Hizkuntza ereduen sistema gainditzeko eskatu du EHEk

Murgiltzea da ikasleek euskara maila «duin» bat izateko «modu bakarra», taldearen arabera

Gasteizko Hala Bedin egin zuen agerraldia Euskal Herrian Euskaraz-ek, atzo. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Hizkuntza ereduen sistema gainditzeko eskatu du EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek, eta murgiltze eredua hobetzearen alde egin du. EAEko Hezkuntza Legearen inguruan egiten duen analisia plazaratu zuen atzo, Gasteizen egindako agerraldi batean, gaiak «berreuskalduntze prozesuan duen garrantziaz» ohartuta. Sugoi Etxarri EHEko kideak nabarmendu du lege horren inguruko eztabaida «estrategikoa» den arren, marko zehatz eta mugatu bat duela: «Inposatzen zaigun marko autonomiko honetatik harago behar dugu herri bezala pentsatu, eta gure hizkuntzaren biziberritze prozesuan zazpi lurraldeak kontuan hartu behar ditugu».

Izan ere, EAEko Hezkuntza Legeak Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako hezkuntza sistemari eragiten dio soilik, eta Espainiako Gobernuak bultzatutako LOMLOE legearen menpekoa da. Horregatik, EHEk azaldu du nazio mailako hezkuntza lege bat dutela helburu, eta salatu du euskal herritarrek ezin dutela beren hezkuntzari buruz «modu burujabean» erabaki. «Gure hezkuntza modu burujabean garatzeko independentzia behar dugu, euskararen errepublika», ondorioztatu du. Bitartean, dena den, hainbat eskari egin ditu Euskal Herrian Euskaraz-ek.

Zenbait gabezia

«Azken 40 urteotan Euskal Herrian ditugun hezkuntza sistemek izan dituzten gabeziak nabarmenak izan dira euskalduntze prozesuan. Egia da hezkuntza formala izan dela euskaldun berriak sortzeko tresna nagusietako bat, baina hutsune nabarmenak ere ikusi dira», adierazi du Etxarrik. Gabezia nagusia, EHEren arabera, hizkuntza ereduen sistema da. Taldeak nabarmendu du sistema horrek ez dituela ezarritako helburuak bete, eta datu bat eman dute: «Duela zazpi urte argitaratu genuen ikerketa batek ondorioztatu zuen 1983tik 2016ra bitartean, gutxienez, 200.000 ikasle baino gehiago atera zirela EAEko hezkuntza sistematik euskaldundu gabe».

Horren aurrean, eskola publikoetan eta itunpekoetan murgiltze eredua orokortu eta hobetu behar dela azpimarratu du Etxarrik: «Benetan ikasle guztiek euskara maila duin bat izateko modu bakarra da». Hala ere, gaineratu du murgiltze ereduak «zailtasunak» izan dituela herritarrak euskalduntzeko. Eredu hori elikatzeko eta indartzeko, «baliabide eta neurri jakin batzuk» proposatu ditu Etxarrik: «Euskara gutxien jasotzen duten horiei laguntzea eskolako lanak egiten, eskola barruan ratioak murriztea eta euskara indartzeko hizkuntza planak garatzea. Laburki esanda, euskara gutxiago duenari gehiago ematea, eta baliabide gutxiago dutenei gehiago ematea».

Euskal curriculuma garatzearen alde ere egin du Euskal Herrian Euskaraz-ek. Etxarrik adierazi du hezkuntza sistemak Euskal Herri osoko ikuspegia izan beharko lukeela: «Euskal Herriaren eremu desberdinetako ikasleek elkar ezagutzea sustatu beharko luke». Gaineratu du euskara «inklusiorako eta kohesiorako tresna» gisa ulertu eta baliatu beharko litzatekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.