Enrique Zuazua. Matematikaria

«Infinituaren mapa berriak sortu behar ditugu orain»

Humboldt katedra eman diote ikertzaile eibartarrari, eta, abuztutik aurrera, Friedrich Alexander unibertsitatean arituko da lanean, Alemanian. Matematikaren mugak harago bultzatzen saiatuko da, Berlinen jasotako 3,5 milioi euroekin.

HUMBOLDT FUNDAZIOA / ELBMOTION / TORBEN RUNGE.
Edu Lartzanguren.
2019ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Enrique Zuazua matematikariak (Eibar, Gipuzkoa, 1961) Alexander von Humboldt katedra jaso zuen maiatzaren 9an Berlinen. Erlangen-Nurenbergeko Friedrich Alexander Unibertsitatean (FAU) lanean hasiko da ikertzailea abuztuan. Katedrarekin 3,5 milioi euro jaso ditu matematika aplikatuan egiten duen ikerketa garatzeko. Zuazua 1984an lizentziatu zen matematiketan EHUn (sari berezia jasota), eta, hiru urte geroago, doktore bihurtu zen, 26 urte baino ez zituenean. Parisen eta Madrilen aritu zen irakasle, baina 2008an Euskal Herrira itzultzeko ametsa bete zuen. Izan ere, Ikerbasque fundazioko ikertzaile aritu zen. BCAM (Basque Center for Applied Mathematics) gunea antolatu zuen.

«Bizitzan tarteka bultzada berriak behar dira, eta aukera dira zeure burua freskatzeko», esaten duzu Humboldt fundazioak zu aurkezteko egin duen bideoan. Zer gertatu da Euskal Herrira itzultzeko ametsarekin?

Euskal Herrira itzultzeko gogoz 24 urtez egon nintzen. Euskadi Saria eman zidaten 2007an, [Juan Jose] Ibarretxe zegoenean lehendakari. «Baina zuk ezin duzu Madrilen egiten duzun lana Euskal Herrian egin?», esan zidan Ibarretxek sariaren emanaldian. «Hori nire ametsa zen», esan nion. Orduan sortu zen Ikerbasque euskal zientziarako fundazioa, eta deitu zuten lehenetarikoa izan nintzen. Euskalduna nintzen, lotura gorde nuen Euskal Herriarekin, bazekiten itzuli nahi nuela, Jaurlaritzaren diru-laguntzarekin joan nintzen kanpora doktoretza egitera... Baina ordurako banuen susmoa, gauzak ez zirela errazak izango.

BCAM sortu zenuen. Zein izan zen arazoa?

Bilbon egin genuen, eta mundu mailan sekulako arrakasta izan zen. Baina ni etorri eta sei hilabetera, Ibarretxe kanpoan zegoen. Gobernu berriak egin zuen lehenengo gauzetako bat Ikerbasqueko zuzendaria aldatzea izan zen. Hor hasi zen nire via crucis-a. BCAMeko zuzendaritzatik kendu ninduten 2012ko hauteskundeak baino bi hilabete lehenago, 2013-2016 Plan Estrategikoa burutu baino lehen. Orduan esan nien Hezkuntza Saileko buruei: «Aizue, zuzendaritzatik kenduta, lehen urratsa egiten ari zarete ni zientzia eta teknologiaren euskal sistematik ateratzeko». Nik neure lankideei gehiegi eskatzen niela esan zidaten, baina hemen ikertzaile lanean jarraitzea nahi zutela esan zidaten...

Zergatik zinen ezerosoa?

Baztertuta geratu nintzen zentroan, paretik kendu beharreko espontaneo bat banintz bezala. Euskal kultura munduko lagun aditu baten ustez, txoko gehiegi bete nituen Euskal Herrira bueltan: ikertzaile, euskaldun, ikerketa zentroen garatzaile, dibulgatzaile... Eta hutsune horiek bereganatu nahi zituztenak, azkenean, batu egin ziren, ni Madrilera bueltan bidaltzeko 2015ean. Ez nuke esango politika kontua izan zenik, alderdi guztietan denetarik baitago. Baina interes pertsonalek zientzia politikari aurrea hartzen diotenean...

Eta gaurko gobernuarekin ez zen zure egoera aldatu?

