Salto bat sasi artetik

Euskaraz Bizi eguna ospatuko dute gaur Baionan, 'Izan, egin, eragin. Euskal Herrian Euskaraz' lelopean. Askotariko jarduerak egingo dituzte

Norbanakoen ahalduntzea izango dute ardatz Baionako Euskaraz Bizi egunean. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Ihintza Elustondo
2016ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
«Euskaldunok sasi artetik salto egin eta garenaz harro gaudela, euskaraz bizi nahi dugula erakusteko eguna dugu; herri euskaldunean eta euskararen alde egotetik harago, horren alde egiteko prest gaudela adierazteko eguna». Gorka Iriarte Euskal Herrian Euskaraz elkarteko kideak esandako hitzak dira horiek, Baionako Euskaraz Bizi egunaren harira. Gaur ospatuko dute jai hori Lapurdiko hiriburuan, euskaraz bizitzearen aldeko hautuari behar duen bultzada emateko helburuarekin. Egun osoan askotariko ekitaldiak egingo dituzte, eta, haien bidez, Baiona euskaraz bizi nahi duen hiri bat dela erakutsi nahi dute.

Euskaraz Bizi eguna egingo den zazpigarren aldia da gaurkoa, eta Izan, Egin, Eragin. Euskal Herrian Euskaraz leloa aukeratu dute aurtengo aldarri gisa. Antolatzaileen arabera, «jauzi kualitatiboa» emateko garaia da: «Gure etorkizunerako erabakigarriak diren garaiak dira hauek, eta bakoitzak beretik eta komunitate moduan bultza eginez euskaldunok asmatzera behartuta gaude». Zeregin horretan jarri nahi du indarra EHEk, eta, horretarako, «norbanakoen ahalduntzea» izango dute ardatz.

EHEk, herri eragileen arteko auzolanaren bitartez, jaia eta aldarrikapena uztartuko dituen egitarau zabala osatu du. Haur eta helduentzako jarduerak prestatu dituzte; guztiak Xaho kaian egingo dituzte.

10:00etan izango dira eguneko lehen ekitaldiak. Eskulangileen eta eragileen erakustazoka egingo dute, eta, aldi berean, umeentzako jokoak eta puzgarriak izango dira. Haiekin batera, Behatokiak eta Kontseiluak #Akuilari tailerra gidatuko dute, eta, horrez gain, joaldunak ibiliko dira kalean barrena.

Jarduera horien ostean, haurrek gehien itxarondako unea iritsiko da. 11:00etan, Porrotx pailazoa Baionan izango da, eta ikuskizun bat emango du. 13:30ean,goizeko ekitaldiei amaiera emateko, herri bazkaria egingo dute, eta, jarraian, kantaldia izango da, Erramun Martikorenaren eskutik.

Arratsaldean, berriz, aldarrien txanda izango da. 17:30ean, kalejira bat egingo dute Baionako kaleetan barrena, Izan, Egin, Eragin. Euskal Herrian euskaraz lelo dutela. Horren ostean, Xumai Murua eta Ortzi Idoate bertsolariek gidatuta, bertso poteoa izango da herriko tabernetan. Bertsolariez gain, elektrotxaranga bat ibiliko da tabernaz taberna giroa alaitzen.

Gauean, festan jarraitzeko aukera izango dute hala nahi dutenek, hiru kontzertu izango baitira, 21:00etan hasita: Baionako Torii taldearena, Sorkunena, eta Jo ta Txo! DJak emango duena.

Euskaraz Bizi eguna

Gaur, egun osoan, Baionan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.