Gazta eta atzeko lana

Euskal gaztaren azoka dute gaur eta bihar Idiazabalen. Artzainen lana ezagutaraztea eta ogibidea babestea da azokaren helburua

Gazta lehiaketa egingo dute igande goizean; herritarrak izango dira epaile. ASIER ZALDUA / GOIERRIKO HITZA.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2018ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Lotura estua dute Idiazabalherriak (Gipuzkoa) eta gaztak. Horren lekuko izango da asteburuan egingo duten euskal gaztaren azoka. Gaur hasiko da, 11:00etan, eta bihar iluntzera arte iraungo du jaiak. Artzainen lana ikusarazteko asmoz antolatu dute, eta herriko Olazargibel baserriko artzainak omenduko dituzte.

«Herriak eman zion izena gaztari, bere garaian. Orain, gazta da herriari izena ematen diona». Hala adierazi du Javier Jauregik, udaleko lehen sektorearen garapenerako teknikariak. Artzainen lana ezagutarazteko eta lehenengo sektorea bultzatzeko asmoz antolatu dute azoka. Artzainek eta baserritarrek landa ingurunea zaintzen egindako lana aitortu nahi dute.

Ogibideari lotutako hamaika ekitaldi egingo dituzte azokan. Besteak beste, gazta lehiaketa, bihar, 11:00etan. «Herritarrak izango dira epaileak; hori da lehiaketa horren berezitasuna», azaldu du teknikariak. Gaur, berriz, mami lehiaketa egingo dute, 11:30ean hasita. Epaimahai batek erabakiko du irabazlea nor den. Esneki hori egiteko tailerra ere egingo dute.

Omenaldirako tartea ere izango da Idiazabalen. Herriko Olazargibel baserriko Arantxa Etxezarreta eta Bitoriano Urrestarazu omenduko dituzte. Haien lana azpimarratu du Jauregik: «Baserritik bizi izan dira beti, eta lehen sektorean egindako lana aitortuko zaie». Bihar egingo dute, 13:30ean, plaza nagusian.

Artzainen egunerokoa

Artzain gaztagileen topagunea bihurtuko da Idiazabal asteburuan. Idiazabal sor-markakoez gain, Ossau-Irati sor-markako gaztagileek ere hartuko dute parte. Orotara, hogei euskal gazta egongo dira azokan. Jauregik adierazi duenez, Erronkari sor-markakoa ere eraman nahi izan dute, baina ezinezkoa izan da: «Lau hilabete behar ditu ontzeko, eta oraindik ez dago merkaturatzeko moduan».

Tokikoez gain, Espainiako, Herrialde Katalanetako eta Portugalgo gaztak ere egongo dira. European Cheeese Route Association sareko kidea da Idiazabal, baita beste horiek ere. Gaztaren ekoizpenean erreferenteak diren herrialdeek osatzen dute Europako sarea.

Aurten, berrikuntza moduan, Artzain izan nahi dut ekitaldia antolatu dute. «Artzain izatea zer den eta gazta nondik datorren erakutsi nahi diegu umeei eta gurasoei», esan du Jauregik. Gaur izango da, 16:30ean: artaldea larrez aldatuko dute herriko artzain batekin; ondoren, ardiak jetzi, eta gazta egingo dute.

Artzaintzaren eta gaztagintzaren erakusleiho izango da Idiazabal gaur eta bihar. Ogibidea ezagutu eta babestu ahal izango dute euskal gaztaren azokara doazenek. Argi esan du Jauregik: «Gazta izango bada, artzaina behar da».

Euskal gaztaren azoka

Gaur eta bihar, 11:00etan hasita, Idiazabalen (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.