Laxoa, bizirik den ondare

Laxoa jokoa kultur ondare immaterial izendatu du Nafarroako Gobernuak. Elkartea kontent da izendapenarekin, pilota modalitate hori babesteko balioko duelakoan.

Laxoa jokalariak Doneztebeko plazan jokoan, artxiboko irudi batean. Jokalarietako bat sakea egiten ari da. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Iker Tubia.
2019ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Laxoa da euskal pilotaren modalitaterik zaharrena. Garai loriatsuak atzean utzita, gaur egun Nafarroako zati batean baizik ez da jokatzen: Malerrekan eta Baztanen. Egoera zaurgarrian da, beraz, eremu txiki batean zokoraturik. Aste honetan kultur intereseko ondare immaterial izendatu du Nafarroako Gobernuak, haren jarraipena arriskuan jartzen duten faktoreei aurre egiteko eta babesteko. Laxoan ari direnek ez dute helburu handirik, haien eremuan, haien habitat naturalean garatzen segitzea baino. Beraz, harrera beroa egin diote izendapenari.

Tiburtzio Arraztoa Laxoa elkarteko lehendakariaren aburuz, albiste ona da gobernuaren izendapena. Alde batetik, izendapenaren kontura laxoari buruz hitz egiten ari delako han eta hemen, batik bat komunikabideetan. Beraz, jokoa ezagutarazteko modu bat ere bada. Bestetik, laxoa jokoaren alde izanen delakoan: «Ez genuke nahi izendapen hau teorian gelditzea. Gustatuko litzaiguke praktikan jokoa bera eta jokoaren inguruan dauden elementu material guziak babestea». Lehenik eta behin, plazak. «Plazak gorde behar dira, eta ahal bada, bertzeren bat berreskuratu. Garai batean herri guztiek bazuten bere plaza, baina galduz joan dira. Noski, plaza desagertzen bada, jokoa bera ere desagertzen da». Botaharriak eta pilota soroak gordetzeko eta seinaleak jartzeko beharra ere azaldu du.

Jokoari lotutako beste elementu bat artisauen lana da. Hori ere babestu beharra dagoela uste du Arraztoak. Pilota egileak badaudela uste du, baina eskularru egileen lana desagertzeko arriskuan dela ohartarazi du. «Eskularru egileak beti gutxi izan dira. Orain bat edo bertze badago, baina ez dira profesionalak, zaletasun bezala egiten dute, denbora librean. Gure eskaria haiek egin dezaketen lana baino handiagoa da». Eskuz egiten den lana da, denbora asko eskatzen du, eta hori kontrara du lanbide horrek gaur egun.

Nafarroako Gobernuak laxoaren arriskuak ere aipatu ditu izendapena egitearekin batera. Bat heldu da Arraztoarekin, eta faktore gehiago aipatu ditu: «Jokalari gutxi izatea», «arauak konplexuak izatea» eta «alboko eraikinei edo jokatzeko lekuei kalteak egitea». Hori kontuan izanda, laxoa jokoa babesteko beharra azpimarratu du gobernuak. Izendapena egiteko arrazoiak ere eman ditu: «Nafarroarentzat garrantzi berezia duen ondarea da laxoa jokoa, berezia delako eta urteetan zehar iraun duelako. Izan ere, pilota modalitate hau komunitate barneko transmisioaren adierazpen bizia da, bertan errotua eta partekatua».

Sorotik plazara

Plaza librean jokatzen den zuzeneko jokoa da laxoa. Lau pilotariz osaturiko bi talde aritzen dira elkarren kontra lehian. Larruzko eskularruak erabiltzen dituzte jokalariek, eta bata bestearen aurrean kokatzen dira. Sakea egiteko plazaren alde batean dagoen botaharria erabiltzen da, eta jokoan ez da beharrezkoa pilotak paretan errebotatzea. Garai batean pilota soroetan jokatzen zuten artzainek, baina gero herrietako plazetara aldatu zen jokoa. Euskal Herriko pilota joko nagusia izan zen, XIX. mende bukaeran bestelako jokoak agertzen hasi ziren arte. «Xistera txikia 1857. urtean sortu zen, eta ezker paretako euskal pilota ere garai hartan», esan du Arraztoak. Horregatik, XX. mendean laxoa baztertzen hasi ziren beste modalitateen alde.

1960ko hamarkadan berreskuratu zuten laxoa, eta 1980an sortu zen elkartea. Orduz geroztik txapelketak antolatu dituzte. «Txapelketak beharrezkoak dira laxoa jokoa mantentzeko», ohartarazi du Arraztoak. 1961. urtera arte ez zen txapelketarik, desafioak jokatzen ziren, baina garaiak aldatu dira. Noski, jokoan diren txapelak janzteko buruak ere behar dira, eta harrobiaren garrantzia ere nabarmendu du elkarteko lehendakariak: «Hemen tradizioz transmititzen da laxoa, helduen arrimuan hasten dira haurrak. Herri hauetan segitzen dute, baina zaila da, eta gero eta zailagoa».

Jokoaren egoera aztertuta, laxoa osasuntsu dagoela uste du, baina ezin dira lokartu: «Bizirik dagoela erran dezakegu, osasuntsu gaude, baina edozein momentutan desagertzen ahal da». Hori dela eta, helburu nagusia argi du Arraztoak: mantentzen den herrietan gordetzea. «Zaila da hedatzea, besteak beste plaza behar delako. Baina Malerreka eta Baztango herrietan mantentzen badugu, ez da gutxi».

Nafarroako kultur ondare immaterial izendapena ospatuko dute Laxoa elkartekoek heldu den igandean, Donezteben (Nafarroa). Goizean musika eta laxoa txapelketako partida izanen dituzte, eta eguerdian izendapenaren ekitaldi ofiziala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.