Arartekoak txosten kritikoa egin zuen, ni 2012an zuzendaritzatik ateratzeko erabilitako prozesu iluna salatzeko. Baina egun ditugun arduradunek gobernura heldu eta txostena jasotakoan, hara ustekabea, ez zuten kasurik egin.

Herri txikia, infernu handia, esaten da. Eta, tamalez, horrela izan da gure zientzian. Ikerbasquek jarraitzen du jendea ekartzen edonondik, baina bertakook joan behar gara haiei lekua uzteko.

2016an, berriz, zure DYCON kontrol dinamikorako egitasmoari diru laguntza eman zion Europako Ikerketa Batzordeak (ERC). Aukera izan zen Bilbora itzultzeko?

Bai. Egitasmo handiak dira ERCren horiek, eta horrekin itzuli nintzen Bilbora lanean 2016an, Deustuko Unibertsitateko DeustoTech zentrora, hain zuzen ere. Inoiz ez diot behar bezala eskertuko Jose Maria Guibert Deustuko errektoreari eta haren zuzendaritza taldeari. Baina, hara non, duela urtebete, neure emaztea kaleratu zuten BCAMetik. Kasualitatea! Denak, noski, auzitegietan bidegabeko kaleratzeak izan dira, baina, badakizu, kalte-ordaina eman, eta kito. Kanpoan kontatzen dudanean ez dute sinesten; are gutxiago, kaleko jendeak.

Zertan gasta dezake matematikari batek 3,5 milioi euro bost urtean?

Katedra hauek oso zailak dira lortzen. Alemania osoan urtean hamar bat ematen dituzte gehien jota. Hala ere, Deustuko Unibertsitatearekin dugun lotura mantentzea espero dugu eta, noski, inoiz ez dugu baztertuko gure herrira bueltatzeko gogoa.

Zure arloa matematika aplikatuak dira. Tumore bat ere zenbaki multzo bat dela esaten duzue, eta garatzen dituzuen algoritmoek laguntzen dute gaur, esaterako, adimen artifizialarekin tumoreak irudietan azkarrago eta zorrotzago identifikatzeko. Zertan aplikatuko da orain garatuko duzun matematika?

Matematika aplikatua eta halako esamoldeak pixka bat desegiten ari dira, gutxika. Bigarren Mundu Gerraren garaitik dator. Hor sekulako zientzia ahalegina egin zen, Manhattan egitasmoan, esaterako, bonba atomikoa sortzeko. Horrekin ere kritiko izan gaitezke, edonola ere. Baina baita Enigma makina sortzeko, nazien kodea deszifratzeko. Hor paradigma aldaketa bat egon zen: zientzialariak konturatu ziren makinen bidez ordura arte ebatzezinak ziren arazo asko eta asko kudea zitzaketela. Horrela heldu ginen Ilargira.

Alemanian landuko dituzun matematikek lagunduko dute klima aldaketaren ondorioak aurreikusteko eredu hobeak garatzen?

Matematikak indar asko ditu, eta horietako bat hauxe da: aukera ematen dizu aurrerantz begiratzeko, baina baita atzerantz ere. Bizitza errealean emaniko pausoak ezin dira desegin, ezin duzu denboran atzerantz egin. Baina matematikoki bai. Stephen Hawkingek eredu matematikoen bidez ondorioztatu ahal izan zuen Big Banga duela 13.000 milioi urte izan zela. Horregatik, matematika oso erabilgarria izan da klima aldaketaren jatorria identifikatzeko. Matematikak aurrera begira jarrita, konponbideak proposatu eta kuantifika ditzakegu.Alemanian Erlangen hirian arituko naiz, eta hor Siemensen egoitza dago. Guk horien etxetresnak ezagutzen ditugu, baina, orain, medikuntzarako teknologia garatzen ari dira, eskanerrak, tomografia axial digitalerako gailuak... Horren guztiaren oinarria matematika da. Gu matematika aplikatu horren mugak harago bultzatzen saiatuko gara Alemanian. Matematika mugaz bestalde zen BCAMen euskarazko leloa, Bernardo Atxagaren 37 galdera mugaz bestalde dudan kontakto bakarrari poematik hartuta.

