Bestak Antsoainen

Plazak eta txupinazoa haienak dira

Martxoaren 8ko batzordeak botako du Antsoaingo bestetako suziria gaur arratsaldean. Zenbait egitasmo eta puntu morea antolatu dituzte feministek jaietarako

Antsoaingo feministen aldarriak txosnetan egindako herri bazkarian, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
2019ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Zuri-gorriz ez ezik, morez tindatuko da gaur Antsoaingo Udaletxe plaza (Nafarroa). Izan ere, herritarrek hala aukeratuta, Martxoaren 8ko batzordeari egokitu zaio aurten herriko bestei hasiera emateko suziria piztea. Hiru belaunalditako hiru emakumek botako dute txupinazoa batzordeko kide guzien izenean: Maria Cruz Reinaldosek, Ainhoa Larunbek eta Ane Alabak. Modu horretan, Antsoaingo besten aldeko oihua ez ezik, borroka feministaren aldeko aldarria ere adituko da Ezkaba mendiaren magalean. Bestak igandera arte ospatuko dituzte.

Kontent da Alaba, txupinazoa botako duten emakumeetan gazteena. Haren aburuz, herrian egin duten lanaren aitortza izan da txupinazoa botatzeko aukera ematea: «Aurten egitasmo asko egin genituen martxoaren 8an, eta, azkenean, nabaritzen da jendeak Antsoaindik eta Antsoainentzat lan egiten duten pertsonak aukeratu dituela. Herrian lan egiteari balioa eman diote».

Antsoaindarrak onartu du ez dela erraza izan, eta, beraz, ez zutela inolaz ere espero suziria botatzeko aukera izatea. Beste bi hautagaiak Antsoaingo Caritas elikagai bankua eta Alberto Undiano Mallenco futboleko epaile ohia ziren. Azkenean, feministek sartu dute gola: «Ez genuen espero, batez ere futbolaren kontra jokatzen genuelako; beraz, ikaragarri poztu gintuen gure hautagaitzak irabazi izanak».

Gozatzeko, gune seguruak

Txupinazoa 18:00etan izanen da, gaur, eta Udaletxe plazara joateko kalejira feminista antolatu dute Martxoaren 8ko batzordeko kideek. Gazte bazkariaren ondoren izanen da, Txokogorri gunetik abiaturik. Oholtzara hiru emakume igoko diren arren, Alabak nabarmendu du gainerako kideak behean izanen direla babesa ematen: «Behean gure lagunak izango dira, pankartarekin eta gurekin batera oihuka». Suziriak eztanda egin ondoren, askaria banatuko dute, eta erraldoiak eta buruhandiak aterako dira karrikara.

Antsoaingo feministen jarduna ez da gaur bukatuko: egunero antolatu dituzte jarduerak. Bihar, neska gazteek argazkia aterako dute, Plaza Berrian; etzi, bermuta eta karaokea antolatu dute, Txokogorrin; eta, igandean, emakumeen topaketara joateko deia egin dute. «Adin guzietako emakumeak elkartzen gara han. Udalak gonbidapenak banatzen ditu; han, kafea ematen dizute, eta, ondoren, antzezlan bat dago». Aurten La Fea, La Mala y La Mexicana obra emango dute Adriana Olmedok eta Nerea Bonitok. Rafael Alberti plazan izanen da ikuskizuna, 17:30ean.

Ez da kasualitatea izan emakume feministak bestetako egitarauan sartzea. Xehetasunak eman ditu Alabak: «Ikusten genuen asko lantzen genuela erasoen kontrako kanpaina eta puntu morea, baina hori soilik lana zen. Ez genuen gozatzeko gune segururik jaietan; orduan, aurten lasai egoteko giro horiek sortzeko apustua egin dugu, lanik egin gabe gozatzeko». Hala ere, lan egitea ere tokatuko zaie: puntu morea jarriko dute txosnetan, emakumeren bati eraso egiten badiote bertan salatzeko aukera izan dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.