Lur azpitik, azokaraino

Boilurraren azoka egingo dute, gaur eta bihar, Orisoainen (Nafarroa), produktu preziatuaren ezaugarriak ezagutzera emateko asmoarekin

Produktu oso preziatua da boilurra, eta garesti saldu ohi da merkatuan. JESUS DIGES / EFE.
Julen Aperribai.
2016ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Lur azpian hazten den onddo preziatua da boilurra. Ez edozein lur azpitan, ordea, zuhaitz jakin batzuen sustraien inguruan sortzen baitira. Klima lehorra duten lekuetan soilik aurkitu ohi dira, negua hotza eta uda beroa den inguruetan. Baldintzahoriek betetzen dituzte Orbaibarreko lurrek, Nafarroako erdialdean. Hori dela eta, produktu ezaguna dute bertan boilurra. Are ezagunago egingo dute, gaur eta bihar, Orisoainen, Boilurraren XV. azokan. Produktua ezagutarazi nahi dute, hori dastatzeko aukera emanez, baina baita nola biltzen den erakutsiz ere. Bi eguneko egitarauarekin egingo dute hori guztia, tartean astialdirako aukera ere eskainiz bertaratzen denari.

Boilur biltzaileak isilpean aritzen ziren garai batean, gainerakoei aurkitu zutena non eta nola jasotzen zuten ia azaldu gabe. Antolatzaileek uste dute gaur egun hori aldatu dela, eta zoriak inguruari eman dion produktua guztien eskura egon behar duela. Helburu horrekin egin zuten lehen azoka orain dela hamabost urte, eta hala jarraitzen dute oraindik ere. Neguko boilurra izango da azokaren protagonista. Udakoarengandik bereizten da, besteak beste, kolore ilunagoa duelako. Azaroaren bueltan hasten da jasotzeko garaia, eta martxora aldera arte irauten du. Askotan, txakurrek bildu ohi dituzte boilurrak.

Hitzaldi batekin abiatuko dute gaurko egitaraua. Boilurraren ekoizpenak merkatuan duen egitekoa eta etorkizunean joka dezakeena izango ditu hizketagai Marcos Morcillok. Micologia Forestal &Aplicada enpresako zuzendaria da bera. Era askotako perretxikoen, tartean boilurren, ekoizpenerako tresnerian espezializatuta dago enpresa.

Hor amaituko dira goizeko ekitaldiak, eta 18:30 arte iraungo du etenaldia. Orduan, ardoarekin batera dastatu ahal izango dute boilurra Orisoainera biltzen direnek. Jose Manuel Perez de Ciriza enologoak izango du bi produktuak elkartzeko ardura. Perez de Ciriza ezaguna da herrian,enologoa izateaz gain, Palacio de Orisoain landetxeko jabea baita, eta ondo ezagutzen ditu boilurraren sekretuak.

Egun handiena, ordea, biharkoa izango da. Eguerdiraarteko egitaraua atondu dute antolatzaileek. Boilurra plater guztietan osagai izango duen herri bazkari batekin amaituko da azoka.

Horren aurretik, 11:00etan, azokaren inaugurazio ofiziala egingo dute, eta, momentu horretatik aurrera, herriko plazan izango dira boilur freskoak nahiz onddoa osagai duten era bateko eta besteko produktuak. Jendeak horiek ikusi, erosi eta dastatzeko aukera izango dute.

Jarraian, erakustaldiak egingo dituzte, boilurra nola topatu erakutsiz. Alde batetik, 11:30ean, zenbait boluntario ariko dira lan horretan, herriko frontoian. Bestetik, 12:00etan, herriaren inguruko lursail batean ariko dira eginkizun berberean, baina, kasu horretan, txakurrak eta basurdeak erabiliko dituzte.

13:00etan, show cooking erakustaldi bat egingo dute El Mercao jatetxeko sukaldariek. 14:30ean emango zaio amaiera azokari, boilurra osagai duten produktuekin osatutako otarre baten zozketarekin. Gainera, gaita jotzaileak eta erraldoiak ariko dira kalean giroa jartzen egun osoan.

Boilurraren XV. Azoka

Gaur eta bihar, Orisoainen (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.