Atentatua Katalunian

Batasuna bai, bide orria ere bai

Carles Puigdemont eta Mariano Rajoy ados daude «terrorismoari» erantzuteko moduan: bat eginda. Urriaren 1eko erreferendumari begira, agenda politikoari eutsiko dio Kataluniako Gobernuak

Soraya Saenz de Santamaria, Mariano Rajoy, Felipe VI.a, Carles Puigdemont eta Juan Ignacio Zoido, atzo Bartzelonako Katalunia plazan egindako minutu bateko isilunean. ANDREU DALMAU / AGENTZIA.
Igor Susaeta.
2017ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Bartzelonako Katalunia plazan, Ramblen hasieran, bildu ziren atzo eguerdian, Kataluniako eta Espainiako agintari politikoak eta Felipe VI.a Espainiako erregea, herenegun arratsaldeko zein atzo goizaldeko erasoak kondenatzeko. Minutu bateko isilunea egin zuten.

Udalak emandako datuen arabera, 100.000 bat herritar batu zituen elkarretaratzeak: 30.000 plazan eta 70.000 inguruko kaleetan. Minutua pasata, txalo jo zuten hara joandakoek, eta espontaneoki «No tinc por!» oihukatu (Ez dut beldurrik!).

Plazatik 700 bat metrora, Joan Miro artistak Bartzelonari margotutako mosaikoaren bueltan, herritarrek kandelak piztu zituzten eta lore sortak utzi hildakoen omenez. Hain zuzen ere, puntu horretan eten zuen herenegun bere ibilia ekintzaileak gidatutako furgonetak, kiosko baten kontra tupust egin ondoren.

Elkarretaratzearen ondoren kabinete krisia zegoen deituta Generalitateko jauregian, eta horretan parte hartu zuten Kataluniako Gobernuko kide guztiek Puigdemont buru zutela, Ada Colau Bartzelonako alkateak, Josep Lluis Trapero Mossos d'Esquadren buruak, eta baita Rajoyk, Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordeak eta Juan Ignacio Zoido Barne ministroak ere. Hirurak bezperan heldu ziren Bartzelonara.

Denak batera batzartu ziren. Azken urte eta erdian, dela ofizialki edo estraofizialki, Carles Puigdemont eta Mariano Rajoy, aldiz, hiruzpalautan bildu dira bakarka. Auzi politikoei dagokienean, ordea, Kataluniako presidenteak eta Espainiakoak inoiz ez dute ia ezertan bat egin; aurrenekoak, gainera, Kataluniako prozesu subiranistak, oztopo judizialak gorabehera, atzera bueltarik ez duela jakinarazi izan dio.

Baina Bartzelonan eta Cambrilsen EI Estatu Islamikoak egin ditu bi atentatu, eragin hamalau hildako oraingoz, eta, «terrorismoaren kontrako borrokan», batasuna aldarrikatu dute bi presidenteek. Adierazi diete elkartasuna biktimei, laudatu dute funtzionariak eta herritarrak egiten ari diren lana, eta nazioarteko agintariek helarazitako keinuak eskertu dituzte.

Rajoyk, ez Puigdemontek bezainbestetan, edo ez Puigdemonten moduan behintzat, azken orduetan behin baino gehiagotan errepikatu du «batasuna» behar dela halako uneetan. Datorren urriaren 1erako Kataluniako Gobernuak deitu duen galdeketa ate joka dagoenez, Espainiako presidenteak lematzat hartutako kontzeptuari heldu diote hainbat agintari politikok, eta, hitzez ez esan arren, adierazi nahi izan diote Puigdemonti erreferenduma bigarren mailako auzia dela.

Horren harira atzo argien mintzatu zena Xavier Garcia Albiok Kataluniako PPren burua izan zen: «Bartzelonan gertatutakoak ematen dizkigu nahikoa motibo denok gure desadostasunak alboratu eta norabide berean lan egiteko».Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusiak ere «desadostasun politikoak» alde batera uzteko eskatu zuen, eta Rafael Catala Espainiako Justizia ministroari iruditzen zaio ez dela ideologietarako momentua. Neurri batean, behintzat, Puigdemont ados dago. Hori bai, elkarrizketatu zuten Onda Cero irratian, eta nabarmendu erreferendumari begira ezarrita zeukan agenda politikoa mantenduko duela Kataluniako Gobernuak; atentatuek ez dutela bide orria aldatuko, alegia.

