Marvel etxeko arima

Joan den astean zendu zen Stan Lee, Marvel komiki etxeko figurarik garrantzitsuena, New Yorken. Superheroiei gizakien ezaugarriak emanda eta denak mundu berri batean elkartuta, komikigintza unibertso berri batera eraman zuen.

1964ko apirilean sortu zuten Stan Leek eta Bill Everettek. Matt Murdock gaztea da protagonista; substantzia erradioaktibo batekin kutsatu ondoren, itsu gelditu zen. Itsu geldituagatik, bertze zentzumenak gehiago garatu zitzaizkion. Ganster talde batek bere aita hiltzen duenean, Daredevil superheroia bihurtuko da, eta aitaren hiltzaileen eta hiriko gaizkileen aurka borrokatuko da. BERRIA.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2018ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Marvel eta Stan Lee. Stan Lee eta Marvel. Eskutik hartuta doaz AEBetako argitaletxea eta idazle eta komikilariaren figura. Joan den azaroaren 12an zendu zen Stan Lee, New Yorken, 95 urte zituela. Marvel unibertsoa osatzen duten superheroi gehienen sortzaile izan zen idazle eta komiki editorea, Steve Ditko eta Jack Kirby marrazkilariekin batera. Pertsonaia anitzen sortzaile izateaz harago, Lee bera ere pertsonaia bihurtu zen, Marvel etxeko superheroien pelikula ia guztietan azaldu baitzen cameo-ak egiten.

20 urte zituela murgildu zen Lee komikigintzan, 1942an. Timely Comics —gerora hartu zuen Marvel izena— editorialean hasi zen lanean, artean komikigintzaren sektorea ezagutzen ez zuela. Lanean hogei urte zeramatzanean egin zen ezagun Lee, 1961ean, Jack Kyrbirekin batera The 4 Fantastic (Lau fantastikoak) superheroiak sortu zituenean. Lau fantastikoek sekulako arrakasta izan zuten, eta egun Marvel unibertsoa izenez ezagutzen den superheroi taldearen ernamuina izan ziren. Lau fantastikoen arrakastaren ondorioz sortu zituztenMarvel unibertsoa osatzen duten gainontzeko pertsonaiak Kirby eta Ditko marrazkilariek eta Leek.Hulk, Spider-Man, Iron Man, X-Men, Daredevil eta Thor superheroiak dira beharbada ezagunenak.

1961. eta 1963. urteen artean sortu zituzten Marvel unibertsoa osatzen duten superheroi gehienak. Protagonistak ez ezik, bigarren maila batean azaltzen ziren ehunka pertsonaia ere sortu zituzten garai bertsuan.

Marvel etxeko pertsonaiek 1960ko hamarkada komikigintzaren zilarrezko aro izatea lortu zuten; 1940ko hamarkadako urrezko aroaren ondotik komikigintza gain behera zihoan. Marvel etxeko pertsonaia berriek, ordea, gainbehera eten, eta superheroien abenturak mundu guztira zabaldu zituzten, eta komikia gizarteratu.

Superheroien figura lehenagotik ezaguna bazen ere, Marvel etxeko pertsonaia berri horiek aurrekoek ez zeukaten ezaugarri nabarmen bat zuten: gizatiarrak ziren. Superheroi izateaz gain, ohiko pertsonen arazoak ere bazeuzkaten, eta, kasu batzuetan,superheroi izatea kargatzat ere hartzen zuten. Ezaugarri horiek irakurleak pertsonaiekin identifikatuak sentitzea eragin zuen kasu anitzetan.

Joseba Larratxe Josevisky marrazkilariaren ustez, superheroi berri horiek gizatiarragoak izateak eragin zuen komiki horien arrakasta. Spider-Manen kasua aipatu du marrazkilariak: «Ez da betiko superheroi perfektua. Nerabe bat da, bere arazoekin eta Spider-Man izateko rola karga gisa hartzen duena». Patxi Gallego marrazkilariak ere Marvel etxeko superheroien ezaugarri hori nabarmendu du: «Botereak dauzkate, baina, aldi berean, baita gizakien ahuleziak ere. Horrek eragiten du irakurlea erakartzea eta pertsonaiekin identifikatzea». Bilboko Joker liburu dendako Mikel Baok ere uste du arrakastaren gakoa irakurlea pertsonaia horiekin identifikatzean dagoela: «Ordura arte inori ez zitzaion otu superheroi bat bere arropa josten edo familia harreman batean irudikatzea». DC Comics etxeko Batman eta Superman ziren komigintzan ordura arteko erreferenteak. Superheroi horiek, ordea, perfektuak ziren, eta ez zeukaten ahulgunerik. Superheroi berri horiek, botereak izateaz gain, herritar arrunten kezkak ere bazituzten.

