Gasteizen magiaz blai

Magialdia bihar hasiko da, eta emanaldi ikusgarrienak asteburuan iritsiko dira. Ikasleentzat eta haur gaixoentzat ikuskizunak egongo dira

2017ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Gasteizko kale, antzoki eta museoak magia erakustaldiz eta tailerrez beteko dira bihartik aurrera. Izan ere, 29. Magialdiari ekingo diote Arabako hiriburuan, eta aste osoan hiriko hainbat tokitan magia erakustaldiak ikusteko aukera izango du nahi duen orok. Hala ere, asteburuan izango dira egitarauko ikuskizun garrantzitsuenak: ostiralean, Naipes Heraclio Fournier Gertuko Magiaren Nazioarteko Gala egingo dute Europa biltzar etxean, 20:00etan. Argentinako, Ameriketako Estatu Batuetako, Venezuelako, Italiako eta Espainiako hainbat magok hartuko dute parte. Magia Antzeztuaren Nazioarteko Gala egingo dute larunbatean, 20:00etan, Principal antzokian, eta, han ere, hainbat herrialdetako magoak ariko dira. Igandean, Amaiera Gala egingo dute 20:00etan, Plaza Berrian, eta doako ikuskizuna izango da.

Ikasleak eta ospitaleko ume gaixoak magiaz bustitzea eta Gasteiz magiko batean ondo pasatzea nahi du Magialdiak. Horretarako, 75 antzezpen antolatu dituzte 25 agertokitan, baita Txagorritxuko Ospitalean ere. Hamabi herrialdetako 35 artista joango dira Gasteizera, umeak magiaren munduan barneratzeko asmoz. Ikuskizunez gain, Alde Zaharrean ibilbide magiko bat egingo dute, umeek magia erakustaldiak gertutik ikusteko.

Urtero egiten da elkartasun gala bat gaixo dauden umeei laguntzeko asmoz, eta, aurten,Nahia Garcia 8 urteko gasteiztarrari laguntzeko egingo dute—sindrome epileptiko baten ondorioz, ezin du hitz egin—. Ekitaldia larunbatean izango da 12:00etan hasita, Caja Vital Kutxa fundazioaren aretoan.

Gasteizko Magialdia

Bihar hasi eta hilaren 17ra arte (igandea), Gasteizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.