«Borondatea» badago

Rajoyk azpimarratu zuen elkarrekin lan egiteko eta elkarri konfiantza emateko «borondatea» dutela Espainiak eta Kataluniak, eta orain zeri heltzeko ordua den gogoratu zuen: «Orain terrorismoaren aurkako borrokak arduratzen du Europa. Jendea horrek arduratzen du».

Herritarrek erasoei emandako erantzuna goratu zuen Kataluniako presidenteak: «Gizarteak Bartzelonako eta Cambrilseko atentatuei emandako erantzuna miresgarria izan da; mezu bat bidali zaie terroristei». Puigdemonten ustean, «beldurrik gabe bizi nahi duten herritarrak» izan ziren Katalunia plaza bete zutenak.

Adierazpen instituzionala baino lehenago, baina, RAC1 Kataluniako irratian hitz egin zuen, eta haserre agertu. Izan ere, zenbait komunikabideren aburuz, instituzioen eta segurtasun indarren arteko koordinazio faltak muturreko islamisten erasoa erraztu zuen. «Doilorrak» dira, Puigdemonten esanetan, «zerikusirik ez duten gauzak» nahasten dituztenak. «Familia askori eragin dion tragedia bati erabilera politikoa eman diote». Batasunari heldu zion hark ere, Mosso d'Esquadren, Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren arteko lankidetza nabarmendu, eta ondokoa gehitu: «Katalunia edozer dela ere, autonomoa edo independentea, alboko estatuen ondoan egongo da terrorismoaren kontra».

Hala, atentatua gertatu ondoren zera idatzi zuten Alella herriko (Bartzelona) PPren Facebook kontuko horman: «Herrialde bat ideia independentistengatik ahultzen denean, halako gauzak gertatzen dira». Kontu horretan barkamena eskatu zuten atzo, «interpretazio okerretarako bidea» irekitzeagatik...

Bilera alerta mailaz

Bien bitartean, Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi du Mehatxu Terrorista Baloratzeko Mahaia gaur bilduko dela (10:00). Bilera horretan erabakiko dute terrorismoaren kontrako alerta maila 4. mailatik 5.era pasatu edo bere horretan mantendu. Elkartuko dira Zoido Barne ministroa, Jose Antonio Nieto Segurtasuneko Estatu idazkaria, eta CNI Espainiako Zerbitzu Sekretuetako, CITCO Krimen Antolatua Borrokatzeko Inteligentzia Zentroko, Mossoetako eta Ertzaintzako buruak.

Europan muturreko islamisten hainbat eraso gertatu eta gero, alerta maila 4. mailan dago Espainian, 2015eko ekainaz geroztik. Bartzelonakoaren ondoren, halere, 5. mailara igotzeko eskatu du Guardia Zibilen Elkarteak. 4. mailan «altua» da arriskua, eta 5. «oso altua». Araudiak dionez, aldaketak «salbuespenezko neurriak» hartzea ekarriko luke, eta, «herrialdea babesteko», armadak kalean ibili ahal izango luke. 1978az geroztik, behin bakarrik ezarri dute 5. maila: 2004ko martxoaren 11an izan zen, Madrileko atentatuetan muturreko islamistek 192 hildako eragin ondoren.

Espainiako agintari politikoak Yihadisten Kontrako Itunaz hitz egiteko bilduko dira datorren astean. 2015eko otsailean sinatu zuten PPk eta PSOEk, eta «Jihadismoaren aurka borrokatzeko» neurriak barnebiltzen ditu. Espainiako gainontzeko alderdiek bat egin zuten, Podemosek ezik.

Tarragonako Montblanc herriko meskitan, bestetik, pintaketa arrazistak egin zituzten: «Hil egingo zarete, mairu madarikatuak». Eta arratsalderako manifestazio bat deitu zuten eskuin muturreko hainbat alderdi eta mugimenduk. «Gure aberriarentzako eta nortasunarentzako guztiz arrotzak diren diren kulturen etorreratik defendatu nahi ditugu Espainia eta Europa». 19:00etan zen hitzordua, Boqueria azokaren atarian, Ramblan bertan, baina mugimendu antiarrazistek eta antifaxistek kontramanifestazioa antolatu zuten. Istiluak gerta zitezkeelakoan, mossoek Rambletatik atera zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.