Koronabirusa

Hezkuntza. Ikasleak ez, irakasleak bai

Sare publikoko irakasleak itzultzen hasi dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, USE prestatzera bueltatu dira ikasleak

Irakasle batzuk hizketan, Zarauzko Orokieta herri eskolan, atzo. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Zarautz
2020ko ekainaren 2a
00:00
Entzun

Ikasgelak hutsik, baina irakasleak ikastetxean. Horrelakoa zen irudia atzo goizean Zarauzko (Gipuzkoa) Orokieta herri eskolan. Pentsa daiteke Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako beste hainbat eskolatan ere antzeko egoera izango zela. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak hala aginduta, EAEko sare publikoko ziklo guztietako irakasleek ikastetxeetara joaten hasi behar dute, modu progresiboan. Salbuetsita egongo dira kontziliazio arazoak dituztenak edo osasun arazoak izan ditzaketenak, besteak beste.

Orokieta herri eskolan 75 irakasletik 60 inguru joan ziren atzo. Maskara zeramaten guztiek ahoan, eta eskuak garbitzeko gela ere ez zen falta. Karmele Blanco izan zen atzo itzuli ziren irakasleetako bat. Gurasoen bilerekin hasteko prest zegoen: online zuen lehenengoa, eta presentzialki gainerakoak. Ikasgela ere prest zuen: gel hidroalkoholikoa eta gurasoentzako aulkiak bi metrora. Alde positiboa eta negatiboa ikusten dizkio itzulerari: «Ikasturte amaiera jada antolatuta zegoen, eta ez dakit zer puntutaraino zegoen bueltatzeko beharra». Beste aldetik, ordea, gurasoekin azken bilera aurrez aurre egiteko aukera ematen diola nabarmendu du.

Hain zuzen, Aimar Zubeldia eta Josune Peñagarikano dira atzo Orokietara hurbildu ziren gurasoetako bi. Alabarekin joan ziren, irakaslea agurtzera eta harekin bilera bat egitera, LHko 6. mailan egonik, datorren ikasturtean institutura joango delako. Aukera hori eman izana eskertu dute, baita irakasleek itxialdian egin duten lana azpimarratu ere: «Izugarrizko lana egin dute».

Arrate Ugalde zuzendariak ere alde ona eta txarra ikusten dizkio itzulerari. «Irakasle batzuek esaten dute: 'Baina nik jada dena muntatuta daukat nire etxean'». Aldi berean, gurasoekin aurrez aurre elkartzea ontzat jotzen du. Orain arte familiek, ikasleek eta irakasleek etxetik egin duten lanari ere nabarmendu du. «Guk ez dugu ikaslibururik erabiltzen; beraz, dena sortu egin behar da». Digitalki lan egitean ere «teknologia humanizatzen» aritu direla esan du, eta jolasen bidez jardun direla umeak lanean.

Donostiako Amara Berri ikastetxera ere irakasleen «ehuneko handi bat» joan zen atzo, Maribi Gorosmendi zuzendariak azaldu zuenez. Printzipioz, goizeko jarduna planteatu dute, baina badakite tutore batzuek arratsaldez ere egin behar dutela bileraren bat. «Arratsaldez bi bilera baldin baditu, goizean ordu gutxiago sartuko ditu». Gainera, etxetik lanean jarraitu nahi dutenek ere izango dute horretarako aukera. «Esaten dute hainbat jarduera lasaiago egiten dituztela etxetik, eta hori errespetatuko dugu». Baliabide aldetik ere, eskolako ordenagailu guztiek ez dauzkate kamerak bideo deiak egiteko, eta irakasle asko elkartutakoan ere konektatzeko «arazotxoak» ere egoten direla dio. Hala ere, itzulerari dagokionez, ez dutela kritikarik jaso ziurtatu du. «Naturaltasunez bizi dugu eskolara etortzea, hori bai, neurriak hartuta».

