Historia, zubiaren begietatik

Portugaleteko herritarrek 'Zubia' herri pastorala prestatu dute Bizkaiko Zubiaren 125. urtemuga dela eta. Herriko kiroldegian aurkeztuko dute ikuskizuna, bihar

Nahikari Yubero izango da antzezlaneko protagonista. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Portugalete
2018ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Bizirik egongo da Bizkaiko Zubia arratsalde batez. Emakume itxura hartuko du egiturak, Nahikari Yubero Portugaleteko (Bizkaia) gaztearen azalean. «Hasieran, asko harritu ninduen proposamenak. Gaztelaniaren eraginez edo, gizonezko gisa irudikatzen nuen zubia. Maskulinoa izan da zubia niretzat orain arte, eta zaharra, gainera; edo, behintzat, nagusiagoa».

Usteak uste, erronka onartu zuen Yuberok, eta oholtzara igoko da bihar. Beste ehunka herritarrekin batera, «zubiaren begietatik» Portugaleteko historiaren pasarterik esanguratsuenak taularatzeko asmoz. Pastoral formatuan, Zuberoatik Bizkaira barreiatu nahi izan dute herriantzerkiaren ideia, Zubia izenburupean. Mende eta laurden bete du Bizkaiko Zubiak aurten, eta hori izan da ikuskizuna ehuntzeko aitzakia.

1893. urtean inauguratu zuten zubia. Ordutik, Bizkaiko Getxo eta Portugalete herriak batzen ditu. Yuberok zubia «ikur»bat dela dio, herrian zein Bizkai osoan. Horregatik ere, antzezlanean duen rolaren garrantziaz jakitun da: «Horrelako monumentu bat hezurmamitzea ardura itzela da. Hala ere, nire pertsonaia narratzailea da. Protagonista da pastoralaren izenburua delako, baina benetako protagonistak atzean izango ditut dantzan, mugitzen, kantuan...».

Gibelean jarriko diren horien artean daude Leire Solozabal eta Jon Ander Langara herritarrak. Biak ibiliko dira aktore lanetan, eta antzeko motibazioek bultzatuta erabaki zuten ikuskizunean parte hartzea. Dantzari ohia eta antzerkizalea da Langara, eta segituan eman zion baiezkoa egitasmoari. «Ideia bota zidatenean oso polita iruditu zitzaidan. Beste dantzariekin, abesbatzekin eta aktoreekin elkartzen zara hemen; herria mugimenduan dagoenaren seinale». Antzeko emozioa nabari zaio Solozabali:«Ni herritar modura nator hona, eta ikaragarri disfrutatzen ari naiz. Hau izango da nire lehen esperientzia antzerki lanetan, baina ezin nuen galdu horrelako herri egitasmo bat». Zubiaren arkitektoa izan zen Alberto de Palacioren azalean jardungo da Langara, Yuberorekin batera pastorala abiatuz. Solozabalek, ordea, herriak bizi izandako bi momentu historiko irudikatuko ditu.

Hala, agerraldiz agerraldi, 125 urteren historia osatuko dute, XIX. mendearen azken hamarkadatik hasi eta gaur egunera arte. Guztia ordu eta erdiko kontakizunean laburbildu dute, eta atzeko lana gogorra izan dela jakin badakite.

Iñaki Alcedo hasieratik egitasmoa bultzatzen ibili den talde eragileko kide da:«Dokumentazio lan mardula eginez, artxiboetako pasarte guztiak arakatu ditu Aitor Etxebarria gidoilariak. Hark prosaz jaso ditu pastoralaren hitzak, eta, gero, Iñaki Aurrekoetxea bertsolari ohiak bertso bihurtu du testua». Entseguak, aldiz, Iker Gil, Mikel Aretxaga eta Eneritz Manzisidor dantza irakasleek gidatu dituzte. «Gidatzen eta koordinatzen gaituzten zuzendari artistikoei esker ari gara», aitortu du Solozabalek.

Herri egitasmoa

Bertsoak, dantza, musika... diziplina artistiko andana biltzen ditu egitasmoak, pastoralaren tankera hartuta. Pastoralaren zertzeladak izango ditu, baina pastoralak Zuberoan soilik egin daitezkeela ohartarazi du Alcedok:« Hasieran, ideia pastorala bere horretan Bizkaira ekartzea zen, baina gero konturatu ginen ezinezkoa zela. Pastoralak dituen elementu batzuk maileguan hartu ditugu. Bertsolaritza, dantza, musika... diziplina horiek guztiak antzezlan batean ipintzea bera pastoralei keinu bat egitea da». Hori dena euskaraz egiteko apustu irmoa ere egin dute.

Herriko norbanakoak bildu dira horretarako, esperientziadunak zein esperientziagabeak. Orotara, bost dantza talde, bederatzi abesbatza eta lau antzerki daude herrian. Oholtzan, ordea, 350 herritar inguru egongo dira. Talde horietakoak dira asko eta asko. Gauzak horrela, norbanakoz osaturiko proiektu kolektiboaren ideia indartu du Alcedok: «Auzolanean eraikitako ikuskizuna da. Guk geuk sortu, landu eta egin dugun kultur egitasmoa».

Makilekin oholtzaren eremua markatuz, gidoiaren rolak eskuan eta bozgorailuetako doinuei jarraikiz egiten ari dira entseguak herritarrak, kiroldegia eta merkatu zaharra antzoki bihurtuta. Eguneroko eginbeharrak bukatuta, hiru hilabete eman dituzte astero batzen. Helburu komuna gogoan eta azken entsegu orokorra eginda, prozesu luzearen emaitza aurkezteko prest dira. Bihar izango da, 18:00etan, Portugaleteko Zubi Alde kiroldegian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.