BAIONAKO BESTAK

Bestetako euskararen hatsa

Alaia Martin eta Andoni Egaña izan dira atzo Patxa plazako bertso saioan. Besta ordainduak, besta alternatiboak eta bi bertsolarien harteko ziria izan dute gai

Lehen aldia izan zuten atzo Martinek eta Egañak Baionako Patxa plazan. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Baiona
2018ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Bezperan, Willis Drummonden kontzertuak jendez bete zuen Patxa plaza: atzo eguerdian, aldiz, desertu giroak zuen plaza gainditzen. Barra eta agertokia izan ezik, bezperakoaren aztarna guti ziren, garbitzaileek dena garbitu ondoren goiz-goizean. Bertso saioko bi protagonisten etorreraren esperoan hogei bat jende daude barra bazterrean. Batek gaztetxeko arduradun bati galdetu dio Alaia Martin eta Andoni Egaña ea noiz iritsiko diren. Pentsakor da gaztea, eta gaineratu du: «Nor dira? Zer dute, lan txanda?». Segundo batzuen hausnarketaren ondoren, bota duenaz barrez hasi da barra atzekoa.

Martin eta Egaña plazara hurbildu dira 13:00ak aitzin. Plazari so, sumatzen zaie lehen aldia dela Patxara etortzen direla. Martinek lehengo bertso saioa du Baionan. Andoni Egañak, berriz, duela hogei bat urte toki pribilegiatua izan zuen. Ezagun batekin hizketan, hala kontatu du: «Gogoan dut besten irekierako balkoitik bertsoa bota nuela, miss euskal kostaren alboan». Ezagunak segituan arrapostu egin dio: «Eta zu euskal kostako mister». Jende pixka bat gehiago hurbildu da lekura, bi lagun bertsolariek garagardo bana hartzen duten bitartean.

Txarangen doinuak atzetik entzuten direla eta, Martin eta Egañak plazaren erdian lekua hartu dute saioa has dadin. «Sartzea kostatu egin zaigu, baina orain gustora gaude», bota du agur gisa Egañak, zigarroa piztuta, sartze ordainduari erreferentzia eginez. «Patxa izena daukan hortan, hasi gaitezen patxadaz», Martinek. Eguneko gai nagusia hori dela eta, nola ez, lehen bertsoetan, sartze ordainduaren gaia aipatu dute biek, Baiona eta bestazaleak besten kari kontrolpean direla esanez. Lehen bertsoak Baionako plaza erditik kantatu ondoren, eguerdiko protagonistek beraien eta publikoaren arteko distantzia bi pauso aitzina eginez tipitu dute.

Gerriko gorria

Jendea emeki-emeki hurbildu da Zizpako barraren ingurura. Baionako euskal mundua historikoki elkartu duen plaza horri buruz hitz egiteko garaia etorri da. «Alkateak egin duena ahaztu, hau eremu librea da», bertsotu du Alaia Martinek. Egañak, aldiz, alkateak Patxa plaza aurten onartu duela erantzun dio, «eta ofizialki, gainera». Besta eta satiraren doinuan jarraituz ihardetsi dio Martinek: «Pentsatzen zuen Patxa izena patxaranetik jiten zela». Etxegarai alkateari buruzko puntu batekin amaitu du Egañak pasartea: «Alkate jauna denetan dabil, euskara arloan salbu».

Bien arteko konplizitatez eta ziriz betetako jolas bat hasi dute Alaiaren puntu batetik abiaturik. Alaia txuriz jantzia da lepo gorriarekin: Andoni, ordea, beltzez. Martinek ohartarazi dio ez dela traje egokiarekin etorri saiora, eta bere esku zakutik gerriko gorri bat eskaini dio. «Gerrian ez zait sartuko eta leporako txikiegia dut ere», ihardetsi dio Egañak. Hortik hasita, Martinen esku zakua da saioko antzerki bilakatu. Gerrikoa, giltzak, ur botila bat, ezpainetakoa, moltsa... Zaku barruko traste desfile bat gertatu da, eta Egaña eskuak beteak ditu.

Agurra aitzin, puntuka amaitu dute saioa. Publikoari erreferentzia egin nahian, galdera egin du Martinek: «Non sartu da gaur publiko gaztea?». Egañak, berriz, barkatu dio publikoari: «Bestetan gaude, eta hau ez da bekatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.