Kaosaren teoriaren arabera, sistema dinamikoek badute zorigaiztoko ezaugarri bat: ezin direla nahiko genukeen zehaztasunez iragarri. Zuek bilatzen dituzuen matematika berri horiek balioko dute udan zer-nolako eguraldia egingo duen zehatz iragartzeko?

Kaotikoak diren sistemak ere errepikatzean, leundu egiten dira. Gure egunerokotasunean ikusten duzu: kaosean bizi gara, bai, baina udaberriaren ostean uda etorriko da. Eguraldiarekin ere, gaur datorren astean egingo duena ikus dezakezu, eta ia ondo asmatzen dute. Medikuak ez dizu esango zenbat egun biziko zaren, baina doitasun handiarekin egingo dizute diagnostiko bat. Unibertsitatean ikasle nintzenean matematikaren lizentziari Zientzia Zehatzak esaten zieten. Orain Matematika da, ez baitago ezer zehatzik. Gizakiek sortuko duten ezerk ez du izango naturaren konplexutasuna eta zehaztasuna. Adimen artifizialak gainditu egin du giza adimena, baina arlo batzuetan bakarrik.

Azken boladan algoritmoak erabiltzen ari dira noranahiko: aseguruarengatik ordaindu behar dena kalkulatzeko, auzo batek zenbat poliza behar duen aurreikusteko... Baina erakutsi dute horien atzean aurrejuzgu zaharrak eta oso gizatiarrak daudela. Hor baduzue matematikariok arazo bat?

Aditu batzordeekin gauza bera gertatzen da: esadazu zein aditu aukeratu dituzun, eta esango dizut zer erantzunen bila ari zinen. Adimen artifizialean eta datuen zientzien alorrean egiten diren gauzak optimizazioaren arloko kontuak dira sarritan. Irizpide anitz dituzu, eta ebazpen onena lortu behar duzu: etxe bila zabiltza, eta handia nahi duzu, zentroan, eguzkitsua eta merkea. Hamar ardatz dituzu hor, eta puntu bat aukeratu behar duzu. Ordenagailuari galdetzen diozu, eta matematikan funtzioa deitzen diogun ezaugarri bakoitzari pisu bat jarri behar diozu. Agian, askoz garrantzi handiagoa izango du etxeak igogailua izatea, amonarekin bizi zarelako. Pisua zeri ematen diozun, horrek emaitza baldintzatzen du. Berdin etorkinen gaian, edo abiadura handiko trenaren inguruan erabakitzeko orduan. Baina, orain, lehen ez genituen datuak ditugu, Googlen eta Facebooken gutaz dituenak, esaterako, eta ordenagailuak ditugu datu horiekin eragiketa matematikoak egiteko, lehen imajinatu ere egiten ez zen indarrarekin. Baina, adi, algoritmo bat erabiltzeak ez du ziurtatzen ebazpenik onena aurkituko duzuna. Bi Boeing hegazkin jausi dira berriki, norbaitek ez dituelako kalkuluetan pisuak ondo jarri.

Zein izango da zure erronka orain, Alemanian?

Lo egitea. Eta neure familiari babesa ematea. FAU Friedrich Alexander unibertsitateko presidenteak Humboldt saria ematerakoan galdetu zidan: «Esadazu zer behar duzun zure lana aurrera ateratzeko». Erantzun nion: «Mesedez, egiteko gai naizen hori egitea uztea eta laguntzea». Ea olatu berri honetan geure lana eta bizitza ingurune zientifiko gardenago batean garatzeko aukera dugun.

Eta zientzia aldetik?

Zientzia aldetik ezin dut esan zer egingo dugun, oraindik benetan ez dakidalako. Hau eguneroko arte sorkuntza bezalakoa da: egunero tailerrean egon behar duzu, hor sortzen direlako loturak eta egitasmoak. Matematikaren muga aurrera bultzatuko dugu. Matematikaren bi ikuspegi osagarrien arteko loturak landu nahi ditugu, mundu jarraituaren eta mundu diskretuaren artean. Hor lan asko dago egiteko, matematikaren abstrakzio nagusietariko batean, infinituan, gauza asko gorderik daudelako. Munduaren konplexutasunaren mapa berriak nahi ditugu. Infinituaren mapa berriak sortu behar ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.