Udan, lehoia eta Tarantino izanen dira aretoetako erregeak

Ikusmin handia eragin duten Favreauren eta Tarantinoren filmez gain, askotariko eskaintza izanen dute zinemazaleek udan

Gontzal Agote.
2019ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Sorpresarik egoten ahal da, baina, itxura batez, bi izanen dira udako hilabeteotan jende gehien bilduko duten filmak: The Lion King eta Once Upon a Time in... Hollywood. Animazio filma da lehena, remake bat, eta negoziorik handiena egiteko pentsatutako produktua. Bigarrena, berriz, zinemaren munduari egindako omenaldia da, hezur-haragizko pertsonaia ezagunekin. Okerrik ez bada, biak ala biak izanen dira datozen asteotan estreinatuko diren filmik arrakastatsuenak.

Jon Favreauren The Lion King izenburu bereko 1994ko film ezagunaren bertsio berria da. Ordukoak harrera ezin hobea izan zuen, eta etekin handiak ekarri zizkion Disney etxeari —oraindik ere, haren gainean sortutako musikala ikusteko espedizio kulturalak antolatzen dituzte—, eta, ideia berrien faltan, istorio hura berpiztea bururatu zaie.

Ez da kontu berria, azken urteotan garai bateko klasikoak eguneratzeari ekin baitio ekoiztetxeak: The Jungle Book, Cinderella, Dumbo...

Udako bigarren estreinaldi izarra oso bestelakoa da: abuztuaren erdialdean ailegatuko da aretoetara Quentin Tarantinoren azkena, Once Upon a Time in... Hollywood. Cannesen aurkeztu eta bertan denetariko iritziak bildu ondoren, muntaketa gelara itzuli zen Tarantino, mundu mailako aurkezpena fintzeko asmoz.

Azken emaitza zein den ikusteko irrikaz daude zinemazaleak, 1960ko hamarkadako Hollywood nola itxuratu duen jakin-min handia baitago. Brad Pitt eta Leonardo DiCaprio dira protagonista nagusiak, eta, haiekin batera, beste aktore asko ikusiko ditu ikusleak pantaila handian: Al Pacino, Dakota Fanning, Tim Roth, Bruce Dern, Margot Robbie.

Beldurra eta animazioa

Bi izen handi horiez gain, udan estreinatuko dituzte oharkabean igarotzeko arriskua duten hainbat film interesgarri ere. Batetik, Benjamin Naishaten Rojo film argentinarra, iazko Donostiako Zinemaldian ikusi ahal izan genuen harribitxia, Argentinako diktaduraren gaineko begirada zirraragarria.

Bestetik, Ira Sachsen Frankie ekoizpen frantziarra dugu. Cannesen estreinatu zuten, eta Isabelle Huppert handia du protagonista nagusi. Azkenik, ia modu klandestinoz estreinatuko den beste film txiki bat: Jonas Truebaren La virgen de agosto, Itsaso Aranak idatzi eta protagonizatu duen drama udatiar madrildarra.

Hortik aurrera, ohiko itxura izanen du udako zinema eskaintzak, salbuespen bakarrarekin: inoiz baino superheroi film gutxiago izanen dira. Bakarra dago iragarrita, ia beti bezala Marvelena; Spidermanen hamaikagarren filma da. Tobey Maguire eta Kirsten Dunsten arrastorik gabe.

Gainerakoan, beldurrezko generoaren zaleek gaindosia hartzen ahalko dute. Anabelle eta The Boy-ren bigarren atalez gain, udarekin oso lotuta dagoen urpeko beldurra ere jorratuko dute filmok: Alexander Ajaren Crawl eta Johannes Robertsen 47 Meters Down: Uncaged filmak saiatuko dira aspaldi batean Spielberg gazteak Jaws-ekin lortu zuen eragina lortzen.

Nolanahi ere, beldurrezkoaren barnean ikusminik handiena sortu duen filma Ari Asteren Midsommar da. Iaz Hereditary-rekin lortu zuen arrakasta kritiko eta komertziala berriz lortzen saiatuko da zuzendari gaztea.

Animazioak ere izanen du tarte zabala udako zinema aretoetan. The Lion King komertzialaz landa, bestelako eskaintza ere izanen da asteotan: Pets eta Angry Birds sailen bigarren parteak, edota Playmobilen gainean egindako filma, besteak beste.

Gainbegirada amaitzeko, genero dokumentala nabarmendu behar da, hainbat ale interesgarri baitaude iragarrita. Ayrton Senna eta Amy Winehouseri buruzko lan arrakastatsuak egin ostean, Diego Armando Maradonaren gainekoa egin du Asif Kapadia zuzendariak. Horrez gain, Apollo 11 eta L'empire de la perfection dokumentalak ere estreinatuko dituzte udan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.