Inoizko urterik beroena izan da 2022a

Erregistroak daudenetik izandako tenperaturarik beroenak neurtu dituzte. Prezipitazioei dagokienez, ezberdintasunak izan dira lekuaren arabera, baina, toki batzuetan, orain arteko urterik lehorrena ere izan da

Emakume bat, Bilboko termometro bati argazkia egiten, 2022ko ekainean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
jone arruabarrena
2023ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Beroa eta lehorra. Horrelakoa izan da 2022. urtea, Euskalmetek eta Aemet Espainiako Metereologia Agentziak ondorioztatu dutenez. Bereziki, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan izan den tenperatura nabarmendu du lehenak: serie historikoetako beroena izan da joan berri den urtea. Nafarroan, erregistroetan ageri den urterik beroena izateaz gain, lehorrena ere izan da, Aemeten arabera.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan orain arteko beroena izan den arrren, Onintze Salazar Euskalmeteko metereologoak azpimarratu du prezipitazioei dagokienez ezberdintasunak egon direla lekuaren arabera: «Lehorrena izan da Arabako Lautadan, baina nahiko urte normala izan da kostaldetik gertu, bereziki Gipuzkoa ipar-ekialdean. Hor, batez beste bota duena balio normalen barruan sartzen da. Hala ere, orokorrean, hiru probintziak kontuan hartuta, oso lehorra izan da».

Hain zuzen, tenperaturari dagokionez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izan ohi diren batezbestekoak baino 1,8 gradu beroagoa izan da 2022koa: 16-17 gradu inguruko tenperatura izan da itsasertzean; 14-15 gradu ingurukoak Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdeko haranetan; Arabako Lautadan, ohi bezala, freskoagoak izan dira batezbestekoak: 13 graduren bueltan ibili dira; eta Nafarroan are gehiago igo dira: normalean baino 1,9 gradu beroagoak izan dira 2022an, azarora arte.

Salazarrek adierazi du markak ez dituztela «maximoek bakarrik» hautsi, baita tenperaturarik freskoenek ere, «beroak» izan direlako: «Gau askotan izan ditugu tenperatura minimo oso beroak». Euskalmetek azaldu du 1981 eta 2010 bitarteko tenperaturak baino «nabarmen beroagoak» direla.

Hilabeteen araberako bilakaeraren datuak ere eman ditu Euskalmetek: maiatzean hasi ziren bero handieneko hilabeteak, baina udazkenean jo zuten goia. Urrian, zehazki, hilabete horretan batez beste egin ohi duen tenperatura baino lau gradu gehiago izan ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta 4,5 gradu gehiago Nafarroan. Bi datu horiek inoiz erregistratu diren handienak dira.

Prezipitazioei dagokienez ere, markak hautsi dira 2022an: Arabako Lautadan eta Nafarroan inoizko kantitate txikienak neurtu dira. Esaterako, Araba hegoaldean, Moredan, metro koadroko 215 litro hartu zituzten. Prezipitazio gehien, berriz, Gipuzkoako ipar ekialdean erregistratu zen. Eskas gainean —Artikutzara bidean—, esaterako, metro koadroko 2.237 litro. Nafarroan, orain arte, 1995. urtean izana zuten lehorterik handiena, baina marka hori ere hautsi dute aurtengo lehorteek.

Albo kalteak

Klima larrialdiarekin lotu ditu Salazarrek azken urteetako joera horiek. Izan ere, azaldu du erregistratu diren hamar urterik beroenetatik zortzi 2000. urtetik hona izan direla: «Beraz, azkenengo urteak izan dira urterik beroenak. Eta hori bat dator klima aldaketarekin eta horrek dakarren tenperatura beroak izateko joerarekin».

Klima larrialdiak eguraldian eragindako joera horrek zenbait ondorio ekarri ditu. Besteak beste, muturreko baldintza meteorologikoak ugaritu egin dira. Euskalmetek adierazi du Eusko Jaurlaritzak guztira 235 abisu hori, 28 alerta laranja eta bost alarma gorri aktibatu dituela.

Metereologia agentziak nabarmendu du, gainera, bero handiari lotutako alarma gorri guztiak eta abisu gehienak ere baso suteen ondorio izan direla. Salazar: «Baso suteak pizteko arriskua izan dugu askotan, eta uste da klima aldaketarekin maizago gertatuko direla. Aurten, gehienak udazkenean izan dira, urrian bereziki».

Bestalde, prezipitazioen apaltzeari dagokionez, urtegien maila ere nabarmen jaitsi da, eta Aemetek adierazi du «ziurgabetasun handia» dagoela Nafarroako urtegien egoeraren inguruan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere urtegiak ohi baino hutsago daude, baina Salazarrek adierazi du azaroan eta abenduan egindako euria dela-eta ez dagoela asko kezkatu beharrik: «Itxaron egin beharko dugu, datozen hilabeteak nola doazen ikusteko».

Horrez gain, beste fenomeno bat ere ekarri du eguraldiak: eguzki orduak normalean baino % 10-20 gehiago izan dira, bereziki neguan —% 35 gehiago izan dira—. Salazarrek azaldu duenez, «fronte gutxiago» iritsi direlako gertatu da hori, eta, beraz, zerua garbiago egon delako: «Eguraldiaren patroia ere aldatzen ari da, eta, aurten behintzat, Atlantikotik fronte eta borraska gutxiago etorri dira».

Aurreikuspenak

Aurreikuspenei dagokienez, Aemetek azaldu du Nafarroan martxora bitarteko hilabeteak «beroak edo oso beroak» izateko probabilitatea «oso handia» dela, baina prezipitazioei dagokienez ez dagoela «joera argirik», oso aldakorrak direlako.

Salazarrek ez du luzerako iragarpenik egin nahi izan, modu horretako aurreikuspenak ez direlako «oso fidagarriak» izaten. Hala ere, nabarmendu du pentsatzekoa dela lurraren berotzearen ondorioz tenperaturak beroagoak izango direla, baina azpimarratu du balitekeela hori ez gertatzea modu iraunkor eta jarraituan: «Ez du esan nahi hemendik aurrera urte guztiak beroak izango direnik, edo hilabete guztiak beroak izango direnik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.