Pertsonaiak gizatiartzeaz gain, Leek pertsonaia horiek arrakastara bideratuko zituen bertze ezaugarri bat ere eman zien: superheroi guztiak mundu bereko kide ziren. Unibertso berean bizi ziren, kohesionatuta. New York hirian kokatu zituzten Marvel etxeko superheroiak, eta hiriak ahalik eta errealistena adierazten saiatu ziren filmetan eta komikietan. Baoren ustez, Leeren oinarrizko ekarpena izan zen pertsonaia guztien arteko kohesioa, Marvel unibertsoaren sorrera ekarri zuena: «Pertsonaia guztiak unibertso berean bizi dira, abenturak konpartitzen dituzte eta denak azal daitezke bertzeen serietan». Baok azaldu duenaren adibide da The Avengers, Marvel etxeko pertsonaia batzuek osatzen duten superheroien taldea.Gainontzeko komiki eta pelikuletan ere Marvel unibertsoko bertze superheroien erreferentziak azaltzen dira etengabe. «Amaitzen ez den kate bat» bezala definitzen du Baok Marvel ekosistema.1960ko hamarkadan, marrazkilari profesionalak batu, eta denen elkarlanetik Marvel unibertsoko pertsonaiak sortu izana da, Baoren iritziz, Leek komikigintzan utzitako ondare nabarmenena.

Argiaren gibeleko itzala

Zalantzarik ez dago Leek komikigintzan arrasto sakona utzi duela; arrasto horren sakontasuna da,ordea, eztabaida pizten duena.Komikiak idazteko Marvel metodoa sortu zuen Leek. Metodo horren arabera, komikiaren nondik norakoen azalpen bat ematen zien gidoigileak marrazkilariei, eta horiek ziren marrazkiak sortzen zituztenak. Marrazkiak bukatuta, gidoigileak idazten zituen gidoiak. Metodo horri jarraiki egiten zituzten komikiak Marvelen. Komikiak sortzeko ekoizpen kate gisako bat zen metodoa, eta Lee zen katearen buru. Ezagun egin ziren komikien egileak nor ziren zalantzak egon dira, eta urte luzez lankide izan zituen Kirby eta Ditko marrazkilariekin liskar legalak izan zituen Leek, superheroiak nork sortu zituen argitzeko.

Pertsonaia guztiak elkarlanean sortu bazituzten ere, Leeren izena askoz ezagunagoa bihurtu zen gizartean, eta marrazkilariak bigarren plano batean gelditu ziren. Bertze anitzekin batera egin zuen lanaren meritua hark bakarrik eraman izanaz akusatu zuten luzaroan. Pertsonaia bakoitza nork sortu duen jakitea ezinezkoa da, Josevisky marrazkilariaren iritziz, zeinen hitza sinisten den da gakoa: «Marvelen pertsonaien sorkuntzan betiko eztabaida da batez ere Kirbyren eta Leeren artekoa. Kirbyk erraten zuen pertsonaia gehienak berak sortu zituela, eta ni Kirbyren hitzaz gehiago fidatzen naiz». Gallegok komikiak idazteko metodoa sortu izanaren zilegitasuna ematen dio Leeri; ez, ordea, lan guztiaren meritua: «Leek sinopsiak egiten zituen, eta, ondoren, marrazkilariek egiten zuten maketazio mota eta biñetazioa. Hala ere, izena egileak eramaten du». Leerekin batera komikiak egiten lan egin zuen lantalde onik gabe, komikiak ez lirateke «hain onak» izango, Gallegoren iritziz. Izen horiek, ordea, «ahaztuta» daudela uste du. Joseviskyk «sortzaile baino saltzaileago» ikusten du Leeren figura.

Marvel etxeko editore eta gidoigile izateaz gain, Marvel editorialaren aurpegi ezagunena ere bihurtu zen Lee. Zalantzarik ez da Marvel unibertsoko hainbat pelikulatan egindako cameo-ek horretan lagundu zutela. Zehazki nor den jakin ez arren, pop kulturaren imajinarioan ezaguna bihurtu da; bere burua interpretatuz batzuetan, rol txikia jokatuz bertzeetan, Marvel etxeko pelikula ia denetan ikus daiteke Leeren cameo-ren bat. Gidoigile eta komiki editore izateaz gain, marketineko maisu ere izan zen, eta ederki jakin zuen Marvel konpainia bere izenarekin lotzen. Bere marka pertsonala bihurtu zuen publiko aurreko agerraldiak elxcelsior hitzarekin amaitzea.

Joan den astean zendu zenetik etengabeak izan dira Euskal Herrian eta atzerrian Leerekin gogoratuz sare sozialetan jendeak zabaldutako mezuak. Joseviskyri amorrua eman dio hainbertze jende Lee goraipatzen ibili izana:«Amorrua ematen dit historiak nola kokatzen duen jendea, nori ematen zaion meritua. Askotan meritua bilatzen duenak eramaten du». Iritzi berekoa da Gallego ere: «Stan Lee jenio bat zen, baina ez da bidezkoa Marvelen meritu guztia berak bakarrik irabaztea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.