Aramaioko (Araba) San Martin ikastetxean, printzipioz, bilerak bertan egingo dituzte, eta eskolak etxetik emango dituzte. «Erraza da esatea telelana eskolan egin behar dugula, baina ez daukagu baliabide digitalik eta ordu nahikorik horri erantzuteko», ziurtatu du Saioa Uriartek, ikastetxeko zuzendariak. Euren «erronka» izan da ikasleen eta familien beharretara egokitzea, eta azaldu duenez, horrek eskatzen du irakasleek beraien eguna «modu oso berezian» antolatzea. «Irakasleak martxoaren 11tik egokitu dira horretara, eta orain Hezkuntzak esaten duelako ez gara egokituko, eta gure jarduna egingo dugu 9:00etatik 15:00etara?». Horrenbestez, Aramaioko eskolara «beharrezkoa den momentuetan» joango dira, eztabaidatzera, gauzak antolatzera eta erabakitzera. «Ez denean beharrezkoa eta gauzak beste modu batera egin badaitezke, horrela egingo dugu». Halere, nahi badute, irakasleek aukera izango dute eskolak ikastetxetik emateko ere.

Batxilergoko bigarren mailakoak bueltan

Aurreko astean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bezala, atzo Nafarroako Batxilergoko bigarren mailakoak ikastetxeetara itzultzen hasi ziren, modu mailakatuan eta Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa prestatzeko. Iruñeko Iturrama institutuko zuzendaria da Arantxa Irisarri, eta atzo ez zuten ikaslerik izan bertan, ohiko deialdiko azterketak zituztelako. «Hezkuntza Departamentuaren erabakia izan da 'online' egingo direla azterketa horiek». Ekainaren 9ra arte etxetik jarraituko dute ikasleek, baina itzulerarako prestatzen ari dira dagoeneko: ikasgela bakoitzean hamabost ikasle baino gutxiago egongo direla bermatu, ibilbideak markatu, zintak jarri sartu ezin diren lekuetan...

Azaldu du eskola horiek eman behar dituzten irakasle batzuek, osasun edo kontziliazio arazoak direla medio, etxetik jarraituko dutela. «Irakasleak ez badaude hemen, ikasgeletako telebista monitoreak aprobetxatuko ditugu ikasleek gelan jasotzeko 'online' eskola». Saioren batean hamabostek baino gehiagok joateko asmoa badute, berriz, beste gela batera eramango dituzte, eta jatorrizko gelan zer egiten ari diren ikusiko dute Google Meet bidez. Ikasleek etxean geratzea erabakitzen badute ere, ikasgelan zer egiten duten zuzenean ikusteko eta zalantzak galdetzeko aukera izango dute. Ikasleak itzultzeko prest ikusten ditu Irisarrik. «USE prestatzeko klase presentzialetara bueltatzeko gogoz daude. Lasaitasuna behar dute; aurrez aurre egoteak ematen die hori».

Maila guztietako irakasleek alarma egoeran egin duten lana eskertzeko, Nafarroako Parlamentuko bozeramaileen batzarrak aho batez onartu zuen adierazpen instituzional bat. Gainera, aldaketara egokitzeko izan duten gaitasuna azpimarratu zuen, baita ikasleei ez kalte egiteko egin duten esfortzua ere.

Dagoeneko ikasgelan daude Ipar Euskal Herriko hainbat haur eta gazte ere. Maiatzaren 12an hasi ziren lehen mailetako haurrak, eta maiatzaren 18an kolegioetakoak. Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak joan den astean iragarri zuenez, ekainaren 2tik bigarren fasean sartuko da Ipar Euskal Herria, eta lehen mailako ikastetxe guztiak irekiko dituzte. Kolegioetan, laugarren eta hirugarren mailak sartzen ahalko dira, eta lizeoak ere irekiko dituzte. Ikastetxe bakoitza «tokian tokiko egoerari» egokitu beharko zaio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.