XIX. mendeko musika izarra

Pablo Sarasate biolin jotzailea hil zenetik 110 urte bete dira. Musika klasikoa herritarrei gerturatu zien. Iruñean hainbat ekitaldi egin dituzte hura gogoratzeko.

Pablo Sarasate musikari iruindarraren erretratua biolinarekin. BERRIA.
Iker Tubia.
Iruñea
2018ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Munduan ospetsu egin zen bere biolinaren doinu berezi eta ederrari esker. Jendetza joaten zen hura ikustera, sarrera guziak saltzen ziren —baita birsaldu ere—. Are, Sherlock Holmesek ikerketa lan guziak albo batera utzi zituen haren kontzertu bat aditzeko. The Red-Headed League istorio laburrean, Whatson doktorearekin batera joan zen Saint-James's Hall kontzertu aretora, han jotzen baitzuen Pablo Sarasatek (Iruñea, 1844 - Miarritze, Lapurdi, 1908).

Mitotik badu Sarasateren figurak, baina benetakoa izan zen, Sherlock Holmes ez bezala. «Bere neurria azpimarratuko nuke; asko ez dira ohartzen norainokoa izan zen. Nazioartean biolin jotzaile onenetako bat izan zen, jendeak gehien maitatu zuena eta hobekien ordaindu zutena». Maria Nagorerena da azalpena. Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Musikologia irakaslea da, eta hark idatzi du Sarasateri buruzko monografiarik zabalena eta berriena: Sarasate. El violín de Europa (Sarasate. Europako biolina). Argi esanda: «Egungo rock izarren parekoa zen».

110 urte joan dira Sarasate hil zenez geroztik. 1908ko irailaren 20an zendu zen, Villa Navarrabere etxean. Hura joan zen, baina haren musika oraindik ere aditu daiteke han eta hemen. Herenegun, Iruñeko hilerrian, Jorrick Troman musikariaren eskutik. Iruñeko Udalak omenaldia egin zuen Sarasateren mausoleoan, urtero bezala. Aurten, gainera, konpondu egin dute, hondatzen hasia baitzen. Bestelako ekitaldiak ere egin dira: asteazkenean, Sarasate. El rey del violín (Sarasate. Biolinaren erregea) filma eskaini zuten, eta, herenegun arratsaldean, Nicole Crespok Sarasateren biolinetako bat jo zuen. Gaur euskaraz eta bihar gazteleraz, bisita gidatuak eginen dituzte Kondestablearen jauregian, Sarasateren museoa ikusteko.

Joseba Asiron alkateak Sarasate goraipatu du haren heriotzaren urteurrenean: «Musika dena zuen bizitzan, eta musikari esker hainbeste eskaini zion munduari, baita gure hiriari ere». Haren esanetan, Sarasateren musikak oraindik ere bizirik jarraitzen du bere hirian. Baina zerk egiten du hain berezi musikari hura? Nagorek argitu du: «Biolinarekin ateratzen zuen soinua apartekoa zen, entzuleak erdi hipnotizaturik uzteraino. Gainera, sekulako teknika zuen: exekuzio zoragarriak egiten zituen, eta hori jendeari asko gustatzen zitzaion». Zoritxarrez, oso grabazio gutxi daude, eta nahiko txarrak dira.

Iruñeari urrutitik loturik

Kontzertuetan autore klasikoen obrak jotzen zituen, eta musikagile askori obra berriak eskatu zizkien; beraz, biolinerako musika garaikidearen bultzatzaile ere izan zen. Izan ere, Sarasaterentzat musika sortzen zuten konpositoreek sona lortzen zuten. Bazuen beste ezaugarri berezi bat: herri errepertorioa ere jotzen zuen. «Batzuetan herri musikatzat hartzen dena jotzea leporatzen zaio, baina hori da hark nahi zuena. Kontzertuetako bisetarako konposatzen zituen obrak».

Herri musika oholtzara igo, eta musika klasikoa herrira eraman. Biak egin zituen Sarasatek. «Denetariko obrak egiten jakin zuen. Uste zuen musika klasikoa sustatu behar zela, baina, era berean, egile garaikideei obrak eskatzen zizkien. Gainera, jendearen gustuko obrak egin behar zirela sinetsirik zegoen, horregatik hartzen zituen herri kantak. Modu horretan, musika klasikoa herritarrei zabaldu zien».

Sarasate Nafarroako hiriburuko San Nikolas karrikan jaio bazen ere, 2 urterekin utzi zuen Iruñea, eta ez zen inoiz gehiago han bizi izan. Hala ere, hiriburuarekin eta, orobat, Nafarroarekin lotura estua izan zuen beti. 12 urterekin Parisera jo zuen, musika ikasketekin jarraitzeko, eta, urte baten buruan, Gand & Bernardel biolin bat irabazi zuen, kontserbatorioak biolin eta solfeoko lehenbiziko saria eman ziolako. Amerikan, Ekialde Hurbilean eta Europan barna jo zuen, arrakasta handiz.

Anartean, beti aurkitzen zuen Iruñera bueltatzeko tartetxoa. Sanferminetan La Perla hotelean hartzen zuen ostatu, eta sarri balkoira ateratzen zen biolina jotzera. Sekulako harrera egiten zioten hiriburuan. Adibidez, udalbatza geltokira joaten zitzaion agur egitera. Sarasatek kontzertua antolatzen zuen Iruñeko bestetarako, hark ordainduta.

«Iruñera itzultzea maite zuen, bere sustraiak hemen sentitzen zituelako», dio Nagorek. Hiriz hiri eman zuen bere bizitza, ama gazterik hil zitzaion Baionan, eta baliteke horrek sustraiak bilatzera eramatea. Hala uste du musikologoak. Iruñeari ekarpen handia egin zion: Santa Cecilia orkestra sortu zuen —Nafarroako Orkestra Sinfonikoa, egun—, eta bere ondasun eta sari guziak udalari utzi zizkion; tartean, bere biolinak —Stradivariusak izan ezik.

Hori dela eta, Nagorek uste du Sarasate Nafarroako ondasun gisa aldarrikatu behar dela. «Iruñean ez zaio behar beste balioa ematen, eta garrantzitsua litzateke gure aktibo garrantzitsu gisa aitortzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.