Eguzkitako betaurrekoak maskararen ordez

Pandemiaren kontra harturiko neurriak malgutzen hastearekin batera iritsi dira lehen turistak Donostiara. Asko harritu egin dira «hain maskara gutxi» ikusita.

Zenbait turistak «beharrezko neurriak» hartu dituztela esan dute. J. U. / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2020ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Donostiako Kontxako hondartzako argitasun berotik gertu dago Bulebarreko itzal freskoa. Tabernak eta dendak hornitzen dituzten furgoneten zarataren artean, maleta baten hotsa bereiz daiteke; Castello de la Planako (Herrialde Katalanak) bikote batena da. Etxera itzultzen ari da 50 urteren bueltako bikote bat. Donostian lau egun pasatu dituzte alaba bisitatzen, bertan bizi baita. «Oso gustura egon gara, beti bezala», esan du gizonak; emakumea bat dator, baina bere harridura adierazi du: «Izugarri harritu gaitu ikusteak hemen inork ez daramala maskara. Bizi garen tokian mundu guztiak erabiltzen du».

COVID-19aren pandemiak nabarmen baldintzatu du turismoa. Hala ere, alarma egoera bukatu eta gero, heldu dira turistak Donostiara. Kalean ez da pandemia aurreko garaian bezainbeste entzuten frantsesa edo ingelesa, baina asko dira begiak planoari so dabiltzanak Kontxako pasealekuan. Atzo, eguzkitako betaurrekoak eta txanoak ugariagoak ziren maskarak eta gel desinfektatzaileak baino. Hala ere, «neurri guztiak» hartu dituzte bi lagun okzitaniarrek.

Bordelen (Okzitania) bizi dira, eta «gertu dagoelako» etorri dira Euskal Herrira. Gazteak dira biak, eta badaramate maskara:ahoa eta sudurra baino gehiago, lepoa estaltzen die. «Nahiago dugu kalean ibili eta hondartzara joan», esan du bietako batek, Kontxa jendez beteari betaurrekoen beste aldetik begiratzen dion bitartean.

Itsasotik beste zerbaitek erakartzen ditu, berriz, bi ahizpa uruguaitar: surfak. Parte Zaharreko kaleak surf taula besoetan helduta gurutzatu dituzte, «furgonetaren bila». Baina ez dute Zurriola hondartzan surf egingo: «Zarautzera goaz. Asko gustatzen zaigu Euskal Herrian naturarekin daukazuen lotura: hemen oso praktikoa da uretara iristea. Gainera, klima ez da Bartzelonakoa [Herrialde Katalanak] bezain itogarria», bietako baten arabera.

Izan ere, hark Kataluniako hiriburuan egiten du lan, eta Donostiara «ihes» egin du: «Bartzelonatik alde egin dut, han COVID-19aren gaia oso nekagarria delako: paranoiko samar daude. Hemen askoz lasaiago zaudete», haren iritziz. «Lasaitasun» horretaz ohartarazi zuen ahizpak, Donostian bizitzen daramatza eta azken bi urteak; bi hilabete pasatuko dituzte batera Gipuzkoako hiriburuan.

Bi ahizpa gazteak furgonetaren bila doazen bitartean, gizon katalan batek Narrika kalea planoari begira gurutzatu du: «Barkatu, non dago itsasoa?», galdetu dio emakume donostiar bati. Hark Bulebarreraino lagundu du, eta besoa luzatuz «hor, zuzen!», esan dio. Lehen aldia du katalanak Donostian: «Denboraldi bat pasatuko dut Arabako lagun batzuen etxean, eta joan eta etorri ibiliko naiz Donostiara». Uruguaitarra bezala, Bartzelonan bizi da, eta ez dio beldurrik COVID-19a harrapatzeari: «Neurri guztiak hartu ditut. Gainera, oso garrantzitsua da etxetik irtetea: bizitza bizitzeko da!», esan du.

Gauza bera pentsatzen du Madrildik Donostiara joandako emakume batek; ahizparekin, lehengusinarekin eta bi lagunekin astebete pasatuko du Donostian. 30 urte inguruko boskoteak hirugarrenez bisitatu du hiria, «liluratu» egiten ditu eta. Eguerdiko eguraldi sargoriari aurre egiteko, umoretsu sartu dira izozki dendan: «Nik ez dut kukurutxoa nahi, terrina baizik!», esan dio irribarrez haren lagun batek nahastu den izozki saltzaileari. Bost izozkiak ordaindu eta gero, protokoloa argi daukate: maskara kendu, eta izozkia jan.

Boskote madrildarra bezala, beste hainbat turista joan dira Donostiara, alarma egoeraren ajea pasatzera. «Hain maskara gutxi» ikusteak batzuk harritu baditu ere, Kontxako pasealekuan dabiltzan turista gehienen aurpegian eguzkitako betaurreko gehiago ikusten dira, maskarak baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.