Oporren merkatua

Sevatur turismo azoka hartuko du Donostiako Kursaalak asteburuan. 110 helmugaren artean, Senegal da aurtengo berrikuntza

Azken urteetan, 18.000 pertsona inguru bildu izan ditu Sevaturrek. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
itziar ugarte irizar
2018ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Neguko egunak atzean utziz joan ahala, eguraldiaren epeltzearekin, opor asmoak azaleratzen hasten dira han-hemen; nora ihes egin Aste Santuan, zein herrialde bisitatu datorren udako oporraldian... Garai horrek dakarren gorputzaldi hori baliatzen du Sevatur turismoaren azokak oporretarako helmugen aukera zabala herritarrengana hurbiltzeko. Aurtengo azokak atzo zabaldu zituen ateak, Donostiako Kursaalean, eta bihar iluntzera arte izango ditu zabalik.

Amaigabea izan daiteke hamaika arrazoirengatik ezagutzea merezi duten txokoen zerrenda, etxetik bertatik hasi eta munduaren hedapen guztian. Sevatur azokaren hamaseigarren aldiak zerrenda 110 helmugara mugatu du, Euskal Herriko gertuko lekuak eta urruneko herrialdeak plaza berera ekarrita. Ideia berriak, proposamen ezohikoak, helmuga exotikoak... denetarik jarriko du azokak bidaia zalearen eskura.

50 mahai jarriko dituzte, eta horien artean Senegal izango da aurtengo berrikuntza; lehenengo aldia da herrialde horrek Sevaturren parte hartzen duena, eta ur jauziak, erliebe laua, askotariko paisaiak eta 700 kilometrotik gorako kostaldeko hondartzak erakutsiko ditu Sahel Evasions bidaia agentziak.

Europako helmugak nagusi

Afrikako herrialde bakarra Senegal izango den moduan, Ozeano Atlantikoaren bestaldeko bakarra Dominikar Errepublika izango da; eta klima epela, natura guneak eta kultura aberatsa erakutsiko ditu Sevaturren. Gainontzean, Europako herrialdeak nagusituko dira: Italia, Polonia, Espainia, Portugal, Frantzia, Herrialde Katalanak eta Galizia.

Nafarroak erakusmahai propioa izango du, eta lurraldea zeharkatzen duten bideak, eremu berdeak eta kultur ondarea aurkeztuko dizkie bisitariei. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa erakusmahai bakarrean egongo dira, Ezin gehiago sartu hain leku gutxian leloarekin. Tokian tokiko gastronomiara hurbiltzeko zenbait jaki ere eskainiko dituzte erakusleek.

18.000 lagunetik gora bildu izan ditu Sevaturrek azken urteetan, eta azoka «errentagarria» bihurtu da enpresa erakusleen gehiengoarentzat, antolatzaileen arabera. Aurtengo berrikuntzen artean, gogoetarako eta eztabaidarako espazio berri bat ireki du azokak, eta Beste turismo bat posible da izeneko jardunaldia egin zuten atzo. Sektoreko hainbat profesionalek turismoaren fenomeno globalak lortu duen dimentsioa eta haren ondorioak izan zituzten hizpide.

Azokara doazenek ondorengo bidaien zozketan hartuko dute parte hurrengo oporraldirako: Mediterraneotik itsas bidaia, Dublinera bidaia, Balearretara (Herrialde Katalanak), Norvegiako fiordoetara, Poloniara, Gijonera (Espainia) eta Senegalera.

Sevatur azoka

Gaur eta bihar, 10:30etik 14:30era,eta 16:00etatik 20:30era,Donostiako Kursaalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.