra zuen. Hilabete saria «borobiltzeko» balio zion: «Amari entzun nion, argi eta garbi, aitak larruzko paltoa erosi ahal izan zuela kontrabandoari esker».

1970-80ko urteetan aratxeak pasatzeko «furia» izan zela gogoan du, Lapurdirat nonbaitetik heltzen ziren kamioietan, ez baitezpada Euskal Herrikoak, eta, jausten ziren muga aitzintxo. Oinez zangopilatzen zuten muga, eta, Nafarroan, bertze kamioietan kargatzen, Andaluzia zolaraino eramanez, gizentzeko.

Kabala, puska, janari eta edariez gain, ordea, izan da ere bertzerik. Kopeta ilundu zaio tanpez Gerendiaini, atxikia baitu oroimenean gau batez ikusi zuena, haur denboran: «Portugesak ziren, gaizo jendea». 1973ko tragedia oroitarazi du, Ezpeletan zendu baitziren hiru afrikar, gosez eta hotzez hilak. Gertakizunari bertso famatuak paratu zizkion Xalbadorrek: «Arrotz horiek horrela hiltzen ikusiz gure artean, nolaz eduki ginezakegu kontzientzia bakean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.