Pinturaren mugetan pintatzea

Abstrakzioaren aitzindari izandako Lygia Clark artista brasildarrari erakusketa eskaini dio Bilboko Guggenheim museoak. Bere formakuntza urteetan sortu zituen 83 lan bildu dituzte

Kronologikoki antolatu dituzte Lygia Clark artistaren erakusketa osatzen duten hiru aretoak, eta zuri-beltza da nagusi azkenekoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2020ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Jauzia ematera iritsi aurreko lasterraldia. Funtsean, hori kontatzen du Bilboko Guggenheim museoan Lygia Clark artistari (Belo Horizonte, Brasil, 1920- Rio de Janeiro, 1988) eskaini dioten erakusketak. Adituek abstrakzioaren aitzindaritzat aipatzen dute haren izena, bai eta XX. mendearen bigarren erdialdeko Latinoamerikako funtsezko artistatzat ere, eta museoak haren hasiera-hasierako urteei erreparatu nahi izan die, hain justu, jaio zenetik mendea betetzen den honetan. 1948an pintatutako lehen olio pinturako erretratu eta paisaia figuratibo tradizionalekin hasten da ibilbidea, eta 1958an amaitu, hamarkada betez diziplinaren mugekin esperimentatzen eman, eta pintura behin betirako atzean utzi eta eskultura lantzera pasatzen den une zehatzean. Eta, halere, Geaninne Gutierrez-Guimaraes komisarioaren hitzetan, nahikoa da lasterraldi horri sakon erreparatzea ondoren etorriko zen jauziaren nondik norakoak irakurri ahal izateko. «Sasoi hartan, figurazioaren eta abstrakzioaren artean aritu zen esperimentatzen, eta hor hasten da eratzenbere helduaro artistikoko lanetako lengoaia bisual boteretsua». Martxoaren 6tik maiatzaren 24ra arte egongo da ikusgai Lygia Clark. Pintura eremu esperimental gisa erakusketa.

Clarken izena aski ezaguna da arte munduan, eta ez dira gutxi eskaini zaizkion atzera begirako garrantzitsuak ere. New Yorkeko Museum of Modern Art ezagunak antolatu zuen azkena, 2014an. Baina, hain zuzen, hasierako formakuntza urte horiek dira artistaren lau hamarkadako ibilbideko pasarterik ezezagunenetako bat. «Normalean, artista bati atzera begirako bat eskaintzen zaionean, haren ibilbidean giltzarri diren momentuetan jarri ohi da arreta, eta, gehienetan, ohar moduko bat izaten dira hasierako sasoiak kontakizun horretan».

Baina ohar izan ohi den hori da Bilboko erakusketaren muina. Guztira, sortzailearen hasierako 83 artelan bildu dituzte, eta hiru atal kronologikotan antolatu dute ibilbidea. «Artistaren formakuntza urteei buruzko analisi berri bat azaltzen du erakusketak», laburbildu du Gutierrez-Guimaraesek. «Pintura tradizionalaren mugak bultzatzen saiatu zen». Urteekin, eskultura eta performance sentsorialetarantz lerratuz joan zen sortzailea, baina pinturan hasi zen dena.

Clark bere estudioko lurrean eserita erakusten duen argazki batekin hasten da ibilbidea. Koadro geometriko abstraktu batzuk ikus daitezke atzealdean, eta oihal bat du artistak eskuetan, pintzelak han-hemenka, poteak... Inork pintore bat aipatzen duenean ulertu ohi den hori guztia. Eta argazki horren araberakoak dira erakusketako lehen aretoan ikus daitezkeen margolanak ere: pintore baten lanak. Baina bada bilakaerarik hor ere. Paisaia, erretratu eta elementu arkitektonikoen irudi tradizional eta figuratiboak dira nagusi artistaren lehen lanetan, baina aldatuz joango da koadroen itxura, 1952tik 1954ra Parisen egindako bi urteko egonaldiaren ondoren. Besteak beste, Fernand Leger eta Arpad Szenes izan zituen irakasle han, eta igar daiteke haien eragina Clarken sasoiko margolanetan.

Abiadan doa Clarken pintzela, komisarioaren hitzetan. Izan ere, abiada betean doa sortzailearen bilakaera artistikoa. «Bi urte baino ez dira pasatu hasierako erretratu tradizionaletik Biolontxelo-jotzailea margotzera iristen den arte». Abstrakzio ukituak. Kubismoaren oihartzuna. Kolore eta lerro dinamikoak.

Markoa haustea

Koadro erabat abstraktu batekin abiatzen da bigarren aretoa. Hondo berde baten gainean, laukizuzen zuri txiki bat, eta elkar gurutzatzen duten lerro beltz batzuk han-hemenka. 1953tik 1956rako sorkuntzak biltzen ditu gelak: Clark Paristik Brasilera itzuli zeneko sasoia. Arte konkretuaren mugimendua indartsu zebilen herrialdean ordurako, eta sortzailea bete-betean sartu zen lerro horretan, Frente izeneko taldearen bidez. Orduan eman zuen pinturaren ulerkera tradizionalarekin apurtzeko pauso garrantzitsu bat. Horren froga dira Markoa hautsiz izeneko margolanak. Oihalak eta olioa erabiltzeari utzita, pintura industriala eta zura erabiltzen hasi zen, eta horrek urrundu zuen erakusketa hasieran ikus daitekeen estudioko iruditik.

Clark arkitekturaren eta pinturaren arteko bidegurutzea ikertzen hasi zen sasoi hartan, eta prozesu hori erakusten duten hiru maketa ere bildu dituzte erakusketan. Artistak margolan erraldoi bilakatzen ditu etxebizitza bateko gelak hiru lan horietan, eta, bertan, nabarmen egiten dute bat kolore ezberdinetako pinturen arteko mugek ate, leiho eta altzarien lerroekin. Eta sasoi hartakoa da pixkanaka eskulturarantz eraman zuen lerro organikoa izeneko kontzeptuaren aurkikuntza ere.

Zuri-beltza da nagusi hirugarren aretoan. Eskulturarako jauziaren mugan dago jadanik sortzailea 1957. eta 1958. urteetan, eta, hain zuzen, margotu zituen azken margolanetako batek ixten du ibilbidea. Aurrez begiratuz gero, zuri-beltzeko hainbat hiruki konbinatzen dituen margolan bat dirudi lanak, baina, alboan jarrita, argi igar daiteke pieza geruzaz geruza eraikita dagoela. «Pintura jadanik ez da plano bakar batean gertatzen, baizik eta hirutan», azaldu du komisarioak. «Eskultoriko bilakatzen da». Baina, Gutierrez-Guimaraesen hitzetan, erakusketak proposatzen duen ibilbide osoa egin ostean soilik iritsi ahal izan zen artista puntu horretara.

Ezaguna da Bilboko Guggenheim museoak emakumezko artistekin duen zorra. Urte luzez anekdotikoa izan da andrazko sortzaileei eskainitako erakusketa indibidualen kopurua, baina aurten emakumezkoek presentzia ia etengabea izango dute museoan, Juan Ignacio Bidarte museoko zuzendariak iragarri duenez. Clarken erakusketaren ostean, Lee Krasner eta Lynette Yiadom-Boakye artistei eskainitako erakusketa bana antolatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.