Albistea entzun

Itsasertza dastaleku

Era askotara dastatu ahal izango da berdela Mutrikuko XXI. Berdel Egunean.

Kontzertuak, lehiaketak... izango dira egun osoan zehar
Emakume bat berdel pintxoak prestatzen, duela hiru urteko Berdel Egunean.
Emakume bat berdel pintxoak prestatzen, duela hiru urteko Berdel Egunean. MUTRIKUKO UDALA Tamaina handiagoan ikusi

Ihintza Elustondo -

2016ko apirilak 2

Udaberrian sartu orduko ospatu ohi dute Berdel Eguna Mutrikun (Gipuzkoa). Eta, aurtengoan ere, iritsi da herritarrek galdu ezin duten festa. Arrantzaleen jantzi urdinak soinean, berdela sustatzeko eguna dute gaurkoa. Tabernetan, nahiz gaurko propio jarritako postuetan, arrain hori izango da protagonista bakarra. Bertakoez gain, berdel pintxo batzuk jateko gogoz dagoen edonor joan daiteke hara. Arraina eta herria ezagutzeko aukera polita da gaurkoa.

Arrantzaleak berdel kanpainan sartuta daude jadanik, eta, nahiz eta urtero kuota txikiagoak izan, itsasoari loturiko sektorearentzat garrantzi handia du kanpaina horrek. Horregatik, Mutrikun, arrainaren ezaugarri gastronomikoak eta osasungarriak ezagutarazteko, jaia antolatu dute gaurko.

Ez dute nolanahiko festa antolatu, gainera; zenbakiei erreparatuz gero, behintzat. Guztira, 1.800 kilo berdel erosiko dituzte, ondoren sukaldariei eta boluntarioei banatzeko. Berdelarekin egindako 10.000 pintxo prestatuko dituzte, 7.000 berdel erre anoa eta 1.500 berdel marmitako anoa. Azken horiek herriko elkarteek prestatuko dituzte.

Goizean goizetik hasiko da jaia. 09:00etan azoka txikia egingo dute plazan; 14:00etara arte egongo dira zabalik postuak, eta denetarik salduko dute. 10:00etan, berriz, XI. Belaontzien Txapelketa egingo dute, Kalatxori elkarteak antolatuta.

Eguerdian poteoaren txanda izango da. 12:00etan hasita, berdel pintxo-potea egingo dute herriko tabernetan. Ordu berean, gainera, trikitilariak ibiliko dira herriko kaleetan barrena.

Gastronomia nagusi izango den arren, musikarik ere ez da faltako gaur. Izan ere, gastronomia eta kultura nahasten ditu gaurko jaiak. Herriko abesbatzak bilduko dira 13:00etan Zabiel plazan, eta kontzertua emango dute.

Pintxoak eta musika

Goizeko ekitaldiak bukatuta, arratsaldean jarraituko du festak. 18:00etatik aurrera portu inguruan batzen hasiko dira herritarrak, itsasertza jendez bete arte. Izan ere, postuak jarriko dituzte portuan, berdela era askotara dastatu ahal izateko: parrillan eginda, marmitakoan, kroketa erara... Trago bat eskuan eta ahoa beteta ibili ohi dira gehienak.

Portuko berdel dastatzea izan ohi da eguneko ekitaldi nagusia. Baina ez azkena. Giroa musikaz alaitzeko, 19:30ean The Uski´s musika taldeak kontzertua emango du portuan bertan.

22:00etan, II. Berdel Saria banatuko dute, eta, ordu berean, zesta puntako finalak jokatuko dituzte, Miruaitz pilotalekuan. Mutrikuko Danok Bateko pilotariek Markina-Xemeingo taldearen aurka jokatuko dute. Gazte eta nagusi mailako partidak jokatuko dira.

Berdel Eguna gaur duten arren, aurretik murgilduta ziren herritarrak ospakizun giroan. Joan den martxoaren 23an, berdel aipamena eman zioten Iñigo Lezertuari. Eskamak kentzen telesaileko gidoilaria da mutrikuarra, eta saioak herrian egindako ekarpenagatik saritu dute.

XXI. Berdel Eguna

Gaur, egun osoan, Mutrikun (Gipuzkoa).

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Kaleak, musikaz blai
 ©PEIO GOIENETXEA

«Indartsu dago Euskal Herriko hardcore eszena»

Unai Etxenausia

Euskal Herriko hardcore eszenaren parte da Gonzalez. 'Zaldi Beltza' kaleratu berri du Vibora taldearekin, depresioari eta antsietateari erreferentzia egiten dion diskoa.
Maialen Chourraut piraguista, <em>Geldiezinak</em> proiektuaren fotograma batean. ©BASQUE TEAM

'Geldiezinak' proiektua sortu dute emakume kirolarien lanari balioa emateko

Amaia Jimenez Larrea

Emakume kirolarien lanari balioa emateko asmoz, Eusko Jaurlaritzak eta Basque Team fundazioak 'Geldiezinak' proiektua sortu dute. Podcastek, bideoek eta ipuinek osatzen dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...