Zaborrik gabe, askoz hobe

Itsasoa zaintzea zer garrantzitsua den jakinarazteko, 'Mater' ontzi museo ekoaktiboak Zero Zabor Uretan egitasmoa martxan jarri du hainbat euskal portutan.

Mater ontziko bisita ekoaktiboan itsasoaren garrantzia, gizakiek harengan duten eragina eta egoera konpontzeko hainbat gako azaldu dituzte. JON URBE / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Hondarribia
2020ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Itsasoari begiratu diote Mater ontzitik. «Zer espezie ikusten dituzue?», galdetu die Eneko Sarasua gidak bisitariei. «Olioa», erantzun dio Mikela Etxarri haur hondarribiarrak, eta ez du arrazoi faltarik. Izan ere, «itsasoan plastiko eta zabor ugari dago, olio asko askatzen dute itsasontziek, gero eta arrain gutxiago daude, eta klima aldaketa gertatzen ari da. Planeta berotzen ari da, eta ura ere bai», Sarasuaren arabera.

Zero Zabor Uretan egitasmoa jarri du martxan Mater ontzi museo ekoaktiboak. Ezagutuz maitatu, maitatuz babestuleloak laburtzen du ondoen haien lana: Mater izeneko itsasontzia erakusteaz gain, itsasoko bioaniztasunaren berri ematen dute, eta ingurumena zaintzeko hainbat argibide ematen dituzte. «Itsasoak gizakiontzat daukan garrantzia eta geure eragin negatiboa nola murriztu dezakegun ikasten da bisita ekoaktiboan», esan du Sarasuak. Atzo Hondarribian (Gipuzkoa) izan zen, xirimiri artean; gaur arratsaldean Getariara joango da. Gipuzkoako eta Bizkaiko beste hainbat portutan ere bisita ekoaktiboa egiteko aukera izango dute: Ondarroan, Bermeon, Portugaleten, Bilbon, Mutrikun eta Pasaian.

Itsasontzi berrerabilia

Mater ontziko popan beldurrik gabe ibili da Hondarribiko andre bat bere senar ingelesari eskutik helduta, lur irristagarria desafiatuz: «Nire aita arrantzalea zen, eta gogoa nuen ontzi bat barrutik ikusteko. 43 ur0tez Erresuma Batuan bizi izan naiz, eta honek haurtzaroa gogorarazten dit».

Mater ontzia, ordea, askoz berriagoa da: «1990ean eraiki zuten ontzia, egurrez. Hala ere, berehala txapazko ontziak gailendu ziren, eta jabeak hondoratzea erabaki zuen. Orduan, Pasaiako Itsas Gela Elkarteak ontzia berrerabiltzea erabaki zuen: hondakina izan behar zena museo bihurtu genuen», Sarasuaren esanetan. Ordutik dabiltza bioaniztasunaren eta ingurumena zaintzearen garrantziaz milaka bisitari kontzientziatzen.

Itsasontzietako zubian, normalean, patroiak gidatu egiten du. Hondarribiko portuan, berriz, itsasoaren garrantziaz jardun da Sarasua: «Itsasoak, CO2-a erregulatzen duenez, fresko mantentzen gaitu, elikagaiak ematen dizkigu, eta itsasoan bizi den fitoplaktonari esker dugu oxigenoa atmosferan». Fitoplaktonak argia behar du, eta itsasoaren gardentasunaren neurketak adierazten du noraino iristen den argia. «Bost metro», esan du Naura Etxarri haurrak, ahizparen laguntzaz neurketarako aparatua erabili bitartean.

Ontziko sukaldean arrain mota desberdinen irudiei begira hasi dira: «Nork esango dizkit arrainen izenak?», galdetu du Sarasuak. Etxarri ahizpak eta haien lehengusina Maialen Zubillaga isilik geratu dira. «Bisigua, zapoa, mihi arraina, oilarra eta berdela dira. Ni umea nintzela asko zeuden hemen inguruan», erantzun du bizkor arrantzalearen alabak. «Azken hori ez da berdela, legatza da. Baina arrazoi duzu, nahiz eta arrandegietan arrain horiek asko ikusi, gaur egun gure kostatik desagertzen ari dira», azaldu du gidak. «Zergatik?», galdetu du Etxarrik. «Aldaketa klimatikoaren, arrasteko arrantzaren eta gehiegizko ustiaketaren ondorioz», erantzun dio Sarasuak.

Zabor ugari ur azpian

Salabardoa hartu dute bisitariek, jarraian. «Bildu uretan dagoen zaborra», eskatu die gidak: zapi bat hartzea lortu dute. Hala ere, itsasoko zabor ugariena plastikoa dela azaldu die Sarasuak.

Ontziaren hozkailua izandako gelan itsasoari kalte egiten dioten jokabideak konpontzeko moduak planteatu ditu Sarasuak: «Bertakoa kontsumitu dezakegu, eta hondakinak murriztu behar ditugu. Sortutako hondakinak berrerabiltzen ere ahalegindu behar dugu. Eta beste gauza bat: natura zaintzeaz gaur ikasitakoa gainerakoei ere kontaiezue, gehiago izan gaitezen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.