Ondarroa, urdinez

Ohi baino astebete geroago, baina Ondarroa urdinez jantziko da gaur. Hogei urte bete ditu jaiak, eta egitarau zabala prestatu dute

Hasieran, herritarrak biltzen zituen festak; egun, milaka lagun biltzen dira. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Kerman Garralda Zubimendi.
2017ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Euskal Herriko udako festa entzutetsuenetariko bat bueltan da berriz ere. Gaur ospatuko dute Ondarroan (Bizkaia) Zapato Azule eguna.

Beste behin, eta, dagoeneko badira hogei aldi, egitarau betea prestatu dute Radixu Irratikoek: musika, jolasak, jateko postuak... Goizeko hamaiketan, Euskal Herriko kamiseta azokaren irekierarekin ekingo diote egun osoko festari. Besteak beste, honako ekitaldi hauek izango dira egun osoan: 12:00etan, Radixu Irratia zuzenean arituko da kaitik; 13:30ean, San Pedrotik Kresalako banda eta Artelango erraldoiak abiatuko dira alde zaharrerantz; 14:45ean, bertsolariak; 15:15ean, bazkaria egingo dute; 21:00etan, herriko arraunlariei ongi etorria; eta 21:30etik aurrera, Plazamusikan, Ardi Baltzak, Erokomeria eta Bad Sound System.

Beste urte batez, nabarmentzekoak dira Euskal Herriko kamiseta azoka eta Dinamartxa. Bata zein bestea, Zapato Azuleko lehen ekitalditik egiten dira.

Kamisetei dagokienez, aurten, 23 postu egongo dira Lanbretxe plazan; Ondarroakoak izango dira horietako hamar, eta beste herrietakoak hamahiru. 14:45ean jakingo da aurten zeintzukdiren Euskal Herriko eta Ondarroako kamisetarik ederrenak. 15:00etan, azoka itxi egingo da, datorren urtera arte.

Ordurako, hiru Dinamartxetako partaideak iritsita izango dira Ondarroara. Aurten ere hiru Dinamartxa prestatu dituzte antolatzaileek: oinez, bizikletaz eta igerian. Tolosa (Gipuzkoa) eta Ondarroa lotzen dituzten 65 kilometroak egiteko, goizeko ordu txikietan abiatu dira oinezkoak, eta bederatzietan, txirrindulariak. 12:00etan irtengo dira, berriz, igerilariak, Mutrikuko (Gipuzkoa) portutik. Guztiak, gutxi gorabehera, 14:00 aldera iritsiko dira Ondarroara. Harrera beroa prestatu diete kirolariei, irrintziekin, Kresala bandaren musikarekin eta ikurrinaren igoerarekin.

Parranda baino gehiago

Zapato Azule ez da soilik festa egiteko aitzakia bat. Duela hogei urte argitaratu zuen Ondarroako Bolo-bolo herri aldizkariak lehen alea, baina, aurrekontu gutxi zutela eta, diru pixka bat irabazteko asmoz, Zapato Azule eguna antolatu zuten. Ondarroa hain herri arrantzalea izanda, festa San Pedro egunaren inguruan jartzea erabaki zuten; ekaineko azken larunbatean, zehazki. Aurten, halere, ekaineko azken zapatua San Joan eguna izan zenez, festak ez gainjartzeko, astebete atzeratzea erabaki zuten.

Bolo-bolo aldizkarikoei, egitaraua osatzean, otu zitzaien ideia ona zela kamiseta azoka bat egitea, herriko elkarteek beren merchandising-a salgai jartzeko.

Halaber, Dina Bilbao triatloilariaren lagunek aukera aprobetxatu zuten bere omenezko Dinamartxa abian jartzeko. Bilbao 1997ko ekainean desagertu zen, Atlantikoan barrena katamaran batekin zeharkaldia egiten ari zela. Urteetan Tolosan bizi izan zenez, Dinamartxak bi herriak lotzen ditu.

2005. urtera arte Bolo-bolo aldizkaria arduratu bazen ere Zapato Azule antolatzeaz, egun Radixu irrati librea arduratzen da. Izan ere, hogei urtean sekulako aldaketa izan du festak. Beste behin, Ondarroako kaleak itsaso bilakatuko dira toki guztietatik etorritako festazaleekin. Hogeigarrenez, Ondarroan urdina nagusi izango da.

Zapato Azule

Gaur, 11:00etan hasita, Ondarroan (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.