Jaiak. Sanpelaioak Zarautzen

Danbor hotsek dakarte jaiaren oihartzuna

Haurren eta helduen danborradekin hasiko dituzte, gaur, San Pelaio festak.Herriko elkarteek Raquel Azkueri emango diote makila

Raquel Azkue iaz ere Cachi Bachi elkarteko zuzendari izan zen helduen danborradan. AMAIA VENTAS / UROLA KOSTAKO HITZA.
Araitz Muguruza.
2014ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Beste leku batetik abestuko du San Pelaio jaietako ereserkia Raquel Azkue zarauztarrak: udaletxeko balkoitik. Han emango baitiote sanpelaioetako makila, helduen danborradaren alde egindako lanagatik. Cachi Bachi elkartearekin hasi zen ateratzen danborradan, orain dela hamabi urte, eta horietatik zortzi zuzendari moduan eman ditu. «Nerbioak jota nago, eta eguna gerturatu ahala handituz joan zaizkit», aitortu du Azkuek. Azkuek makila jaso eta bandera igotzen dutenean hasiko dira ofizialki Zarauzko San Pelaio jaiak (Gipuzkoa), eta ostiralera arte iraungo dute.

Danborradan parte hartzen duten elkarteak orain dela bost urte hasi ziren San Pelaio makila ematen. Saritu dituztenetako bi Imanol Urbieta konpositorea eta Iñaki Olazabal Paxo izan dira. Azkue izango da, ordea, makila jasoko duen lehenengo emakumea, eta dagokion garrantzia ematen dio zarauztarrak: «Nolabait azaldu behar dut diskurtsoan saria jasotzen duen aurreneko emakumea naizela». 23:45ean emango diote makila, eta, 00:00etan, Pelaio, pelaio abestu ondotik piztuko da jaia.

«Indar handiz eta San Joan bezpera arte aritu dira entseatzen danborradan irten behar dutenak: «Bost egun izaten ditugu kantuak errepasatzeko; horregatik, agian, ez dugu gure errepertorioa askorik handitu azken urteetan». Raimundo Sarriegiren Gau ibilera izenekoa izan da aurten sartu duten azkenengoa. «Inguruko herrietan eta askotan jotzen duten doinua da; gurera ekarri dugu aurten». Jotzen dituzten piezetako asko Manolo Urbietak sortutakoak dira. «Txerri kalean, Txirrin-txarra, Bi anabas, O Zarautz, Zirrin Zarran... Horiek danborradarako propio konposatutakoak dira».

Guztira, 11 elkartek parte hartzen dute helduen danborradan. 23:30ean irtengo dira, Geltoki parketik udaletxerantz. Azkuek Cachi Bachi —bere betiko elkartea— eta Udaberri elkarteak zuzenduko ditu, aurten ez baitira nahikoa zuzendari elkartu. Hala ere, baikor ikusten du etorkizuna, orain danborra jotzen ari direnetako batzuk laster taldeak zuzentzeko prest izango baitira.

Festak, baita auzoan ere

San Pelaioren izena du Iñurritza auzoan dagoen ermitak ere. Kondairak dioenez, ekaitzak itsasoan harrapatu zituen arrantzale batzuei San Pelaioren irudia agertu zitzaien, eta hari esker irisi ziren osorik lehorrera. Horregatik, Zarauzko zaindari ere bada San Pelaio, baina santuaren izena auzoak ere badarama, eta ospatzen dituzte jaiak; erdigunean bezalaxe, gaur gauerdian hasiko dituzte, baina egun bat gehiago iraungo dute, larunbat arte.

San Pelaio egunez gazta eta ardoa musu truk emateko ohitura du Inurritzako jai batzordeak; beren lokalean ematen dute. Jaiek bi mutur izan arren, kalejira da bi aldeak batzen dituen ekitaldia. Urteetan mantentzen den ohitura da. 17:30ean abiatzen dira, Musika Plazatik, trikitilariak, dultzaineroak eta txaranga, eta kalejiran egiten dute bidea. Musikari berak aritzen dira gero zelaiko oholtzan jotzen. 20:30ean egingo dute handik itzulera.

Paella lehiaketa eta bazkaria egin ondoren, kuadrillen arteko baltsa karrera egingo dute, portutik Munoara. Gaua iristearekin batera, kontzertuak izango dira, bai herrian, bai auzoan ere. Ostiralean jarraituko du festak. Besteak beste, bertso saioa izango da Iñurritzan, eta Kashbad eta Zurraia taldeen emanaldiak txosnetan, gauean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.