Oteizak eragindakoen taldea

Equipo 57 taldearen 23 obra batu dituzte Bilboko Michel Mejuto galerian. Jorge Oteizak bildutako bost sortzailek osatzen dute taldea. Martxoaren 29ra bitarte izango da ikusgai

Irudian, Michel Mejuto galerian ikusgai dauden artelanetako bi: metalezko eskultura, aurrean, eta oleoz margoturiko koadroa, hondoan. MARISOL RAMIREZ/FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2019ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
«Ez zuten elkar ezagutzen, baina lotura bat zuten: Jorge Oteiza eskultorea zen denen adiskide», esan du Michel Mejuto arte historialariak. Are gehiago, ezagutu bakarrik ez, eragin artistiko nabarmena izan zuen Oteizak Equipo 57 izenez deitzen dioten taldearen eraketan. Kasualitate hutsez, edo eskultoreak hala nahi izan zuelako, agian, baina 1957. urtean bost artista batu ziren Parisen: Agustin Ibarrola, Angel Duarte, Pepe Duarte, Juan Serrano eta Juan Cuenca. Etxe margolariak ziren denak orduan, garai hartako «abangoardia artistikoen epizentroa» zen hirian.

Egun, bost hamarkada igaro dira taldea desegin zenetik, baina haien artelanak ez dira galdu.Mejutok, taldearen 23 obra batu, eta erakusketa bat antolatu du taldearen ibilbidea laburbilduz. Gehienak olioz eginiko margolanak dira, eta lau bat eskultura ere ikus daitezke erakusketan. Hiru gelatan antolatuta daude, eta obretako batzuk soilik daude salgai.«Hamar lan daude eskuragarri, eta gainerakoak bildumagile pribatuek utzi dizkigute, maileguan, erakusketa egin ahal izateko», azaldu du galeriaren arduradunak. Martxoaren 29ra arte egongo da ikusgai, Bilboko Michel Mejuto galerian.

Artista ugariren parte hartzea izan zuen Equipo 57 taldeak, baina goian aipatutakoei aitortu diete mugimenduaren muina eta arima izatea. Hala azaldu du arte historialariak. Oteiza izan zuten gidari, esperimentaziorako bere grinak bultzatuta. Izan ere, Amerikara bidaiatu zuen eskultoreak,inspirazio bila; eta, urte batzuk geroago itzuli zen artista Euskal Herrira, 1948an. Orduan elkartu zen Ibarrolarekin. 1954an, berriz, Kordobara (Espainia) bidaiatu zuen, eta han egin zuen topo gerora taldekide bihurtuko ziren gainerako margolariekin. Hiru urte beranduago antolatu zuten lehen erakusketa, Montparnasse auzoko Le Round Point (Puntu borobila) kafetegian, Parisen.

Ezarritakoari aurka egiteko sortu zen Equipo 57. Kontrako noranzkoan egin zuten bidea. Izan ere, margolariak altxatu egin ziren XX. mendearen erdialdean Europako panorama artistikoan gailentzen ari zen espresionismo abstraktuaren aurka. Irudigeometrikoen abstrakzioa lantzearekin batera hasi zuten ibilbidea.

Praktikan baino gehiago, teorian jarri zuten fokua eta emaitza: «Objektiboaren» bila jardun ziren. Mejutoren hitzetan, nortasun kolektiboa indartzeko ariketa gisa ulertu zuten artea, eta egiletza indibidualaren kontzeptuarekin apurtu nahi zuten horregatik. Koadroak eta eskulturak Equipo 57 izenpean sinatzen zituzten, ez norbanako gisa. «Banakoaren adierazpen burgesa ukatu nahi dute, eta egilearen izaera erromantikoa desegin. Kolektiboa dute oinarri eta helburu», esan du Mejutok.

Egileen izen-deiturarik ez da ageri inon, eta Mejutok aitortu du ezinezkoa dela artelan bakoitza egile bakar bati atxikitzea: «Oso adi behatuta, estilo ezberdinak ikus daitezke, baina ez nintzateke gai izango koadro bakoitza artista zehatz batekin lotzeko, hori baita, hain justu, taldeak lortu nahi zuen efektua». Mugimendu «erradikala» zela esan ohi da, artearen mugetatik harago eragin zuelako. «Politikoki eta sozialki eragiteko grina zuten, ikerketa plastikoa egiteaz gain. Hizkuntza berri bat asmatu zuten». Adierazpide berri hori izan zen, hain zuzen ere, gorpuztu zuten teoria artistikoa: abstrakzio geometrikoa. Eta, hura margolanetan aplikagarria izan zedin, zenbait irizpide ezarri zituzten: kolore lauak eta biziak ageri dira artelanetan, helburu duten «arte objektiboaren» izenean. «Pintzelkada bat-batekoak» saihestu nahi dituzte, eta ez dute ehundurarik erabiltzen. «Kanon bat ezartzen dute, eredu bat. Teoriaren oinarriak taldean hausnartuak eta adostuak dira, aplikazioa ahalik eta objektiboena izan dadin».

Teoriaren garapena

Ildoa finkatuta, taldeak fase ezberdinak ere bizi izan zituen bizirik iraun zuen bost urteetan. Ibilbide laburra bezain oparoa izan zuen, eta horren arabera bereizi du galeriako espazioa Mejutok, artisten bilakaerarekin bat etorrita.

Lehenengoan, taldearen hastapeneko obrak daude ikusgai, 1957. eta 1958. urteetakoak. Aurreneko emaitzak azaldu ditu Mejutok: «Espazio plastikoaren harremanetarako moduaren inguruan bueltaka hasten dira, interes geometrikoa ardatz hartuta». Koadro horietan, angelu zorrotzak dira nagusi, elkarren artean uztartuak. Artisten aburuz, lerroak bizigabeak dira, elkar ebaki eta espazio artistikoarekin kontaktuan sartzen diren arte.

Bigarren gunera igarota, lerroak leuntzen hasten dira. Angeluen erpinak borobilduz doaz, eta espazio plastikoan «erritmo makotuak» sortzen dituzte lanek. «Garai horretan, koherenteagoak dira koadroak; koadroaren gainazalarekin istorio koherenteagoa osatzen dute». Horrela nabari du Mejutok bilakaera.

Eta 60ko hamarkada hastearekin batera sartzen da Equipo 57ren obra azken etapan. Goia jotzen dute orduan, teoria guztiz zukutuz: mugimendua gehitzen dute efektu optikoak dituzten obrekin. «Formak borobiltzen dira azken garaian, eta patroi berriak ere sortzen dituzte. Batzuetan, simetriarekin jostatuz, eta, besteetan, berriz, mugimendua iradokitzen duten baliabideak erabilita».

1962. urtean banatu zen taldea. Ibarrola urte horretan espetxeratu zuten, eta kolektiboko beste kide batzuek Suitzara alde egin zuten. Edonola ere, lanek hiruzpalau urte gehiago iraun zuten Louis Renne bildumagilearen galerian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.