Izenburu ezagunak, apustu segurua

Komediatik animaziora, ezusteko handirik gabe dator udan estreinatuko diren filmen zerrenda

Uda honetan, Mamma Mia filmaren bigarren zatia iritsiko da zinema aretoetara; Amanda Seyfriedek protagonismo handia hartuko du. BERRIA.
Gontzal Agote.
2018ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Itxura batean, aurtengo udanzinema aretoetan eskainiko dituzten filmek ez dute ezusteko handiegirik ekarriko. Frankizia ezagunen segidak, ustez freskagarriak diren komediak, familia osoak elkarrekin disfrutatzeko animazio film bakan batzuk, eta egun sargoritsuetarako alternatiba triste bihurtuko diren akzio pelikulak dira menuaren osagai nagusiak.

Betiere sorpresaren bat izanen bada ere, ez da azti lana egin behar arrakastarik handien bilduko dituzten filmak zeintzuk izanen diren asmatzeko. Dagoeneko ezagunak diren izenburuak dira; hortik hasita, beste edozein pelikulak baino ahalegin txikiagoa egin behar dute ikusleak inguratzeko.

Mamma Mia esanda, gehienei ABBAren musikalaren gaineko film arrakastatsua etorriko zaie burura. Orduko hartatik hamar urte pasatu dira, eta udan bigarren partea ailegatuko da, Ol Parkeren zuzendariari esker. Mamma Mia: Here We Go Again du izenburu filmak, eta, oraingoan, Amanda Seyfriedek hartu du protagonismo nagusia.

Duela lau urte Denzel Washington Donostiara etorri zen, Donostia saria jasotzea. Aktore ospetsua Anthony Faquaren The Equalizer akzio filmarekin agertu zen, eta, hurrengo asteotan, film horren bigarren atala ikusteko aukera izanen da. Zuzendaria etaaktoreak berberak izango dira, eta istorioan ere aldaketa handiegirik ez da espero.

Askoz luzeagoa da Mission: Impossible saila. 1996an abiatu zen,Brian de Palmaren zuzendaritzapean, eta, aurtengo udan, seigarren atala ailegatu da gure aretoetara. Tom Cruisek Ethan Huntena egiten segitzen du, oraingo honetan Christopher McQuarrieren zuzendaritzapean.

Udan espero ditugun izenburu ezagunen zerrenda luzeaamaitzeko, animazio generoa aipatu behar da. Hotel Transilvania filma 2012an estreinatu zen, eta, zarata handirik sortu gabe, hirugarren pelikulara ailegatu da. Izenburua ez da sobera originala, Hotel Transilvania: Summer Vacation funtzional bat jarri baitiote.

Nolanahi ere, irrikarik handien sortu duen jarraipena Pixar etxeak ekarriko du. Hamalau urte pasatu dira Brad Birdek The Incredibles egin zuenetik, eta, aurki, superheroi familia disfuntzionalak berriro ere mundu osoko zinema aretoak bereganatuko ditu.

Umorea eta abenturak

Izenburu ezagunak alde batera utzita, komedia erromantikoak bere ohiko lekua izanen du udako zinema aretoetan. Rebeca Hall eta Dan Stevensen Permission-ek harreman irekietan jarriko du arreta; eta The Spy Who Dumped Me filmak, berriz, komedia eta espioitza generoa uztartuko ditu.

Abenturak maite dituztenek, berriz, Albert Hughesen Alpha-rekin izanen dute ongi pasatzeko aukera, duela 20.000 urteko Europan girotutako film epikoa baita. Horrez gainera, The Meg pelikulak itsaso aldera eramanen ditu ikusleak, eta, han, izaki beldurgarri batekin eginen dute topo.

Beldurrezko generoak bere ohiko kuota izanen du, eta, zorte apur batekin, egun beroetan hor gauza interesgarri batzuk ikusteko aukera izanen da.

Beldurgarria da Slender Man iragartzen duen kartela, eta Sylvain Whitek zuzendu duen filmak tentsio handiko mementoak ematen ahal ditu. Klasikoago dirudi Rodrigo Cortesek ekarriko duen proposamena: Blackwood du izenburu eta Uma Thurman du protagonista.

Autore zinema maite dutenek aukera urria izanen dute, baina izen ezagun pare batekin kontsolatzen ahalko dira. Cannesen egurtu zuten Michael Hanekeren azken filma ailegatuko da, Happy End, Isabelle Huppert protagonista duena. Gus van Santen azkena ere ikusteko aukera izanen da, Don't Worry, He Won't Get Far on Foot, Joaquin Phoenix eta Rooney Mara aktoreekin.

Azkenik, bi artista handiren biografiekin zerbait ikasteko aukera izanen dugu. Bi pelikula dira, biak frantziarrak, eta, bien bitartez, Gaugin eta Rodinen unibertso bereziak modu fikzionatuan ezagutzeko aukera izanen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.