Elurtea kostalderaino ere iritsi da

Elurra ia Euskal Herri osoan agertu da, baina barnealdea baino ez du zuritu. Errepideetako sare nagusian ez da arazo larririk sortu

Elurra mara-mara Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
gotzon hermosilla
2023ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Asko hoztu da giroa, eta elurra Euskal Herriko zenbait lekutan agertu da, kostaldetik gertu dauden batzuetan ere bai. Aurreikuspenen arabera, atzo elur arriskua zegoen ia Euskal Herri osoan, itsasoaren mailan ere bota zezakeelako, eta hala izan da. Edonola ere, ez du leku guztietan zuritu, eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko zenbait tokitan elurra ikusgai izan bada ere, batez ere Araban eta Nafarroan utzi du arrastorik handiena.

Hiriburuei dagokienez, Gasteizen eta Iruñean izan da ikusgarriena elurraren eragina. Gasteizko erdigunean, esaterako, 1,5 zentimetroko geruza sortu da, eta oso denbora laburrean tenperatura zero azpitik 2,2 gradura jaitsi da. Donostian, Kontxa eta Ondarreta hondartzak elurturik egon dira tarte labur batez. Bilbon gutxi bota du, eta ez du zuritu. Baiona ere ez du elurteak harrapatu, hotza handia izan bada ere.

Elurtza handiagoa izan da barnealdean. Zenbait herritan, hamar zentimetroko geruza egin da. Lizarran (Nafarroa) bost zentimetrokoa izan da, eta irudi ikusgarriak utzi ditu.

Elurrarekin batera, arazoak ere iritsi dira errepide sarera, nahiz eta ez diren oso handiak izan. Opakuako mendatea (Araba) itxi egin dute, eta Azazetakoan, Herrerakoan (Araba) eta Urduñakoan (Bizkaia) kamioiek debeku izan dute ibiltzea. Azken horietan, autoek bazuten igarotzerik, baina kateak edo negurako gurpilak behar zituzten. Gipuzkoan, elurturik egon dira Etzegarate, Deskarga, Arantzazu, Artikutza eta Bidania, baina ez da beharrezkoa izan garraiobideak mozterik.

Arazoak Nafarroan

Nafarroan, NA-137 errepidearen zati bat moztu dute, Nafarroaren eta Zuberoaren arteko mugan, eta Urbasatik Lizarra eta Olatzagutia batzen dituen errepidea ere etenda egon da. Lizarra eta Aiegi arreko bidean elurteak zenbait ibilgailu harrapatu zituen goizean, horien artean eskola autobus bat, eta horrek arazo batzuk ekarri zituen. Erronkari-Zaraitzu eta Lizarra inguruko beste errepide batzuetan beharrezkoak ziren kateak.

Eusko Jaurlaritzak fase operatiboan jarri du Neguko Bidezaintza Plana. Horren arabera, elurra kentzeko 205 makina, tona askotako ibilgailuak erretiratzeko puntu estrategikoetan koka daitezkeen zazpi garabi astun eta koordinazio eta zaintza lanetan laguntzeko beste 130 ibilgailu aktiba daitezke. Elurra kentzeko makina horietako zenbait lanean aritu ziren atzo.

Nafarroako Gobernuak, berriz, prest ditu elurra kentzeko 64 makina, baina ez du espero errepide sare nagusian aparteko arazorik egongo denik. Arreta berezia jarriko diete Pirinioetako eta Lizarra aldeko errepideei eta autobide nagusiei.

Giro hotzak gaur eta bihar iraungo du, eta elurra botatzeko arriskua apur bat txikituko da. Hala ere, abisu horia pizturik egongo da biharko 09:00ak arte. eta 100 eta 300 metro bitarteko garaieran elurra egin dezakeela iragarri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.