Ibaiaren bidean

Almadiaren Eguna dute gaur Burgin, ogibidea gogoratzeko. Aurten, lehenbizikoz, bi neska almadiazain jaitsiko dira Ezka ibaian behera
Ezka ibaian behera jaisten dira almadiak, Burgiko Erdi Aroko zubiraino iritsi arte.
Ezka ibaian behera jaisten dira almadiak, Burgiko Erdi Aroko zubiraino iritsi arte. ANDONI CANELLADA / FOKU

Izaro Zinkunegi Barandiaran -

2018ko apirilak 28
Ezka ibaiaren ibilgua ezaguna dute Erronkarin; basoan moztutako enborrak handik jaisten zituzten almadiazainek garai batean. Haien ogibidea gogoratuko dute gaur, Burgin (Nafarroa), Almadiaren Egunean. Aurten, bi neska arituko dira lehenengoz almadiazain lanetan. Horrez gain, Urrezko Almadia jasoko dute Nafarroako Euskal Pilota Federazioak eta Gorka Aginaga sukaldariak.

Ohi bezala, 11:00etan abiatuko dira almadiak Ezka ibaian behera. Burgiko Erdi Aroko zubian amaituko dute ibilbidea, 12:30 aldera. «Urte osoko lanaren emaitza da, herria batzen duen festa da», adierazi du Eriz Lasa elkarteko kideak. 200 boluntario inguru ibiltzen dira antolaketan, haren arabera. Bitan banatzen dute lana: egitarauari lotutakoa batetik, eta almadiak egitekoa, bestetik.

Urrian hasten dira almadiak prestatzen. Lasak azaldu duenez, almadia irtenaldiak egiten dituzte urte osoan, ogibidea ikasi nahi dutenentzat. «Aurten, bi neska izango ditugu almadiazain». Lehenengoz izango dira neskak almadien gainean.

Almadiaren Eguna dela tarteko, Urrezko Almadia ematen diote antolatzaileek nafarren bati. Aurten, Nafarroako Euskal Pilota Federazioak eta Gorka Aginaga sukaldariak jasoko dute. «Bailarari lotuta egindako lana aitortu nahi diegu», azaldu du elkarteko kideak. Herri bazkariaren bukaeran banatuko dituzte sariak.

Erronkariko gazta berria

Ibaiaren jaitsieraz eta Urrezko Almadiaren banaketaz gain, hamaika ekintza eta ikuskizun izango dira egun osoan, Burgin. Besteak beste, latsarien lanbidea gogoratzeko antzezpena egingo dute 11:30ean, ibaiaren ertzean, zubiaren ondoan.

Erronkariko gaztak ere izango du tartea, ohiko moduan. Hain justu, sor-marka hori duen gaztaren denboraldia hasiko dute. Aginaga sukaldariak moztuko du gazta: 13:30ean izango da, Aita Tomas Burgikoaren plazan. Musikak girotuko du Burgiko festa giroa. Goizean txaranga eta Erronkariko musika eskola arituko dira herriko kaleetan. Iluntzean, ostera, Demode Quartet eta Kaoba Orkesta taldeek joko dute, Aita Tomas Burgikoa plazan. Halaber, Almadiaren Museoa irekita egongo da, goizez eta arratsaldez.

Erronkari, Zaraitzu eta Aezkoako almadiazainak omentzeko asmoz hasi ziren eguna antolatzen, 1992an. Nafarroako Almadiazainen Kultur Elkarteak antolatzen du.«1952an amaitu zen almadiazainen ogibidea, Esako urtegia egin zutenean», azaldu du Lasak. Urteak igaro arren, almadien ibilbideak ez du etenik Erronkarin. Basoan moztutako enborrak garraiatzen zituzten almadiazainek garai batean. Gaur, berriz, ogibide hura berpizteko jaitsiko dira, hamaikagarrenez, Ezka ibaian behera.

Almadiaren Eguna

Gaur, 09:30ean hasita, Burgin (Nafarroa).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna