Kobazuloak, agerian

Kobazuloen IX. Eguna antolatu du Lurpea elkarteak biharko. Bisitak, beherapenak eta erakustaldiak izango dira sarea osatzen duten kobetan

Pozalaguako kobazuloa duela 60 urte topatu zuten, Karrantzan. ALFREDO ALDAI / EFE.
Kerman Garralda Zubimendi.
2018ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Lurpea elkarteak, aurten ere, Kobazuloen Eguna antolatu du biharko. Bisita bereziak, beherapenak eta erakustaldiak egongo dira Arrikruzko koban (Oñati, Gipuzkoa), Ekainberrin (Zestoa, Gipuzkoa), IzturitzeOtsozelaia koban(Izturitze, Nafarroa Beherea), Mendukiloko koban (Astitz, Nafarroa), Pozalaguako koban (Karrantza, Bizkaia), Sarako leizean (Sara, Lapurdi), Sorginen leizean (Zugarramurdi, Nafarroa) eta Urdazubiko leizean (Urdazubi, Nafarroa). Egitasmo horren bitartez, arduradunek bisitariei erraztasunak eman nahi dizkiete Euskal Herriko kobazuloak bisitatzeko.

Aurten, gainera, Kobazuloen Eguna berezia izango da Pozalaguako kobarentzat eta Ekainberrirentzat, urteurrenak beteko baitituzte. Duela 60 urte topatu zuten Pozalaguakoa, Karrantzan, Armañongo natura parkearen barnean. Kasualitatez topatu zuten, alboko harrobi batek eragindako eztanda bati esker aurkitu zuten eta. Harribitxi geologikoetan aberatsa da, eta deigarriak dira bertako estalaktita eszentrikoak: grabitatearen legearen aurka, estalaktitek norabide guztietako adarrak dituzte, elkarrekin lotuta eta korapilatuta. Munduan estalaktita eszentriko multzorik handienetarikoa du Pozalaguako kobak.

Zestoako Ekainberrik, berriz, hamar urte beteko ditu. Alboan duen Ekaingo kobazuloko duela 13.000 urteko aztarnak babesteko sortu zuten Ekainberri museoa 2008an. Ekaingo kopia fidela da, eta zaldiak, oreinak, hartzak eta bisonteak ikus daitezke. Gizateriaren ondare izendatu zuen Unescok.

Seigarren kontinentea

Lurpea elkarteko kideek diote kobazuloek Lurreko seigarren kontinentea osatzen dutela. «Balio ekologiko zein natural handiko leku horietan, gizakiaren iraganaren arrasto garrantzitsuak mantendu dira, eta zenbait kasutan, berauen hormak oraindik artzain kondaira eta mitoei loturiko erritu herrikoiez hitz egiten digute».

Aberastasun hori ezagutzera emateko sortu zuten duela hamar urte Lurpea elkartea. «Helburu argia da: lurpeko bisitariari seigarren kontinentea deskubritzeko aukera ematea, hurbil izan arren, hain ezezagun zaizkigun baliabide hauek ezagutzeko aukera eskainiz». Denera, elkartea osatzen duten zortzi kobazuloetatik, 300.000 bisitari inguru igarotzen dira urtean.

Ezagutarazteko eta bisitari gehiago izateko estrategiaren barruan kokatu beharreko eguna da kobazuloena. Aurreko urteetan harrera ona izan du, eta bederatzigarrenez errepikatuko dute formula. Kobazulo bakoitzak, bere ordutegiaren arabera, ohi baino eskaintza zabalagoa izango du, hitzaldi eta bisita bereziekin, eta sarrerak merkeagoak izango dira.

Kobazuloen Eguna

Bihar, Lurpea elkartea osatzen duten kobetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.