Migrazioarekiko tolerantzia inoizko handiena dela dio Ikuspegik

Ikuspegik barometroa aurkeztu du, eta jaso dute biztanleen %65entzat migrazioa ez dela arazoa

Migratzaileen, errefuxiatuen eta paperik gabeen aldeko manifestazioa, urrian, Baionan. BOB EDME.
Maider Galardi
2020ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
«Esanguratsuak» dira Ikuspegik aurten aurkeztutako barometroaren datuak, Julia Shershneva zuzendariaren esanetan. «Arraroak», pandemiaren aldagaia presente egon delako ikerketan, eta «inoizko onenak», Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek orain arte migrazioarekiko erakutsitako onarpenik handiena jaso dutelako. Zehazki, herritarren %65ek diote migrazioa ez dela arazo bat, eta hamarretik batentzako da problema. Bilbon egindako prentsaurreko batean aurkeztu zituzten atzo datuok Patxi Juaristi EHUko errektoreordeak, Shershneva Ikuspegiko zuzendariak eta Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak. Ikuspegik urtero egiten du galdetegia, baina aurten pandemiaren aldagaia txertatu diote ikerketari.

Artolazabalek nabarmendu du beste krisi batzuetan behera egiten duela migrazioaren onarpenak, baina oraingoan gora egin duela: «Normalean krisirik ez dagoenean igotzen da tolerantzia. Oraingoan, ordea, pandemiak bestelako krisi batzuk eragin ditu: emozionala, soziala, ekonomikoa... Eta, halere, inoizko indize onenak jaso ditugu». Haren ustez, euskal gizarteak «ulertu» du «solidario» izateko unea dela, eta ezinbestekoa dela elkarbizitza. Horren adierazle da Ikuspegik txostena egiten duenetik—2007tik— inoizko onarpen mailarik handiena jasotzea.

Koronabirusak eragina izan du bestelako aldagai batzuetan ere. Esate baterako, osasun zerbitzuen erabilerak irekia behar luke herritar guztientzat —bertako ala atzerriko izan—, galdetegian parte hartu dutenen %92ren ustez. Apalagoa da diru laguntzen gaineko iritzia. %65ek uste dute COVID-19ak eragindako kalteak arintzeko babes ekonomiko berak edukitzeko aukera izan behar dutela migranteek, baina %16ren ustez bertakoek eduki beharko lukete lehentasuna. Bi norabideetan egin du Shershnevak emaitzen interpretazioa: «Batetik, herritarren %74k nahi dute bertakoek eta atzerritarrek eskubide eta betebehar berdinak izatea; baina oraindik ere galderak erantzun dituztenen laurdenek uste dute lehentasuna bertakoek izan behar dutela».

Hain justu, estereotipoetan igartzen da diru laguntzen gaineko uste hori: herritarren %39 ados daude migranteak baliabide ekonomikoez aprobetxatzen direla dioen zurrumurruarekin. Askotan usteak ez baitatoz bat errealitatearekin. Shershnevak egin du oharra: «Urtero daude datu esanguratsuak atal horretan. Migrazioarekiko pertzepzioa errealitatean dagoenaren bikoitza da». Aurten, zehazki, inkestan parte hartu dutenek uste dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen %20 direla atzerritarrak jatorriz, baina, errealitatean, %10,9 dira. Jatorriari dagokionez ere, okerra da herritarren begirada: usteen arabera, migratzaile gehienak magrebtarrak dira (%36), baina egiaz Latinoamerikako jatorria dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako migratzaileen %72k; beraz, ustea ez da zuzena.

Ekonomiarako onuragarri

Iaz ere ekonomiaren gaineko interpretazioa izan zen daturik esanguratsuenetako bat, eta aurten berretsi egin da joera: «Euskal gizarteak jarraitzen du pentsatzen migrazioa ezinbestekoa dela ekonomiarentzat», adierazi du Shershnevak. Egin du ñabardura, ordea: «Jokabide utilitarista da: euskal herritarrek uste dute ezinbestekoa dela migrazioa, euskal gizarteak egin nahi ez dituen lanak betetzeko, edo beharrezkoak direlako euskal ekonomiari eusteko». Gainera, galderak erantzun dituztenek ez dute uste migranteek soldata jaisten dutenik, ezta langabezia igotzen dutenik ere —%22k pentsatzen dute, aldiz, baietz—.

Hortaz, Artolazabalek azpimarratu du euskal gizarteak migrazioari buruz duen iritzia positiboa dela. Hala diote datuek: 0tik 10erako eskalan, 5,89koa da migrazioaren onarpena. Halaber, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen arabera, jatorri diferenteetako pertsonen elkarbizitzarako ezinbestekoa da aldebiko ardura egotea —%86 daude ados horrekin—; baina inkestako parte hartzaileen hiru laurdenek uste dute migranteek esfortzu handiagoa egin beharko luketela bertako ohitura eta legeetara egokitzeko. Are gehiago: %56ren arabera, beren erlijioa alboratu beharko lukete bertako legedira egokitzeko.

Genero aldagaia

Pandemiaren inguruko galderez gain, aurten beste aldagai bat txertatu diote txostenari: aurrenekoz gurutzatu dute genero ikuspegia beste emaitzekin, eta emaitza deigarria da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako andreek, oro har, jarrera kontserbadoreagoa erakutsi dute migrazioarekiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.