Dantzak, etxetik mugitu gabe

Euskal Herriko Dantza Agerketak 50 urte bete ditu. Herrialde guzietako hamar talde ariko dira nor bere herriko dantza tradizionalak plazaratzen gaur, Basaurin.

Pettarrako (Zuberoa) dantzariak, maskaradetako dantzak aurkezten, Basaurin, 2018ko Euskal Herriko Dantza Agerketan. PEDRO KAREAGA / EHDA.
Iker Tubia.
2022ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Dantza tradizionalek indar berezia dute beren habitat naturalean. Izaten dute egun berezi bat herria dantzarien bueltan biltzen dena. Hor baitu dantzak zentzua, herritarren begiradapean, komunitatea sortzen eta herria bizirik dela aldarrikatzen. Dantza horiek batzuetan habitat naturaletik ere ateratzen dituzte, eta horretarako sortu zen Basauriko (Bizkaia) Euskal Herriko Dantza Agerketa, duela 50 urte. Urtero-urtero, Euskal Herriko probintzia guzietako taldeak gonbidatzen dituzte, nork bere herrian egiten dituen berezko dantzak erakuts ditzan. Gaur egun Youtuben klik bakarrean aurki daitekeena aspaldi eskura zuten basauriarrek beren herriko plazetan. Gaur, Euskal Herriko hamar talde ariko dira etxetik kanpo etxeko dantzak erakusten.

Gasteizko Indarra taldea, Lanestosako dantzariak (Araba), Lekeitiko Etorkizuna taldea (Bizkaia), Lasarte-Oriako Erketz (Gipuzkoa), Tolosako Udaberri (Gipuzkoa), Iruñeko San Lorentzoko dantzariak, Zubietako joaldunak (Nafarroa), Donibane Lohizuneko Begiraleak taldea (Lapurdi), Donibane Garaziko Garaztarrak eta Atharratzeko dantzariak (Zuberoa) dira aurtengo gonbidatuak. Goizean, Basauriko auzoetan barrena ariko dira, eta arratsaldean emanen dute ikuskizun nagusia, Bizkotxalde parkeko auditoriumean. Ezohiko maneran aurkeztuko dituzte dantzak: oihal beltzak atzean eta fokuen argien azpian. Eta, noski, haienetik urruti. Baina etxea gertuago senti dezaten, oholtzaren atzeko aldean norberaren herriko irudiak proiektatuko dituzte dantzek irauten duten bitartean.

Basauriko hiru dantza taldeak arduratzen dira agerketa antolatzeaz, baina herriko zenbait elkarteren babesa dute eguneko lanak egiteko. Kepa Ogiza da antolaketa lantaldeko kideetako bat. Berak azaldu du zergatik hasi ziren ekitaldia antolatzen: «Euskal Herriko Dantza Agerketa sortu zen talde autoktonoak Basaurin erakusteko, 1972an. Garai horietan Bizkai inguruan egiten ziren dantza batzuk apur bat asmatuak ziren, eta, batzuen ustez, erroetara bueltatu behar zen, dantzak bere jatorrizko lekuetan nola egiten ziren ikusi. Horregatik sortu zen ekitaldi hau». Hori da agerketan parte hartzeko ezinbesteko baldintza: herrietan errotutako dantzak, ohiturak edota errituak izatea. «Ez dira bakarrik dantzak, horren inguruan askotan beste gauza batzuk ere baitaude», zehaztu du antolatzaileak. Aurten, adibidez, joaldunek parte hartuko dute.

Hori dela eta, Ogizak uste du Euskal Herriko dantza tradizional gehienak pasatu direla haien oholtzaren gainetik; galdu ez direnak bai, behinik behin. Hala ere, gaur egun badira 1972an existitzen ez ziren zenbait dantza, orduz geroztik dantza tradizionalak berreskuratu eta sortu baitituzte han eta hemen. Horiek ez dituzte baztertzen: «Normalean itxaroten dugu ea ohitura horiek finkatzen diren. Dantza horiek beren ingurua behar dute, data zehatz batean egin behar dira... Sortu eta mantendu diren dantza horiek ekarriko ditugu Basaurira».

Agerketa bideoz grabatu dute hasiera-hasieratik, eta hori baliagarri izan zaie tokian tokiko dantzariei ere. «Dantzatzeko ohitura galdu duten toki batzuetako dantzariak etorri dira bideoak eskatzera», kontatu du Ogizak. Hori gertatu zen Villabuenako herritarrekin (Araba). 1978an makil dantzak aurkeztu zituzten Villabuenako dantzariek Basaurin, baina, gerora, herrian ohitura galdu zen. Urte batzuen buruan, herritar talde batek dantzak berreskuratzeari ekin zion, eta, besteak beste, Euskal Herriko Dantza Agerketako antolatzaileengana jo zuten, irudi eske. 2018an berreskuratutako dantzak plazaratu zituzten Basaurin.

Agerketarekin hasi zirenean, basauriar askok lehenbiziko aldiz ikusiko zituzten Euskal Herriko hango eta hemengo dantzak. Ez zegoen hainbeste baliabiderik. «Gaur egun, oso erraza da Lekeitiora joatea kaxarranka San Pedro egunean ikustera, eta are errazago Youtuben sartzea». Agerketa bera ikustea ere errazagoa da orain, zuzenean ematen baitute Internet bidez. Pandemiarekin batera hasi ziren zuzenekoarekin, eta aurrerantzean ere mantenduko dute formatu hori. Haien Youtubeko kanalean emanen dute gaurko ekitaldia.

Herri osoa dantzan

Antolaketaz arduratzen den taldean sei lagun aritzen dira nagusiki urte osoan. Hala ere, agerketaren egunak esku anitz behar ditu dena ongi joan dadin. Hori da ekitaldiak herriari egiten dizkion ekarpenetako bat, Ogizaren ustez: «Egun horretan jende asko mugitzen da, elkarte askok parte hartzen dutelako». Ez hori bakarrik: «Euskal Herrian ez dugu ezagutzen 50 urtez mantendu den horrelako ekitaldirik. Basauri herriarentzat bada pozik sentitzeko moduko zerbait».

Bertako taldeentzat ere garrantzitsua da. «Basaurin ez dugu dantza autoktonorik, baina, agerketa pasata, gure emanaldia egiten dugu. Guretzat, oholtza gainean urte osoan egindakoa erakusteko aukera bat da», esan du Ogizak. Haien emanaldia hilaren 25ean izanen da. Gainera, agerketaren historiari buruzko erakusketa bat ere paratu dute Pozokoetxeko kultur etxean: Basaurin sekulakoa egiten ari gara azken 50 urtetan. Aurtengoa ere, osasun neurriak atzean utzita, sekulakoa espero dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.